Militarrak

Latorre Roca, Rafael

Militar espainiarra, 36ko Gerran Euskal Herrian indar nazionalen operazioak zuzendu zituztenetako bat. Tolosa okupatu zuten bi zutabeetako bat zuzendu zuen. Iruretagoyena koronelak sektore hartako indarren aginte bateratua hartu ondoren, Gipuzkoako kostaldeko lerrotik aurrera egin zuen zutabe partzial batena eman zitzaion, frontea finkatu arte Mendizorrotz, Aia, Zarautz, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa eta Berriatua okupatuz. Abenduko berrantolaketaren ondoren, "Nafarroako" deituen III. Brigadako agintea eman zitzaion, koronel gradua zuena, Arrasate eta Arlaban arteko linea hartuz.

Brigada honen buru, Bizkaiko erasoan parte hartu zuen, probintzia honen eta Arabakoaren arteko mugan. Erasoaren hasieran Asensiomendi, Uncella, Olaeta eta Ollargain, Arangio eta Anbotteko gainak hartu zituen, eta Bilbo okupatu eta euskal armadaren defentsa lerroa erori ondoren, Lezama, Amurrio, Arespalditza, Menagaray eta Llanteno herriak. Gerrako merituengatik jeneral izendatu zuten.