Filologoak

Lardizabal, Frantzisko Ignazio

Frantzisko Ignazio Lardizabalen bi obra argitaratu ziren XIX. mendean bertan: Testamentu Zarreco eta Berrico Condaira (Tolosa, 1855) eta Gramática vascongada (Donostia, 1856 -egilea hil eta urtebetera-). Badakigu, beste alde batetik, beste obra batzuk ere idatzi zituela, baina galdurik daude: Historia de San Miguel in Excelsis de Aralar (beste egile batzuen aipuen bidez ezagutzen dugu, badakigu mardula zela eta argitaratzeko prest izan zuela Lardizabalek, elizaren baimen eta guzti. Aralarko santutegiaren inguruko tradizioen berri, ipuinak, esaerak eta bestelakoak biltzen omen zituen) zuen. Maria Santisimiaren amodio ederraren novena (hirurogei bat orrialdekoa) da galdutako beste obretako bat. Halaber, Gipuzkoako Aldundiko dokumentazioan beste bi lan aipatzen dira: hiztegi elebidun bat, eta euskara gaztelaniara itzultzeko modua azaltzen duen testua.

Lardizabalen Testamentu Zarreco eta Berrico Condaira lana oso garrantzitsua da, harreraren ikuspegitik behintzat, XIX. mendeko literaturan; izan ere, ikertzaile gehienak bat datoz: lan hori izan zen Gipuzkoan (gutxienez) XX. mendearen erdialdera arte gehien irakurritako lana, Arrueren Santa Genoveva-ren itzulpenarekin batera. Irakurtzen zekien jende arruntaren etxe gehienetan egon omen zen garai batean lan hori.

Testamentu Zarreco eta Berrico Condaira-k, izenburuak berak azaltzen duen bezala, Testamendu Zaharraren eta Berriaren kondairaren edo historiaren berri ematen du. Lardizabalek D. Royamont-en obra hartu zuen oinarritzat bere lana egiteko, eta mende hartan bertan zenbait berrargitalpen izan zituen zaldibiarraren Condaira-k. Lardizabalek berak egin zuen lanaren itzulpena, eta bertan bi egile aipatzen ditu bere lanaren aitzindari gisa: Larregi lapurtarra (ematen du aurrean izan zituela Larregiren lanak, hots, Testamen Zaharreko historioa (1775) eta Testamen Berriko historioa (1777) eta Ubillos gipuzkoarra.

Idazkera aski landua erabili zuen Lardizabalek aipatutako lanean, landua baina ez zaila edo goi-mailakoa. Herritar xumeengana arazorik gabe heldu nahian, hizkuntza landu baina garbi, zuzen eta bereziki argia baliatu zuen. Grafia etimologikoak erabiltzearen alde egin zuen, eta perpausak eta paragrafoak ondo borobiltzen ikasi zuen. Estiloari dagokionez, estilo narratiboa hautatu zuen, azalpenezkoa.

Ezer egoztekotan, lana ikertzeaz arduratu direnek zenbaitetan testuari darion hoztasuna egotzi diote. Izan ere, Lardizabalek arrazionaltasuna lehenetsi zuen bere narrazioak egiteko, sentimenduek eta pasioak bultzaturiko adierazpenak eta erretorika baztertuz.

Gramática vascongada lanaz denaz bezainbatean, arestian esan den bezala, egilea hil eta urtebetera argitaratu zen, Gipuzkoako Aldundiaren babespean, Ramón Gerekaren hitzaurrearekin eta Donostian. Lardizabalen bi obren artean, gramatika-lan horrek erakarri du, gehienbat, ikertzaileen arreta.

Ez dakigu zehatz-mehatz zergatik prestatu zituen Lardizabalek Gramatica vascongada delakoa eta galdutzat ematen diren beste bi lanak. Batzuen ustez, zaldibiarra bere kabuz hasi zen lan horiek taxutzen. Beste batzuen ustez, baina, Gipuzkoako Aldundiaren agindu zuzena ere izan zitekeen. Izan ere, badirudi Aldundiko agintariek estimutan zeukatela Lardizabal: zaldibiarraren lanak argitaratzeko dirua emateaz gain, aipatzekoa da Lardizabal hil zenean, egindako lanak zirela eta, Aldundiak dirua eman ziela zaldibiarraren oinordekoei eta Ignacio Ramón Baroja eta Andrés Gorosabel gipuzkoar inprimatzaileei. Ziur asko, Aldundiko agintariek eman zioten hizkuntza-materialok prestatzen hasteko agindua; izan ere, garai hartan euskarazko lan gutxi zegoen, eta zeudenak zaharrak edo eskuragaitzak ziren.

Aurreko bidetik jarraikiz, askok galdetu dute ea zergatik eta norentzat idatzi zuen Lardizabalek bere gramatika-lana. Gipuzkoako Aldundiko Gereka idazkariak idatzi zuen eskoletan erabiltzeko lana zela, hots, garai hartako irakaskuntzaren izaera zer nolakoa zen gogoan hartuta, euskal gramatika (eta euskara) erdal irakaskuntzaren sisteman ezartzeko. Euskara zen, zalantzarik gabe, garai hartako Gipuzkoako hizkuntza erabiliena, baina ematen du hori ez zela euskal hizkuntza irakaskuntzan sartzeko arrazoia: Aldundiko agintariek eurek idatzi zuten euskara zela Euskal Herriaren funtsa, baina euskara monumentu gisa ikusten zuten, hiltzera zihoan hizkuntza gisa, eta hiltzera zihoan hizkuntza horren testigantza idatzia nahi zuten oroigarri gisa. Gramatika osatzeko, batik bat gipuzkerazko materialak baliatu zituen Lardizabalek, baina bizkaierazkoak ere asko dira eta nafarrerari buruzko oharrak ere badaude.

Lardizabalek bi lan-eredu erabili zituen, batik bat, bere gramatika osatzeko: Manuel Larramendiren eta Juan Mateo Zavalaren gramatika-lanak. Dena dela, lehenengoaren El impossible vencido. Arte de la lengua vascongada (1729) ezagunaren zordun da, nagusiki, zaldibiarra; izan ere, hertsiki jarraikiz prestatu zuen Lardizabalek bere lana, zenbaitetan pasarteak zuzen-zuzenean kopiaturik. Horrek ez du esan nahi, dena dela, andoaindarrak esandakoarekin ados ez zegoenean bestelako proposamenak edota zuzenketak egiten ez zituenik. Egituraketa dela eta, Larramendiren gramatikakoarekin bat dator: lehenengo atalean izenaren morfologia (1-53) landu zuen, bigarrenean (55-81) joskera, hirugarrenean (82-87) prosodia eta laugarrena (1-52, zenbaketa berriarekin) eranskina da, non aditz-taulak eman baitzituen.

Beste gramatika-lan batzuei jarraikiz eginiko lanak izateak ez du esan nahi, dena dela, Lardizabalek berrikuntzarik ekarri ez zuenik, halakorik egin, egin baitzuen. Esate baterako, zaldibiarra da perpauseko osagai nagusien ordenari buruzko lehenengo argibideak eman zituen egilea, eta ordena hori ondorioztatzeko irakurritako autoreen testuak baliatu zituen oinarri gisa.