Arkitektura

Larrako Jauregia

Lezamako (Araba) oinetexea, Juan Ugartek kapitainak sortua eta eraikia 1638 ostean. Juan Ugarteren testamentuan Larrako jauregia dorretxea bezala aipatzen dute, 1690eko azaroaren 16an Lezamako parrokiako kontuen liburuan ageri diren eskaintza elizkoiekin batera. Kapitain hori 1601ean jaio zen eta aurretik bestelako etxeak eraiki zituen, baita San Juan ermita ere. Larrako jauregian, arku dotorez hornitutako eraikin oparoa, On Juanek Ugarte eta Mariacatarren blasoia jarri zuen bitan zatitutako armarrian, horiek baitziren bere jatorrizko leinuak.

Inolako zalantzarik gabe, Lezamako eraikin zibila esanguratsuena Larrako Jauregia da, hainbat agiritan "dorretxea" esaten dioten hori alegia. Inguruan sei hektareako esparrua dauka, eta horren sarbidean arku karpanel batez hornitutako atea dugu, buruan erkaitz laua duelarik. Alboetan bi kubo borobilak dauzka. Goialdean piramideak dauzka eta burdin sare dotorea. Lursail horren barrualdean putzu borobila aurki dezakegu.

Jauregia landa giroko eraikinen ereduarekin bat dator. Oinplano karratua da eta itxura soila dauka. Estetika aldetik, oso itxura ordenatua dauka, Arabako Barroko garaiko jauretxeen inguruko arkitekturaren eredu oparoa izanik. Honen egituran hiru maila bereiz daitezke, zertxobait gailentzen diren harlanduzko bi inposta lerroz mugatuak. Ardatz bertikalari so eginez gero, bost horma-arte dauzka, erdikoa nabarmenena izanik armarria eta balkoia dituelako. Beheko solairu osoa irekita dago, erdi puntuko arkuz osatutako logia duelarik. Honako jauregi hau berezia da erdiesten duen oreka estetikoa dela eta. Etxearen izaerari dagokion heinean, burdinazko lan egokiak eta harburu landuak dauzka.