Antropologoak

Lizarralde Elberdin, Koldo

Pasai San Pedron jaio zen 1950ean, eta lan kontuengatik Elgoibarrera lekualdatu zen 1981ean. Historialaria eta Etniker-Gipuzkoari loturiko etnografoa, 1988tik Baskoniako Atlas Etnografikorako landa lana egin du Elgoibarren.

Eusko Ikaskuntzako kidea 1989tik. Erroten Kontserbazio eta Ikerketa Elkarteko (ACEM) kidea da 1998an fundatu zenetik.

Elgoibarko gai historikoen (gertakari historikoak eta pertsonaia ospetsuak) eta etnografikoen (elikadura, haur jokoak, igarotze errituak, herri medikuntza, janzkera, abeltzaintza eta artzaintza, etxea, nekazaritza, ermitak, musika eta dantza, pilota eta abar) artikulu ugariren egilea. Hauek, Baskoniako Atlas Etnografikoan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Buletinean, Eusko Ikaskuntzako Sailetako Koadernoetan, Elgoibarko jaietako aldizkarian eta abar kaleratu izan dira.

Bakarka, Elgoibarko Udalak lagunduta, honako liburuak publikatu ditu: El Convento de San Francisco de Elgoibar (1990); Apuntes Etnográficos I (1994); El Hospital de San Lázaro y la Ermita de la Magdalena (1995); Elgoibar, los trabajos y los siglos (1995); Fiestas Populares en Elgoibar (1996); Apuntes Etnográficos II, ritos de pasaje (1997); Elgoibar y sus molinos (2001); El viejo frontón de Kalengoien 1751-2003 Apuntes de la Historia de la pelota en Elgoibar (2003); Uraren indarra (2006). Antxon Aguirrerekin batera hainbat ikerketa lanetan aritu da, 1993ko Jose Miguel de Barandiaran Bekaren emaitza moduan, bien artean eginiko Las ermitas de Guipuzkoa (2000) obra eta Antxon Aguirrereen Tratado de Molinología lanean eginiko kolaborazioak nabarmenduz.

Bere ikerketen emaitzari esker, Espainian buruturiko errotei buruzko hainbat jardunaldi eta kongresutan esku hartu du, eta Beasainen 2000. urtean antolatutako "Errotak eta energia berriztagarriak" jardunaldien Antolakuntza Batzordeko kidea izan zen. Horrez gainera, Carmelo Urdangarin eta José Mari Izagarekin batera, dagoeneko 10 liburuki dituen lanbide tradizionalen gaineko ikerketan hartu du parte.

  • ERKOREKA, Anton. Antropologoak, Etnologoak eta Etnografoak gaur, Donostia, Antropologiaren Euskal Bilduma, Barandiaran Joxemiel, Kriselu ed. 1988.