Aktoreak

Landa, Juan de

Mutrikun 1894an jaiotako aktore gipuzkoarra, Mutrikun hil zen 1968an. Bere benetako izena Juan Crisóstomo Pisón Pagoaga y Landa zen.

Bere haurtzaro eta nerabezaro bidaiariak -bere sendiarekin Mutrikun, Paraguayn eta Argentinan bizi izan zen- gerora izango zuen artista ibilbide nomadaren aieru argia izan ziren. Bere lehen urratsak musika esparrutik abiatu ziren.

Europan barrena opera tenore gisa kontzertu batzuk eman zituen eta 1929an Nueva Yorkera abiatu zen Metropolitan Opera House izenekoan abesteko asmoz. Lucrecia Bori abeslariarentzako Zuloaga margolariaren errekomendazio gutuna zeraman, baina egitasmoak ez zuen aurrera egin. Hollywooden arrakastadun zine amerikarraren bertsio espainiarrak filmatzen zebiltzana jakinez Californiara aberastasun bila joan zen. Bidaia odisea handia izan zen, zeren aktore-gaiak ez zuen ia dirurik eta herrialdea eskeko baten antzera gurutzatu behar izan zuen. Behin Hollywooden, neke handiak izan ondoren, estudioetan froga izatea lortu zuen. Oraingoan zori ona izan zuen eta espainiar hiztunen merkaturako arrakastadun film amerikarretako aktore bezala kontratatua izan zen. Bere lehen lana, Conchita Montenegro aktoresa donostiarrarekin eta adiskidetasun handia egin zuen Buster Keaton zine-jeinuarekin protagonismoa partekatuz Edward Sedwicken De frente, marchen (1930) filmean izan zuen. Garai horretako bere paperik garrantzitsuena Ward Wingen El presidio (1930) filmarekin iritsi zitzaion. George Hillen The Big House (1930) bertsioa zen. Hasieran Juan de Landari bigarren mailako papera eman zioten baina bera Buckena egiteaz temati agertu zen, Wallace Beeryren jatorrizko bertsioan paper hori egin zuelako. Cecil B. de Millek onartu egin zuen eta Juan de Landak film horrekin Espainian eta hegoaldeko ameriketan arrakasta handia lortu zuen. Hollywoodeko kritika ere euskal aktorearen interpretazioaz harrituta gelditu zen. Chester M. Franklinen Su última noche (1931), Arthur Gregorren La fruta amarga (1931), Marcel de Sanoren El proceso de Mary Dugan (1931) edo Robert Z. Leonarden Susan Lenox: Her Fall and Rise (1931) bezalako filmetan lan egin ondoren, espainiar bertsioen filmaketak bertan behera utzi ziren eta Juan de Landa Espainiara garaile itzuli zen. Howard Hawksentzako Hollywood erratu egin zen atzerritar aktoreei ihes egiten uztean.

La Vanguardia egunkarian agertutako elkarrizketa baten, Howard Hawkek Film Ideal egunkarian egindako adierazpenak biltzen zituena, zinegile amerikarrak euskal aktore bi goraipatu zituen, Conchita Montenegro eta Juan de Landa. Aktore mutrikuarrari buruz bere Buck pertsonaiaz hauxe zioan: "superó con mucho, al propio creador de la versión original, Wallace Beery". Ez zuen zaila izan, edozelan ere, eskarmentu amerikarraren ondoren espainiar industrian txertatzea. Espainiar guda zibilaren ondoren, Francoren eta Mussoliniren gobernu faxisten arteko sintoniari probetxua ateratzen dio, beste batzuen artean hispano-italiar zinema koprodukzioak sorraraziz. Juan de Landak, ezeren aurretik abenturazalea zena, bere filmagintzan zine italiarrean aro berri bat hasi zuen. Film askotan parte hartuz, abenturetan ere, garai horretan bere paperik garrantzitsuena Ossessione (1942) filmarekin iritsi zitzaion, protagonista papera Massimo Girotti eta Clara Calamairekin partekatuz. Luchino Visconti jeinuaren lehen lana zen eta italiar neorrealismoaren film aitzindarietako bat.1944an espainiar zinera itzuli zen. Jada aktore ospetsu gisa finkatuta zegoen. Hori bai, bere presentzia fisikoak, gizena eta handia, galan edo protagonista paperak osatzea eragotzi egiten zion, bigarren mailako pertsonaiak interpretatu beharra edukiz. Bigarren mailakoak izan arren talentu handiko izaeradun aktorea zela erakutsi zuen. Espainiar film luze batzuetan parte hartu ondoren 1950ean italiar zinera itzuli zen. Bigarren italiar aldi honetan John Houstonekin Beat the Devil (1953) filmean lan egin zuen. 1956an behin betiko Espainiara itzuli eta lau film egin zituen. Jose Luís Sáenzen Faustina (1957) filmean Mefistófeleren bere papera izan zen bere azken interpretazioa.