Dantza

Lanestosako "La Danza"

Euskal Herriko mendebalderantzago dagoen muturrean, Bizkaian beraz, herri oso txiki bat kokatzen da: lurralde hedapenari dagokionez txikiena, 1287ko ekainaren 6an hiri-gutunari esker hiribildu bilakatu zena, mendiz inguratua eta paraje liluragarri eta lasaia erakusgai duena. Etxe zahar eta ederrez osatutako herri-gunea dantzarien (danzantes) anfiteatro bilakatzen da urtero abuztuaren 5an ospatzen den festa nagusian.

Baina aipatu egunaren aurretik, baziren festa-egutegian egunerokotasuna apurtzen zuten hainbat ospakizun. Festa horietako asko eta asko ez dira jadanik ospatzen azken urteetan, nahiz eta denbora askoan historiako hainbat gorabeheren aurrean tinko mantendu ziren: "las Marzas", Pazkoak (Las Pascuas), Aste Santua, Nekazarien eguna (San Isidro), Gorpuzti eguna, San Joan, Gabonak,e.a.

Artxiboek hauen eta beste hainbat ospakizunei buruzko datu garrantzitsuak erakusten dizkigute, 1846 urtekoa delarik, jaialdia eta dantzariak (danzadores) aipatzen dituen dokumentu-testigantza zaharrena:

"...hogeita lau erreal eta hamasei maraiko, gaurko bosgarren egunez Elurretako Andra Mariaren Prozesioan doazen Dantzari konpainiari, hauek osatzen baitzuten: Jose Martinez, Vicente Martinez, Miguel Martinez, Seberino Trapaga, Juan Ruiz, Francisco Trapaga, Jose Trapaga, Manuel Peña eta Simon Sainz. Zeinaren zenbatekoa pegar bat ardotan ematen zaie ohitura denez, hogeita lau pitxer laurdenetan (...) La Nestosa mila zortziehun eta berrogeita seiko abuztuaren seian."

Bizkaiko Eliztar Artxibategi Historikoa. 78 zenbakidun erreziboa. La Nestosa hiribilduko Udala -1846 urtea-Ayuntamiento de la Villa de La Nestosa-año 1846.)

Hemendik aitzinera urriak eta balio gutxikoak dira liburuek eskaintzen dizkiguten datuak, beraz, gaur egun festa osatzen duten ospakizun eta elementuak azaltzeari ekingo diogu, guregana iritsi diren moduan.