Historialariak

Larramendi, Manuel

Bizi zen artean argitaratu ziren lanak edo post mortem (hil ostean) argitaratu zirenak aintzat hartuz, honakoa litzateke kronologiaren hurrenkera:

a) De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas. Demostración previa al Arte, que se dará a luz en esta lengua (Salamanca, 1728); El imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Salamanca, 1729); Discurso Histórico sobre la famosa Cantabria. Questión decidida si las provincias de Bizcaya, Guipúzcoa y Alaba estuvieron comprehendidas en la antigua Cantabria (Madril, 1736); Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y latín, 2 liburuxka. (Donostia, 1745). Larrandiren lanak zerrendatzen dituen lehen sorta honetan (horietako bi Salamancan izan zenean idatziak), sortzetiko hizkuntzarekiko zuen interes goiztiarra ikus daiteke. Beste lan batzuetan bezala, horri buruz zegoen ezjakintasunak (destaina ere bai agian) bultzatuta hartu zuen gai hori. Larramendik tonu polemiko eta, apika, oldarkor samarra hartu zuen ezberdin pentsatzen zutenekiko eta kanpokoei irakasten saiatu zen, herritarrei hizkuntza estimuan izaten eta ezagutarazten saiatu zen bitartean. Gramatika bat taxutu zuen, oso aintzat hartzeko modukoa, bere hizkuntzaren bikaintasuna, arrazionaltasuna eta berezitasunak erakusteko, izan ere, ezagutzen ez zutenek hizkuntza "zalapartatsutzat" zuten euskara. "Ez zuen bide-erakuslerik izan ezta aurrekaririk ere" euskararen aberastasun gramatikoa islatzeko irrikan (L. Villasante). Aita Florezek ezeztatu zuen arte, euskaldunen kantabrismoaren mitoak indar handia zuen garai hartan; Larramendik sutsuki defendatu zuen mito hura, harro baitzegoen nortasun horrekin. Larramendiren hiztegia, "benetako lan paregabea" (L. Villasante), oso gutxik irakurri duten hitzaurre oso luze bat duena, Loiolara erretiratu zenean idatzi zuen eta han-hemenka jasotako lekukotzen ondorio izan zen. Bitxia badirudi ere, hitzak gaztelaniazko alfabetoaren arabera antolatu zituen eta Real Academiaren hiztegiaren irizpideei jarraiki, agian kanpokoei bere hizkuntzaren aberastasuna haren parekoa dela erakusteko; gainera, euskalki ugarietako aldaerak jaso zituen, zehaztasun gehiegirik egin gabe. Hitzak asmatzearen joera etimologista hutsala eta latinezko, grezierazko eta erromantzetako hitzen sustrai euskalduna erakutsi nahia izan dira hiztegi horri egotzi zaizkion akatsetako batzuk, eta egileak egindako ahalegin apartaren hainbat meritu bazter utzi dira, izan ere, haren ostean taxututako hiztegi guztiek Larramendiren hiztegia izan dute oinarri. Orixek, Euskera (1930), Mitxelenak, Villasantek eta Sarasolak bakoitzak landutako Euskal Literaturaren Historian hari buruz egindako zehaztapenei, A. Tovarrek Mitología e ideología sobre la lengua vasca (Madril, 1980) lanean eta J. A. Lakarrak Larramendiren Histegintzaz inguruan artikulu garrantitsuan ("Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo"" 19 (1985) 11-50) egindako aipamenak gaineratu behar zaizkio. Bizi zen artean Larramendiren Nueva demostración del derecho de Vergara sobre la patria y apellido secular de San Martín de la Ascensión y Aguirre: refutación seria del hijo de Beasain, obra joquiseria del P. Torrubia argitaratu zuten Jose Agustin de Bazterrica jaunak eta Jose Hipolito de Ozaeta jaunak (Madril, 1745). Larramendik berak aitortu zuenez, auzi hartan esku-hartu zuen eta baita Errituen Kongregazio Santuak onartutako ofizio eta errezuen idazketan ere, nahiz eta garaikide batek aipatu zuenez, ia behartuta eta bat-batean idatzitako lana izan zen. Lan hori da Larramendiren ekoizpeneko "orbana". Halaber, bere izena agertu gabe, hark idatzitako Examen jurídico, político y legal delakoa argitaratu zen, dirudienez, Gipuzkoako Foru Aldundi txit noble eta txit leialak Hernaniko eskubideen defentsan eskatu zuena (1744). Halaber Larramendirena da Mendiburuk 1747an idatzi zuen "Jesusen bihotzaren devocioa" lanari egindako Carta-prólogo delakoa. Lan horren bidez, pastoraltza helburua zuen euskal literaturaren berpizkundea bultzatu zuen, Cardaberaz eta Mendiburu jesuitek idatzitako lanekin eta Zarautzeko frantziskotarren prediku biziekin jarraipena izan zuena.

b) Mende eta erdiz ahanzturan izan ostean - agian Larramendi hil eta urtebetera jesuitak Espainiatik kanporatu zituztelako- Aita Fitak hura berpizteari ekin zion, Larramendik Aita Berthierri (Memoires de Trévoux delakoen zuzendaria) idatzitako gutun luze eta mamitsu bat kaleratuz. Bertan andoaindarrari buruz ezagutzen ez ziren alderdiak hautematen dira. Baina, batez ere, Corografía de Guipúzcoa (Bartzelona, 1882) lan aparta lehen aldiz editatuz askatu zuen andoaindarra ahanzturaren atzaparretatik; lan horren edizio berantiarragoak ere egin ziren Buenos Airesen (1948) eta Donostian (1966); azken horretan hainbat zuzenketa barneratu ziren, nahiz eta Buenos Airesekoa argazki bidez erreproduzitu zen 1985ean. Lan horretan badirudi Larramendik gerora egin zituen etnologia- eta folklore-ikerketak iragarri zituela, izan ere, bere garaiko Gipuzkoari buruzko deskribapen bikaina egin zuen, besteak beste, geografia, bizimoduak, gobernua, usadioak, dantzak edota hizkuntza barneratuz; horrez gain, interes bereziko ohar ugari idatzi zituen, eta beste lan batean garatu zituen ideia politiko polemikoei buruzko nolabaiteko sarrera egin zuen. Azken horretan, euskal hizkuntzari buruz idatzitako atalak nabarmentzen dira, oso luzeak baitira. Gai hori ikuspegi moral batetik jorratu zuen Larramendik, bere garaikide eta miresle P. Sebastian de Mendiburuk hartu zuena baino jarrera irekiago batekin. Corografía lana bere probintzia txikiari buruzko maitasun aitormena da. Gaztelaniaz bizkaitar hitza baliatzen zen euskaldun guztiak izendatzeko eta horrek bultzatuta, Gipuzkoaren izaera historikoari buruzko berrespen-lan bizia idatzi zuen andoaindarrak. Bertan Foruen defentsa egin zuen. Lan horren lokalismoari esker, agian Bizkaian zentsuratu zena, auzi horri buruz hiru probintzietan zegoen analogia eta batasuna erautsi zion zentsuratzaileari, nahiz eta Gipuzkoa "nire herrialde txiki" izendatzen duen. Foruen auzia orain gutxi arte ezagutzen ez zen beste lan batean jorratu zuen sakontasun gehiagoz, Conferencias curiosas políticas, legales y morales sobre los Fueros de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa lanean, hain zuzen. Lan horrek, bere garaian, Gaztelako Kontseiluaren egonezina sorrarazi zuen, editatu aurretik. Aita Larramendi hil zenean (1766) eta jesuitak kanporatu zituztenean (1767) lan arantzatsu hori ahanzturaren atzaparretan gorde zen eta, jesuiten beste lan asko bezalaxe, Real Academia de la Historia delakoaren apaletan ezkutatu zen. Tratatu modura egindako lehen ahalegin ukatuaren ostean, Larramendik hitzaldi arin eta literatur ikuspegitik bizien bidez jorratu zuen gaia. Bertan balizko arerioekin izandako elkarrizketa eta eztabaidak islatu zituen, Foruen gainean zegoen mehatxuaren jakitun izanik. Izenburuak adierazten duenez, ideia juridikoak, politikoak eta moralak txertatu zituen Larramendik. Halaber, iragan historiko bat barneratu zuen Foruei buruzko tesi koherente bat eraiki asmoz; Foruak lex privata edo berezi gisa hautematen ditu, eta ez erregeak emandako lege gisa. Indarraldi luzea izan zuen legea eta monarkek beti errepetatu zutena, eta ordainetan Gipuzkoak leialtasun osoa agertzen zion koroari. Agian barnean austrazismoaren aldekoa izaki, ministroei aurpegiratu zien (eta ez erregeari) Foruak gutxietsi izana; aldi berean, Gipuzkoako instituzio politikoen (Batzar Nagusien) aurka egin zuen gogor Foruen defentsan erakusten zuten axolagabekeriagatik eta beldurrak eraginda edo interes zatarrak bultzatuta kontraforuak onartzeagatik. Literaturak ahalbidetzen duen fikzioa baliatuz, Gipuzkoa Gaztelatik banatu zuen eta Pirinioetako Probintzia Batuen Errepublika fantaziazko bat eraiki zuen, zazpi euska probintziak bateratzen zituena. Hispaniako tradizio juridiko-politikoa (S. Isidro, El Tostado, Suarez) oinarritzat hartuz, Frantzia eta Galiako gortearen doktrina politikoa ukatu zuen, erregearen absolutismoaren alde egiten zuena. Orobat, tradizio berari jarraiki, Foruak hautsiz gero haien defentsa armatua egitea justifikatu zuen, dena den, elkarrizketaren bidea eta erregearen errekurtsoa (Foruen babesle tradizional modura) lehenesten zituela dirudi. Foruaren auzia dela-eta fixistatzat hartu zen Larramendi, foru-zuzenbidean aldaketak sartzea onartzen zuela ahaztuta nonbait ( aldaketa autoktonoak, ez inposatuak); gainera, foroei egiten zien defentsa itsu eta arduratsuak bazuen arrazoi bat, erregeek Foruen aurka erakusten zuten jarrera, hain zuzen, bizi izan zen garaian tentsio une handiak eragin zituena.

Era berean, Larramendi Tubalismoa eta Kantabrismoaren alde agertzen zenez, bere pentsaera mitikotzat hartu izan zen, oraingo honetan ere bere jarrera historiko irmo batzuk ahaztuta, esate baterako, Gipuzkoa Gaztelari batzearen alde agertutakoa, eta, batez ere, hanbat mendetan monarkek babestutako foruen zin-egitea, edota Fernando VIak azaldu zion babesa(1752). Larramendiren pentsamendua mitologiko bihurtzeko irrikaren eraginez, haren lana benetan gertatu zen egoera bati buruzko aipamen esplizitu eta ezkutukoz hornitzen dela ahaztu izan da. Larramendik ministro ahalguztidunen eta Gipuzkoako batzarkide eta herritarren utzikeriaren aurka agertu zen gogor. Larramendiren lan hori guztiori ezagutzea benetako aurkikundea izan da, izan ere, Elias de Tejadak aztertutako Gipuzkoako foru-doktrina klasikoaren eta XIX. mendeko mugimendu politikoen arteko lotura lanak egiten ditu. Ezkutuan egonik ondorengoengan eragin literariorik utzi ez badu ere, Larramendiren ideiak bizi izan zen artean han-hemenka hedatu ziren; Gipuzkoako Batzar Nagusietan emandako sermoi ospetsuaren zirriborroan bada horren adibiderik. Horrek zera erakusten du, Larramendi hil ostean, bai euskararen berpizkunde literarioan eta bai politikagintzan, Larramendi oso pertsona esanguratsua izan zela XIX. mendeko tradizioan: hori bere idazkiak ezagutu ahala agerian geratzen da. Bizitzako azken urteetan (1756-8) taxututako Corografía eta Conferencias sobre los Fueros lanek trilogia bat osatuko zuten, orainalditik iraganera zihoala-eta atzerakoitzat hartu zen Historia de Guipúzcoa lanarekin batera. Zenbaitek aipamen bat edo beste egin badu ere, oraindik ez da testurik topatu. Aita Mendibururen liburu bati egindako lana, erdi aroko prosa batzuen itzulpena, XIX. mendean Aita Aranak argitaratutako (1885) San Agustinen aldeko gorespen-hitzaldia, J. A. Lakarrak editatutako (Anuario de Filología Vasca Julio de Urquijo 19 (1985) 1150) Azkoitiako sermoia, argitaratutako lanetan ikusten diren testu bakan batzuk... Oso urria da Larramendik utzi duen euskal literaturaren lekukotza, dena den, gerora beste oratoria-lan batzuk agertu ziren; aitzitik, askok aipatu dituzten euskaraz idatzitako gutunak, inork ez ditu oraindik ikusi. Bere osotasunen gerora ezagutuko den lanari esker, Larramendiren izaeran alderdi berriak agertzen dira, hala, dohain natural apartak dituen, lan ikaragarria egin duen eta sekulako grina duen gizon modura agertzen zaigu. Ongi ezagutzen zuen baten eskutik hura hil ondoren idatzitako ohar hunkigarri batean horrela agertzen zaigu Larramendi "gorputz eta arima handiko mamu eta gizon aparta, bi alderdi edo zati horietan dohan eta gaitasun handiak zituena: garaiera handikoa, eite onekoa, indar handikoa, proportzio apartekoa, jario handikoa, ikusmen, entzumen, hitz, eta ekintza handikoa, denetan handi". Argitasuna, segurtasuna, suhartasuna, pesuasio gaitasuna. "Memoria itzela, oso ulerkorra, borondate on eta handikoa, eta gorputz eta arima handi, lasai eta oso zabalak. Edozein asaldura eta doilorkeria eragiteko gaitasunik gabea zirudien. Eta erraldoi bat harrapatzeko gaitasuna zuen, onberaz, begiratze hutsarekin; edo txarrean, eskuan harri koskor bat hartuta. Zaharra zela eta hura ikaratzeko ahaleginean, zera entzun nion esaten: bizpahiru gizon izukaitz eta ausarti, aurrez aurre eta oso gertu izanda ere, ez ziela beldurrik". Patxada handiko gizona, zuhurra eta erabaki azkarrekoa, umila eta esanekoa, inoren bizkar ibiltzen ez zena, ezta iraindu edo zirikatzen bazuten ere. Bere idazkietan islatzen da bere handitasuna eta asaldura baretzeko gaitasuna, lasaitasunez hartu zuen bere lanetako batzuk miran jarri, atzeratu edo galdu izana; horri eta Konpainiaren barruan jasotako nolabaiteko mespretxu eta kritikei lasaitasunez egin zien aurre. Bere bizitzako azken urteetan soilik azaldu zuen nolabaiteko kexua agintariei zuzendutako idazki batean. Idazki hori ezagutaraztea lortu dut eta, modu horretan, Aita Larramendiren bizitza eta benetako izaera ere berreskuratu ditut. Bere hizkuntzalaritza-lanak utzitako ondarea izan zen, hil ondoren ere, bere izena tente mantendu zuena, izan ere, Espainian zehar hedatu zen eta egile askok gai horretako maisutzat jo izan dute; Halaber, Mexikoko Liburutegian, Leipzigen Acta eruditorum delakoan eta Londreseko aldizkari batean ere agertu zen Larramendiri buruzko aipamenik. Maisutasun ukaezinezko aldi baten ondoren, kritika eta mespretxuz betetako beste aldi bat zabaldu zen; bigarren garai hori, agian, gaur egun ari da berraztertzen, Larramendi merezi duen lekura itzultzeko.

Edozein kasutan ere, pastoraltza helburuak zirela-eta euskararen berpizkundearen bultzatzaile izan zen eta, bide batez, erlijio eta literaturaren berpizkundearen eragile. Bere lanaren beste alderdiari dagokionez (Corografía, Fueros, etab.), joan den mendean eta mende berrian ere hedatu zen. Lan horri so, euskalduntasun (zentzu orokorrean) kontzientzia astintzearen "erruduntzat" har dezakegu Larramendi; halaber, gipuzkoartasunaren pizgarri izan zen, horretan sentikortasun berezi batekin jardun zuen eta gerora gatazka larri bihurtu ziren mehatxuak aurreikusi zituela dirudi. Hori dela eta, bere mezua (bere balizko edo benetako mitologiak baino askoz ere konplexuagoa) eco hic et nunc bilakatu da, hil ondorengo gorespenaren erakusle aparta.