Biologoak

Leopold de Folin, Alexandre Guillaume

Ikertzaile, ozeanografo eta malakologo frantziarra (1817-1896) eta Euskal Herriko itsasbazterreko itsas zoologiari buruzko hainbat lanen egilea.

1871n Miarritzeko (Frantzia) "Itsas Museoko" bildumen sortzaileetako bat izan zen. Hala, bertako erakusketa-areto batek, ozeanografiari buruzkoak, bere izena du.

Caecidae molusku-familiaren ikerketan murgildu zen eta Eulimidae familiako itsas barraskiloak ere deskribatu zituen. Gainera, beste itsas barraskilo genero batek, hots, Folinella delakoak, De Folini zor dio bere izena. Cryhpazeca monodonta, Elona quimperiana, Trissexodon constrictus eta Laminifera pauli lur gaineko barraskiloak mendebaldeko Pirinioetako elementu arrarotzat jo zituen, agian, bere lan-hipotesiari jarraiki, Atlantidako biztanleen ondorengoek, hau da, euskaldunek, sartu zituztelarik bertan. Horrenbestez, faunari buruzko bere iritziaren arabera, jasotako datuek Europa eta Iparramerika artean lur gaineko zubi hondoratu bat zegoelako hipotesia indar dezakete. Hortaz, euskaldunen jatorria Atlantikoan koka daitekeela onar daiteke.

1872-1876 bitarteko espedizioan HMS Challerger itsasontzian joan zen. Gaskoniako Golkoan egin zituen ikerketak eta 1880an 'Travailleur' itsasontziaren barnean lan egin zuen. Hiru urte beranduago, 1883an "Talisman" itsasontzian aritu zen lanean eta hainbat bidaia egin zituen Kanarietako, Cabo Verdeko eta Azoreetako uhartetara. Bidaia horietan hauek argitaratu zituen, besteak beste: Sous les mers. Campagnes d'explorations du "Travailleur" et du "Talisman" (Paris, 1887). Berillonekin lankidetzan argitaratu zuen Catalogue de la faune malacologique de la région de l'extreme S. O. de la France, in "Bulletin de la Société des Sciences, Lettres, Arts et d'Études Régionales de Bayonne", 1874-1877 eta Pêches et chasses zoologiques , Paris, 1893?.

  • ALTONAGA SUSTATXA, Kepa. Folin Markesa eta euskaldunen jatorria. Donostia: Eusko Ikaskuntza / Euskaltzaindia, 1998
  • Hedatuz