Pintoreak

Lozano Bartolozzi, Rafael

Margolaria Iruñean jaio zen 1943an, eta Tarragonan hil zen 2009ko martxoaren 22an.

Artisten munduan Rafael Bartolozzi izenez zen ezaguna. Francis Bartolozzi eta Pedro Lozano de Sotes margolarien semea eta Madrilgo Salvador Bartolozzi margolariaren hiloba zen. San Jorge Arte Ederren Goi Mailako Eskolan eta Sant Cugat del Valles Horma Pintura Eskolan egin zituen ikasketak.

1972. urtetik Tarragonako Vespella de Gaia herrian bizi izan zen, eta bertako alkatea izan zen 12 urtez (1991-2003).

1962an hasi zen erakusketekin, eta lehengo obra berrogeita hamar bat aretotan aurkeztu zuen, Katalunian eta Nafarroan, batik bat. Bakarkako erakusketak egin zituen Iruñean (1963), Bartzelonan (1967) eta Skövde-n, Suedian (1966). Bere obra ikusgai egon da ere talde-erakusketa hauetan: Arte 64 eta Arte 65, Bartzelonan; Pinacoteca 65, Sitgesen; "V Certamen Internacional de Teatro Universitario", Bartzelonan; Nuevas Expresiones 1966, Gaspar Aretoan, Bartzelonan; Homenatge a Picasso, 1967, Bartzelonan; Estampa Popular de Barcelona 1967, eta "Arte Español Contemporáneo. 10 Artistas de la Escuela Catalana", Ottawan.

Eraikin esanguratsu batzuk margotu zituen: 1970eko Tipel de Parets del Valles fabrika, Arranz Bravo pintorearekin, edo Magafull, Camilo Jose Celaren Palmako etxea. 1980ean Espainiaren talde ordezkaria izan zen Veneziako Bienalean.

Bere arte-lanetan aniztasun handiagatik eta landutako euskarriengatik berezitu zen. Hala ere, guztien gainetik pintura eta hiriguneen interbentzioa dei genezakeen lanak nabarmentzen dira. Eremu horretan, bere obra garrantzitsuenetako bat Iruñeako Bakearen Plaza izan zen, Txistuen plaza bezala ezaguna dena; 1989ko instalazio konplexu hori iruindarrek ez zuten begi onez hartu, bere abangoardismoagatik. Hori horrela, azken urteetan parte batean desmuntatu dute, eta arte-bilduma osotik bi eskultura bakarrik geratu dira.

1990ean, Nafarroako Museoak erakusketa monografiko bat eskaini zion, eta, 1992an, Bartolozzik Gran Premio de la Bienal Internacional del Deporte saria lortu zuen, Bartzelonako Arte Ederren eskutik. Bere obra hainbat arte-bildumetan ikus daiteke: Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan, Sevillako Arte Garaikidearen Museoan, Las Palmaseko Arte Garaikidearen Museoan, edo Nafarroako Museoan, besteak beste.

Bere artea surrealismoarekin lotu da betidanik, eta Dali edo Miro bezalako sortzaileen eraginak jaso ditu; halaber, bere lehenengo urteetan Dau al Set sortzaileen taldearekin bat egin zuen. Gizakia eta haren sentimenduak interesatzen zaizkio eta, horregatik, gizakia etengabe azaltzen da bere pintura nahiz eskultura lanetan. Figura agresiboak eta kezkagarriak dira, beti, artistak mutilatzen dituenak, oldarkortasuna erakusteko ahaleginean, gaur egungo gizartearen egoera aditzera emateko amoz.

Bere arreba, Maria del Mar Bartolozzi, historialaria zen, eta Duguna katagoloan, Nafarroako margolariaren azkeneko bakarkako erakusketan, honela idatzi zuen:

"Ezinezko errealitateak, zatika hornitutako eremu fisikoak, objektu arraroak eta figura bitxi animatuak amets sortzailean barneratzen gaitu, izaki berriak sortzeko eta bizigabea organikoa eta biziduna bilakatzeko nahiarekin margotzen duen artistaren sormen-gaitasunean. Bere obrak intuiziozko jokoa dira, ia-ren antolamendua, ordenaren eta nahasmenduaren arteko joko originala. Rafael Bartolozzi surrealista da, etengabe aritzen baita estetikaren sistema kontzeptuala itxuraldatzen"

(Itzulpen moldatua gazteleratik).