Pintoreak

Larroque Echevarria, Ángel

Bizkaitar margolaria. Bilbon jaio zen, 1874ko irailaren 6an, eta jaioterrian hil, 1961eko urtarrilaren 22an.

Margolarien semea eta iloba izanik, bederatzi urterekin Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan sartu zen. 1894an, Bizkaiko Aldundiak emandako diru-laguntza jaso, eta Parisera joan zen, ikasketak jarraitzeko eta lekuan bertan eskolak jasotzeko. Julien Akademian katedra zuen Carrière-ren ikasle izan zen. Urte horretan bertan, Larroque Sttutgartera joan zen, ikasketak Nemesio Mogrobejo eskultorearekin hedatzeko. Espainiara itzuli zenean, Madrilgo Pradoko museoan nazioarteko maisu garrantzitsuen kopiak egiten aritu zen gogo biziz. 1902an, Erromara eta Firenzera joan zen, gogobetetzeko eta pintura unibertsala ezagutzeko. Bidaia hori Bizkaiko Aldundiak emandako bigarren diru-laguntza bati esker egin ahal izan zuen.

Ordutik aurrera, mihise ugari margotu, eta Austrian, Alemanian, Mexikon, Parisen eta Londresen erakusketak egin zituen. Madrilen, Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen, 1912an, 1917an eta 1920an, eta obrak aurkeztu zituen Bilbon ere, hainbat abagun ezberdinetan. 1921ean, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolako irakasle izateko oposizioetara aurkezten zen, eta kargua lortu zuen.

1947an, Bizkaiko Aldundiak hala proposatuta, Antso X. Jakituna Gurutzea eman zioten, artista eta irakasle gisa izandako merituengatik.

Honako sari hauek jaso zituen: Ohorezko Diploma, Mexikoko Independentziaren Mendeurrena ospatzeko antolatu zen Espainiar Erakusketan (1911), eta Hirugarren mailako Domina, Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean, Recolección de manzanas izeneko koadroarekin.

Obren artean, nabarmentzekoak dira: La joven del sofá; En la fuente; Aldeanos al mercado; Niña de J. T.; El ciego de los romances; Los paisanos vascos; El txistu en la romería, Sociedad Bilbaina elkartearen jabetzapekoa; Retrato de Ramón de la Sota; el Accidente de Trabajo; La Chica del gato eta Las hilanderas, herritarrek ordainduta erosi zena, eta Bilboko Arte Ederretako Museoari oparitu zitzaiona.

1910ean jada, Juan de la Encina kritikariak honako iritzia zuen Larroqueri buruz:

"berezko eskubidez, espainiar margo garaikidean goi mailako postua merezi du".

"Fintasuna, ñabardurak, zehaztasuna, sendotasuna eta teknika bikain menderatzea ditu ezaugarri nagusi. Zamak mozten ditu erretratuetan, batik bat emakumeen eta umeen kasuan, eta dotoretasunez apaindu eta janzten ditu. Pintzela mihise gainetik arintasunez ibil dadin, begi aurrean material aberatsak (zeta, belusa, batista finak eta gardenak eta parpailak) eta Velazquezen eta Rafaelen arteko erritmo lasaian garatzen diren formak behar ditu. Ezin diozue bizitasuna eta adierazkortasuna eskatu, ezta irudipena ere, haren arte-lengoaian aise sartzen diren bakarrak lasaitasuna, ordena sinplea eta argia eta baretasuna baitira" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Heldua zela, Cuadra Salcedok haren gainean esan zuen (1947):

"gure artisten artean, dotoretasunaren margolaria da bera. Gainsborough-ren aristokrazia du, Van Dyck-en jatortasuna eta leuntasuna eta Echave euskaldunaren ausardia. Haren erretratuak eskola klasikoan murgiltzen dira, eta haren eskuetatik ateratzen diren obretan, Velazquezen leinua nabari da. Paisaia- eta erretratu-margolari gisa oso gutxik lortzen dute haren maila, ereduen purutasuna, egituraren mugimendua eta baretasuna eta gaien psikologia sakona direla eta. Dotoretasuna eta baretasuna, horiek dira gure artista handiaren ezaugarri nagusiak" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Larroqueren heriotzaren hamargarren urteurrenean, Lazaro Uriartek honela definitu zuen (Gaceta del Norte):

"ezerren gainetik, tonu-balorazio finak egiteko dohain berezia zuen, eta teknika ezin hobea eta garbia, paristar esprit de finesse delakoaren eta eredu klasiko garbienen eta zorrotzenen erdibidean, baina eraketan gehiegikeriarik egin gabe eta garaiko lengoaia plastiko modernoenekin bat eginez. Zorrotza zen, baina ez zuen kolorea lehortzen. Neurriz epela eta kirrinkarik gabekoa, Larroquek kolore kalitate gorenenak lortu zituen, arabesko soilez osatutako markoetan kokatzen zituenak. Horren erakusgai gure Probintzia Museoan dagoen La chica del sofá dugu -Higinio Basterra artista eta eskultore handiak ere maite duen maisulana-, eta ohartuko gara ezin ezberdinagoak izanik elkarren osagarriak diren adierazpen-osagaien fusio estetiko perfektua lortzen duela, artelanaren goi unitatean bateratuta" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).