Literatoak

Lopez de Guereñu Galarraga, Gerardo

Arabari buruz ikertzen duen ororentzat nahitaezko erreferentzia bibliografikoak. Lopez de Guereñuren bibliografiari egindako errepasoa haren bizitza eta obra goraipatzeko modurik onena da; Arabarekin eta haren ingurune natural, historiko, etnografiko, artistiko eta abarrekin lotutako lanez beteta dago Guereñuren obra. Lehen lan garrantzitsua eta denetan esanguratsuena, agian, Álava. Solar de Arte y de Fe (1962) izan zen. Katalogo moduan Arabako tenplu guztien errepasoa egiten du bertan, garai hartan zutik zeudenen argazkiekin batera. Argazki-artxibo guztia, Arabako elizen 2.000 argazki baino gehiago barne, sugarren mende erori ziren arren, bere bizitzako hurrengo hamar urteak lan hura berreskuratzen eman zituen; horrek asko adierazten du haren konstantziaz eta lanerako gogoaz. 1967an, Devoción popular en España a la Virgen Blanca y a Nuestra Señora de las Nieves lana etorri zen. 1970ean Calendario alavés. Vida, usos, costumbres y tradiciones argitaratu zuen, XVI eta XIX. mendeen arteko Arabako gizartearen bizimodua xehetasunean azaltzen duen maisulana. Botánica Popular Alavesa (1975) lanean Araban egindako aldian behingo ibilaldietan bildutako mota guztietako landareen (1.300 inguru) errepasoa egiten du; izan ere, landare-bilduma mardula zuen herbarioan eta botanikari buruzko liburuak eta eskuizkribuak zituen, Federico Puente Amestoy farmazialariak gai zientifikoan emandako aholkularitzarekin, bai floraren gaian, bai faunaren gaian. Mendi-zaletasunari dagokionez -oso ondo ezagutzen zituen euskal mendiak, Pirinioak barne, izan ere, bi bider egin zituen gutxienez Arabako tontor guztiak-, egindako ibilbideen eta gailurren planoak egiten ahalegintzen zen. Gorbeiako erliebe-mapa egitera iritsi zen eta lan hauek argitaratu zituen: Visión gráfica de las cumbres de Zuriza (Pirineos) (1977), Visión gráfica de la Sierra de Cantabria (1979), Concurso de recorrido de cien montañas vascas. Reglamento y catálogo de montes puntuables. Actualizada relación y plano de Álava (1980) eta Sierra de Arrato (19-?). Metodologia etnografikoaren erabilerak Gerardorekin topatuko du adierazpen gorena, Jose Miguel de Barandiaranen galdeketa etnografikoa Apellanizen aplikatuta. Pasado y presente de un pueblo alavés (1981), Ohitura. Estudios de Etnografía Alavesa aldizkariko 0. alea izan zen. Honela adierazi zuen Barandiaranek:

"Orrialde horiek herri kulturaren irudi edo deskribapen objektiboa eskaintzen digute, beste batzuek imitatu behar luketen lan bikaina..."

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Lan horri Andra Mari en Álava (1982) lanak jarraitu zion berehala. Lan horretan, probintziako Erdi Aroko andre Mariari buruzko irudi adierazgarrienak errepasatuta, alderdirik barru-barrukoena eta erlijiosoena azaltzen du, andre Maria birjinagatiko debozioak kutsatuta. 1988an, Refranero alavés argitaratu zuen, Araban eta lurralde mugakideetan ere erabilitako milaka atsotitz eta esaera zahar biltzen dituena.