Jaialdiak-Ekimenak

Literatur sariak Euskal Herrian

Euskal Herrian XIX. mendearen erdialdean sortu ziren lehenengo literatur sariketak. Izan ere, 1853an antolatu zituen Antoine d'Abbadiek lehenbiziko Lore Jokoak. Berez, erromantizismoaren eraginpean urtean behin antolatutako jaiegunak izan ziren Lore Jokoak, non literatura ez ezik, euskaldunei eta euskal ohiturei lotutako beste hainbat elementu eta jarduera biltzen baitziren, hala nola: musika, bertsolaritza, Euskal Herriko herri-kirolak, dantzaldiak, irrintzi-lehiaketak, herri-bazkaria, etab. Esan bezala, literaturak leku nabarmena zeukan jaiegun horietan: hautatutako lanen egileei saria emateaz gain, testuak ahots goran ere irakurri ohi ziren.

Lehenengo hamar urteetan Urruñan (Lapurdi) egin ziren, eta hurrengo hamabietan (1864-1876) Saran. Handik aurrera, berriz, urte bakoitzean herri batean egitea ebatzi zen, ekimena beste lurralde batzuetara zabalduz: 1877an Donapaleun egin ziren, 1878an Saran berriro ere eta 1879an Elizondon. Hain zuzen ere, horiek izan ziren Hego Euskal Herrian lehenengoz egindako Lore Jokoak. Esan bezala, ordutik aurrera zazpi euskal lurraldeetan antolatu zituzten: 1881ean Irunen, 1883an Markinan, 1886an Urnietan, 1897an Areatzan, 1899an Aramaion, 1901ean Bilbon, 1906an Mungian, 1908an Eibarren, etab. Zenbait urtetan bi herritan ospatu ziren, hala nola, 1890ean (Uztaritz eta Azpeitian), 1895ean (Bera eta Elizondon) edo 1896an (Kanbo eta Maulen), esaterako.

Lore Jokoetako literatur sariketetako gaiak (batzuetan antolatzaileek aldez aurretik emanda eta beste batzuetan gaia aske utzita) tradizioari eta garaiko Euskal Herriko egoera sozio-politikoari hertsiki loturik zeuden: etxea, euskara, emigrazioa, landa-giroko bizimodua eta antzekoak jorratu zituzten. Lehenengo urteetako gaiak dira, esaterako, honakoak: "Montevideora dihoan euskal gaztearen bihotz-minak", "Ohore laborantzari", "Emazte edalea" eta "Herriko besta". 1879ko Lore Jokoetan, berriz, mugarri berria jarri zuen Felipe Arrese Beitia olerkari irabazleak: foruen galerak euskaldunengan eragindako estutasuna eta larritasuna oinarritzat harturik, "Ama euskeriari azken agurrak" idatzi zuen, hots, ama euskara hiltzear dagoela euskaldun batek hari zuzendutako olerkia, garaiko euskal idazle foruzaleen ohiko elementu gehienak biltzen dituen testua.

Lore Jokoetako literatur sariketak idazle eta literatur zaleentzat abiapuntu eta oinarri garrantzitsua izan ziren, eta orduko euskal idazle nabarmenenetariko batzuek baten baino gehiagotan hartu zuten parte. 1853ko lehenengo saria B. Celhabek irabazi zuen "Montevideorat noha zenbat urterentzat" testuarekin, hurrengo urtean Dussaut-ek "Laboraria" lanarekin eta handik urtebetera Jean Baptiste Elizanburu ezagunak "Emazte edalea" izkribuarekin. 1858, 1860 eta 1862an ere sari hori eskuratu zuen saratarrak. Gratien Adéma "Zaldubi"-k ere parte hartu zuen sariketetan, eta 1873an Saran lehenengo saria eskuratu zuen.

Abaddiek sortu, bultzatu eta diruz hornitutako Lore Jokoen bidetik, XIX. mendeko azken urteetan eta XX.eko lehenengo bi hamarkadetan Hego Euskal Herriko zenbait udaletxek, Aldundik eta kultur elkartek Euskal Jaiak (Lore Jokoei ere maiz deitu izan zaie horrela) eta beste sariketa batzuk antolatu zituzten. 1896an, esaterako, Gipuzkoako Aldundiak hartu zuen jaialdi horiek antolatzeko ardura (Arrasaten egin ziren urte hartan), eta 1913ra arte eutsi zion antolaketari. Egun bat baino gehiagokoak ziren jai horiek, baina edukiari dagokionez, hasierako Lore Jokoen antzekoak ziren; hots, euskal tradizioei hertsiki loturik zeuden, eta literatur sariketak zeuden egitarauan. Sasoi hartako literatur sarietako irabazle izan ziren honako hauek: Luis Izagirre, Elizanburu, Arrese Beitia, Victoriano Iraola, Arturo Campion, Claudio de Otaegui, Carmelo Echegaray, José Ignacio Arana, José Artola, Francisco López Alen, Txomin Agirre, Pedro Mari Otaño, Jean Barbier, Ramón Inzagaray, Paulo Zamarripa edo Gregorio Múgica.

Aurreko lehiaketekin batera, aipagarriak dira jada hildako idazleen omenez (Calderón de la Barca, Sebastian Mendiburu, Navarro Villoslada, Iparragirre, etab.) antolatutako sariketak. Aipatzekoa da, halaber, garai hartako euskal aldizkarien lana: alde batetik, ohiko bihurtu zen Lore Joko edota Euskal Jaietan saritutako lanak Eskualduna, Euskal-Erria, Euskal Esnalea edo Euskalerriaren alde aldizkarietan argitaratzea. Bestalde, aldizkariren batek ere bere sariak antolatu zituen. Azkuek sortu eta zuzendutako Euskalzale aldizkariak, adibidez, literatur lehiaketa antolatu zuen 1897an, eta Txomin Agirre (Auñemendiko lorea eleberriarekin) eta Biktoriano Iraola (komedia-lan batekin) izan ziren irabazleak.