Kontzeptua

Limosna Euskal Mitologian

Definiziorik sinpleena izango litzateke, eskean datorrenari ematen zaiona. Halere. euskaraz, limosna ez da bakarrik eskeko behartsuari ematen zaiona; neguko eske-festetan datorrenari ematen zaion diru edo jatekoari ere berdin esaten zaio limosna. Hitz berarekin loturikoa izan liteke halaber, txerria hiltzen denean auzoko etxeetara banatzen diren txerrien puskei irizteko erabili ohi den txerri-muni izena (frantsesezko aumone-tik (limosna) ekarria), eta orduan limosnak ez luke adieraziko eskean datorrenari emandakoa bakarrik, baizik eta dohaina edo oparia, zentzurik zabalenean.

Dohaintzan hiru aspektu ezberdin bereiz ditzakegu: karitatea, ordaina eta ekarpena. Limosna hitza kristautasunaren hiztegitik maileguz harturikoa da eta bere jatorrizko esanahia karitateari lotzen zaio. Karitateak esan nahi du, duen batek ez duen beste bati ematen diola zerbait, trukean ezer eskatu edo espero izan gabe. Karitatea egoteko, desberdintasuna egon behar da aurrena, berdinak direnen artean ez baitago karitatearentzako lekurik. Hein honetan, karitatearen inguruko ideologia kristautasunaren bidez zabaldutakotzat jo dezakegu, euskal antropologian auzoan bizi direnak oro berdinak baitira definizioz.

Indoeuropar mitologiak zikoizkeria eta eskuzabaltasunaren inguruko mintzabide landua du: errege eta nobleek eskuzabal ageri ohi dira, militarrek aberastasunekiko mespretxua erakutsi ohi dute eta herriko jendea berriz zikoitz eta xuhurra izan ohi da. Mintzabide honek ez du aipatzen noski aurreneko biek azkenekoen ekoizpenari zati bat kenduz biltzen dutela beren ondarea. Euskal mitologian berriz, karitatearen eta zikoizkeriaren definizioa polit bat badago, balio hauek bikain zehazten dituena eta nabardura adierazkor baten bidez aberastasun mailarekiko lotura eteten duena.

"Bazen lehen Espainian hiri bat deitzen Ahurhutxe (Ahur hutsa, alegia, karitate eskasekoa). Herri hartan, larunbat batez, emakume batek labeka egiten zuen. Etorri zitzaion atera emakume eskale xahar bat limosna eskean, esaten diolarik, otoi, egin diezaion opil ttipini bat labean. Emakumeak jartzen du orre pusketa bat labean eta horrenbesterekin egiten zaio ogi handi bat. Oh!, hura handiegi zela emateko, beste orre pusketa bat jartzen du labean eta hura egiten zaio labetik irteteko moduko ogi bat. Orduan hartzen du behatz puntan orre pusketa ttipini bat, eta hura handitzen zaio hainbeste, non labea oro bete baitzen eta ez baitzuen eskuratu ahal. Orduan emakume eskale xaharrak esan zion: ni naun Amabirjiña, larunbata nire eguna dun; eta hik aldiz pobreari gaur egiteko limosna handiegi aurkitu huelako, hemendik hara ez dun hire herrian sekula gehiago garirik altxatuko. Hori esan eta Amabirjina handik galdu zen. Geroztik emakumeak ogiak labean ipini ondoren esaten dute: Jinko hunak haz ditzala Ahurhutxekoak bezala" (Cerquand, 1875-87).

Cerquand -ek Zuberoan jasotako honek eta Barandiaranek Arabako Kaizedon bildutako beste antzeko batek zera adierazten dute, eskuzabal ala zikoitz izatea ez datzala limosnaren zenbatekoan, gaingiro begiratuta hala balirudike ere. Nork bere limosnari jarri diezazkioke mugak, besteak beste denak ez garelako aberats neurri berean, baina limosna emailea ez da nor eskalearen zorteari eta onurari mugak jartzeko eta eskalearen neurriko ogia zein den erabakitzeko. Nork bere karitateari jarri diezazkioke mugak, ez besteen zorte onari.

Karitateari eta kristautasunari lotzen zaizkion limosnaren adiera hau ez da ordea hitz honen adierarik esanguratsuena euskal kultura tradizionalean. Garrantzitsuago eta euskal kultura jatorraren erakusgarriago dira hitzaren beste bi adierak: ordaina eta ekarpena, alegia.

Euskal tradizioan, dohaintza ordainaren ideiari lotzen zaio gehienetan. Etxe batean txerria hiltzen denean, aza-orrietan bilduta txerriaren hainbat puska eta odolki batez osatutako txerri-muniak banatu ohi dira, auzoko beste etxeetara, txerri-limosnak edo txerri-opariak, alegia. Eta honen ordainetan, beste etxeetan ere txerria hiltzen duten garaian, antzeko opari bana jasoko dugu gurean. Horren esperantzan egiten dira txerri-muniak. Hartutakoa eta emandakoa azkenean elkarren adina izango direlakoan. Etxez etxe auzo-lanean egin ohi diren lanen kasuan bezala: neroni, besteekin batera etxez etxe joango naiz auzoen artoak zuritzen laguntzera, eta gure etxeko txanda iritsita, denak etorriko dira gureak aitaren batean zuritzera.

Ordainaren ideia beti bertan badago ere, dohaintzak sarrien hartzen duen itxura ekarpenarena da. Esate baterako, auzoan norbaitek azeria akabatu duenean, umeak hura makil batetik zintzilik jarri eta etxez etxe ibiliko dira auzokideen limosnak biltzen. Etxe bakoitzak ematen du zerbait eta azkenean kopuru bat biltzen da denen artean. Ekarpenak dira baina aldi berean ehiztariak denei egin dien mesedearen ordainetan ari dira zerbait ematen, etxe guztietako oiloak lasaiago biziko baitira aurrerantzean.

Limosna bilketak etengabeak izan ohi dira auzoan. Izan ere, auzoko indarra den elkartasunaren adierazpidea dira eta behin eta berriro errepikatzen dira elkartasun hori beti sendo eta osasuntsu egon dadin. Limosna-bilketa batzuk egun seinalatuetan egin ohi dira, eta beste batzuk berriz, ehizatutako azeriarena bezala, horrela egokitzen denean.

Egun seinalatuetako limosna-bilketa ezagunenak, neguko eskeak dira, eguberri aurretik hasi eta udaberria bitarte hainbat jai egunetan egin direnak. Itxura formal eta aitzaki desberdinen azpian, eskearen eta ekarpen bilketaren eredua hutsik egin gabe ageri da guztietan. San Nikolas dela, Eguberriak direla, Inauteriak, Santa Ageda edoMaskaradak. Auzoko jendez osaturiko talde batek auzoko etxeetako itzulia egiten du, bertan musika joaz, koplak kantatuz edota antzerki moduko ekitaldiren bat eginez, eta janari-edarizko edo diruzko sari bat jasotzen du jardunaren ordainetan. Jasotako janari eta edariak etxeetako atarietan bertan kontsumi daitezke, edota denak bildu gero afari legea etxeren batean egiteko.

Era honetako eskeko jai-itzuliak ez dira Euskal Herrian bakarrik ospatzen. Aitzitik, Europa osoan zehar oso antzekoak aurki daitezke han eta hemen. Normandiako Eguberri inguruko aguignette eskeak, Britainair Irletako Mummers Plays direlakoak, edota Europa osoan han eta hemen aurki daitezkeen Inauteri eta maskaradak. Guzti hauen esanahiaren argigarri gerta daiteke Britainia Handiko tradizio horietako baten izena: Ploughs Monday, Golde Astelehena, alegia. Mota berekoa den eskeko jai honek nekazarien oporraldiaren amaiera adierazten du, eta eskeko jaietako azkenekoa da. Eskeko jai hauek beraz, nekazarien oporraldia adieraziko lukete. Udan gogor lan egin ondoren, negu antzuan aurretik bildutakoa kontsumituz dibertitzen den nekazari gizartearen oporraldia. Eta elkartasuna bizitzaren ardatz egiten duen gizartea denez, nork berea etxetik irten gabe kontsumitu beharrean, denak elkartu, festa giroa jarri eta etxez etxe abiatzen dira bazterrak alaituz eta etxe bakoitzeko ekarpena bilduz. Honelako funtzio eta antzerkietako pertsonai asko Erdi Aroko eraginez sorturikotzat jo ohi badira ere (deabrua, obispoa, edo mairua bezalakoak esate baterako), agian Erdi Aroko eraginak ez du hain garbi argitzen nolatan Zuberoako maskaradako Pitxuk anaia bikia duen Britainia Handiko Plough Monday-ko Fool (Eroa) deituriko pertsonaian, larruzko zarpa eta piztia isipu berberekin.

Jai giroko ekarpen bilketa hauek ez digute eragotzi behar ekarpenok, elkartasunaren gizartean daukaten garrantzi itzela nabarmentzea. Elkartasuna ez da ideologia kontu hutsa. Sakratua da. Kristautasunarekin batera sakratu terminoa zabaltzen denean, balio gorenaren adierazpide bezala, gizarte dolmenikoak sakratutasuna esleitzen dio elkartasunari. Jentilen akaberaren legendaren aztarnak dituen holandar pasarte batean esplizituki adierazten da hori:

"Auzokideen elkar laguntza betebehar sakratua bilakatu da, eta zintzo bete du hau Venne-ko De Lappe etxeko jaunak" (Hartsuaga, 2004).

Eta horregatik, elkartasuna sakratua delako, hitz hori erabiltzen ez bada ere, limosna bilketa elkartasunaren adierazpidea denean, bera ere sakratu bihurtzen da, eta sakratutasunari dagokion indar mistikoaren jabe da. Entzun diezaiogun bestela Barandiarani:

"Uste denez, askorengandik bildutako limosnez osatzen den zenbatekoak, beste edonola lortua balitz baino indar eta bertute mistiko askoz handiagoak ditu. Adibidez, zenbait lekutan uste da gaixo baten alde meza bat ospa arazterakoan, sendatzea askoz seguruagoa izango dela apaizari emandako dirua auzokideen artean bildua izan bada. Haur bati mintzatzen ikastea berantzen bazaio, auzoan bildutako limosnez erositako ogia, fruta, e.a. jan arazten zaizkio (Ataun eta Saran)" (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Testuinguru kristauan zeharo heretikoa izan arren (indar mistikoaren jabe bakarra apaiza da, kristau Jainkoaren ordezkaria delako) guganaino heldu den uste horrek ezin hobeto adierazten digu elkartasunaren sakratutasuna eta paganismo zaharreko usteen indarraldia, kasik guganaino heltzeko balio izan dion indarraldia.

Auzoko diru-bilketok elkartasuna ez ezik, ekimena ere erakusten digute. Testuinguru kristauaren ondoriozko sinkretismoaz, azkenean diruok meza bat emateko balioko duten kasuetan ere, garbi dago auzoko jendeak direla, eta ez apaiza, diru bilketa egiteko ekimena erakusten dutenak. Zer esanik ez, hizketan berantzen diren umeen kasuan bezala, auzoan bildutako diruaren helburua apaizaren eskumenetik kanpo geratzen denean. Indoeuropar ikuspuntutik begiratu ezkero, kultuaren protagonista bakarra espezialista erlijiosoa da, apaiza. Herriaren ekimena eta protagonismoa ortodoxiaren aurka doaz berez, Eliza gero hori komeni den moduan bideratzen saiatuko bada ere. Herriaren ekimenezko diru-bilketaren indarraren azken adierazgarria, oraindik orain arte egin ohi ziren santu-kutxatilen joan-etorriak ditugu. Eta gainera, berez nekazari girokoa den ohitura hau, Tolosa bezalako hirietan ere zabaldurik zegoen oraindik, joan den mendeko azken laurdenean. Kutxatilok, santu edo Amabirjina bat zuten barrenean. Aurretik eduki zuen bizilagunak eramaten zuen hurrengo etxera. Ateak zabaldu eta kandela bat pizten zitzaion barrungoari, otoitzaren bat egin, eta eltzetxo moduko batean txanponaren bat sartu. Ateak itxi eta hurrengo bizilagunari eramaten zitzaion. Egun bat egin ohi zuen etxe bakoitzean.

Limosna, auzoko elkartasunaren adierazpide nagusienetakoa den heinean, euskal paganismo zaharraren oinarri garrantzitsuenetako bat da, eta rol horren aztarna ugari gorde dira halaber, kontinente osoan bizirik dagoen indoeuropar aitzineko nekazaritza kulturaren lekuko.