Jaialdiak-Ekimenak

Literatur sariak Euskal Herrian

Lehenengo Mundu Gerrak zenbait ekimen bertan behera uztea ekarri bazuen ere (1914ko Hondarribiko Euskal Jaiak, kasurako), ezagun da XX. mendeko lehenengo hamarkadetan euskal literaturak eta kulturak, oro har, gorakada nabarmena izan zuela: kultur elkarteak, erakundeak (Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Euskalerriaren alde, etab.) eta azken horien argitalpenak sortu eta sendotu egin ziren. Bada, gorakada horrek 20ko hamarkadaren hasieran eta 30ekoan jo zuen goia, eta ordukoak dira, hain zuzen ere, Espainiako Gerra Zibilaren aurreko literatur sariketa garrantzitsuenak.

1920ko hamarkadan, erakunde publikoek antolatutako sariketekin batera, aipatzekoak dira elkarte batzuek antolatutakoak ere. Euskal Esnalea elkarteak, esaterako, hamarkada osoan zehar hainbat literatur lehiaketa antolatu zituen: 1921ean artikulu-lehiaketa antolatu eta Kolestin Onaindiak irabazi zuen; 1922an Juan I. Garmendiak irabazi zuen bigarren artikulu-lehiaketa, 1925ean Juan Garbizuk poesia-saria, 1926 eta 1927an Jautarkolek eskuratu zuen azken sari hori, etab. Donostiako Deklamazio Eskolak ere antzerki-sariak banatu zituen urte horietan.

1927an, Euskaltzaleak kultur elkartea sortu zen José Ariztimuño "Aitzol"-en zuzendaritzapean, eta talde horrek Euskal Astea antolatu zuen Donostian, José Antonio Begiristain alkateak bultzatuta eta Toribio Altzaga bezalako idazleen laguntzaz. Mende hasierako Euskal Jaien antzekoa izan zen, literatura ez ezik, herri-kirolak, dantza eta hainbat folklore-elementu bildu baitzituen. Handik hiru urtera, berriz, aipatutako Euskaltzaleak erakundeak Olerti Egunak antolatu zituen.

Izenak berak adierazten du literatura izan zela Olerti Egunetako ardatza, baina literatur sariak banatzeaz gain, bestelako jarduerak ere bazeuden: meza, hitzaldiak politikaz eta kulturaz, bertsolariak, antzerki-lanak, dantzaldiak, kantuak, herri-bazkariak, etab. 1930eko ekainean antolatu ziren lehenengoz Koldo Jauregi "Jautarkol"-en omenez, eta Estepan Urkiaga "Lauaxeta" bizkaitarrak irabazi zuen lehenengo saria "Maitale kuttuna" testuarekin (Bide-barrijak liburuan kaleratu zuen handik urtebetera). 1931n Tolosan antolatu ziren herriko seme Emeterio Arreseren omenez (bertan egon zen), eta Azkuek emandako mezaren eta Bonifacio Echegarayk Arreseren poesiari buruzko hitzaldiaren ostean, J. Maria Agirre "Lizardi"-ren "Baso-itzal" lana saritu zuten. 1932koak Iturriaga fabula-idazlearen omenez egin ziren Hernanin, eta Joaquín de Bedoña "Loramendi"-ren "Barruntza leioan" lanak lortu zuen lehenengo saria eta Domingo Jakakortajarenaren "Len-euzkotarrak" idatziak bigarrena. Handik urtebetera, Urretxun antolatu zen Iparragirreren omenez. José Eizagirrek eman zuen urretxuarrari buruzko hitzaldia, Francisco Echeberriaren "Bost lore" olerkia saritu zuten eta bi accesit eman ziren: bat Alfonso Urkidiri eta bestea Rafael Kerexetari. 1934an Lizardi hil berriaren omenez Zarautzen egin zen, Aitzolek eta Telesforo Monzonek hitzaldi bana eman eta hainbat sari eman ziren: Jokin Zaitegiren "Tori nire edontzia" testuari ohorezko saria eman zioten, kasurako. Poesia onenaren saria, aldiz, Fabian Loidiren "Orio?ko umezurtza" testuarentzat izan zen. Hiru accesit banatu zituzten (Andrés Ezenarro, Eulogio Gorrochategui eta Ondarroako Euskeltzale Bazkunari) eta Gabonetako olerki-sorta onenari zegokion saria Gasteizko Kardaberatz Akademiari eman zioten. Sari-banaketaren ostean, herri-bazkaria egin eta Lizardiren sortetxean haren omenezko lauza jarri zuten.

1935ean, Loramendiren omenez egin zen Olerti Eguna Aretxabaletan. Eguna hasteko Arrasaten Lekuona anaien Eun dukat antzerki-lana antzeztu zen, eta herriko koruak kantaldia eman zuen. Jautarkolen "Maite opari" olerkiak irabazi zuen ohorezko saria, eta Nikolas Ormaetxea "Orixe"-ri euskal poema onenari zegokion saria eman zioten "Arraunketa" lanari esker. 1936an ospatu zen azken Olerti Eguna, Lekeition, Azkue aita-semeen omenez. Lauaxetaren "Gora-buru" lana antzeztu zuten, eta zenbait hitzaldi ere eman ziren. Ohorezko saria Iñaki Otamendiren "Giza-adiñak" lanak irabazi zuen eta ohorezko aipamena Angel Sukiak eskuratu zuen "Euzko apaizgaiarena" lanarekin. Euskal olerki onenari saria, aldiz, Manuel Lekuonaren "Yesus aurraren bizitza" lanak irabazi zuen. Aipatzekoa da, azkenik, Olerti Egun guztietan herri-poesiako biltzaile nagusiei ere sariak eman zitzaizkiela.

Olerti Egunekin batera, 1930eko hamarkadan Antzerti Eguna ere hirutan ospatu zen Donostian. Aurretik aurkeztu eta epaitutako lanen artean sariak ematen ziren egun horretan, baita jendaurrean antzezten ere, zenbait hitzaldiren ostean. 1934an egin zen lehenengoa, eta 3 bakarrizketa eta 8 komedia aurkeztu ziren. Koadro dramatikoen sariketa ere egin zen, eta orotara aurkeztutako hamalau lanetatik Donostiako "Eusko-Etxea" taldeak irabazi zuen saria, Toribio Altzagak Pierre Loti-ren Ramutcho lanaren moldapenaren antzezpenagatik. Maiatzaren 6an banatu ziren sariak, eta koadro irabazleak Kursaaleko "Poxpoliñas" antzeztokian antzeztu ziren.

1935ean egin zen II. Antzerti Eguna, eta guztira hamalau bakarrizketa aurkeztu ziren, koadro dramatikoez gain. Honako hauek izan ziren irabazleak: Tene Mujika, Antonio Arocena eta Andrés de Amonarriz. Urte horretako apirilean koadro dramatikoen lehiaketa egin zen, eta Oiartzungo "Mendiburu" taldeak irabazi zuen, Lekuona anaien Eun Dukat lana antzezturik. Arratsaldean Tene Mujikaren Gogo-oñazeak antzeztu zen Kursaalean.

1936an egin zen azken Antzerti Eguna, eta hamasei bakarrizketa eta elkarrizketa aurkeztu ziren. Irabazleak honakoak izan ziren: Jacinto Karraskedo, Felix Markiegi eta Antonio Arocena. Sariak 1936ko maiatzean banatu ziren Donostian, eta arratsaldean Donostiako "Euzko Etxea" taldeak Karraskedoren Garo usaia antzezlana taularatu zuen Victoria Eugenia antzokian.

1936ko Espainiako Gerra Zibilak eten nabarmena eragin zuen euskal kulturaren eremu guztietan, eta horren ondorio da 1940ko hamarkadaren amaierara arte euskal lanen sariketarik ez egotea; izan ere, euskaraz ere ez zen lanik argitaratu ordura arte Euskal Herrian.