Pintoreak

Lafuente Pascual, Rafael

Abangoardiako pintore garaikidea eta Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea; Gasteizen jaio zen 1936. urtean. Hiri horretan bertan hil zen 2005eko martxoaren 8an.

Nerabezaroan -hamalau urte zituenetik- Arte Eskolako ikaslea izan zen eta lehen aldiz XI. Arabako Arte Lehiaketan hartu zuen parte (1954). Zuzenean, tarteko faserik gabe, artista beteranoen kategorian sartu zen. Horrek, hala ere, ez zion eragotzi aurkeztutako olio-pintura bildumarekin saririk onena irabazteko aukera; titulu bera eta generikoa jarri zien aurkeztutako hiru lanei: Figura.

1955. urteko deialdian aurkeztu ez zen arren, 1956an berriro aurkeztu zen eta hirugarren saria eskuratu zuen Figuras lanarekin. Urte batzuk beranduago, ohorezko saria irabazi zuen XXVI. Lehiaketan (1969), Figura aprisionada en su blanco lanarekin. Urte hartan bertan Arabako Kutxaren I. Gabonetako Aretoan hartu zuen parte Oveja muerta (Homenaje al pastor vasco) mihisearekin eta lehen saria irabazi zuen.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera arte, giza irudia eta natura hilaren zenbait pintura izan ziren Lafuenteren lanaren interes-puntu nagusiak. Are gehiago, marraztu zuen lehen koadroa, hamar urterekin, erretratu bat izan zen. Lurreko beste pintore batzuk ez bezala, paisaiak ez zuen erakartzen. Ez zuen genero horrekiko inolako zaletasunik, eta bere exekuzioan ez zuen garrantzi jakinik.

Lafuente izan zen abangoardiako artearen aldeko jarrera lehenengo eta konbentzimendu handienarekin agertutako pintore gasteiztarretako bat; hala erakutsi zuen San Prudentzio kaleko Arte Galerian egindako banakako lehen erakusketan. 1958an izan zen. Orduko hartan erakusgai jarritako lanek -oso pertsonalak, potentzia kromatiko handikoak eta espresionismo handikoak- ez zuten herritarren estimulua eta ulermena topatu. Berak formulatutako arte mota horrekiko harrera eskasaren eraginez, 1964ko I. Urteko Arte Plastikoen Sarira arte ez zuen erakusketarik egin.Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean Heraclio Fournier enpresako marrazkilari-taldearekin bat egin zuen eta bertan Carlos Saenz de Tejada ezagutu zuen, enpresako zuzendari artistikoa. 1958ko banakako erakusketan izandako desilusioaren ondorioz, arte grafikoetara jo zuen; diziplina hori 1966an utzi zuen, berriro ere eta behin betiko pinturari dena emateko.

Hurrengo urteetan jarduera hori irakaskuntzarekin bateratu zuen eta Gasteizko gazteen belaunaldi ugarik aterako zuten horren etekina. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan pintura, eredu bizi eta estatuaren kopia ikasgaiak eman zituen 1967-68 ikasturtetik aurrera; horrez gain, Adierazpen Grafikoko Teknikak irakatsi zituen Jesus Obrero Politeknikoan ia hamar urtez, 1976 eta 1984 artean. Diziplina artistiko ororen zimendu sendoenak marrazketan eta teknika menderatzean oinarritzen direla gogorarazteko ohitura zuen. Orduan, teknika bikain menderatuta -kasuren batean artistaren teknika idazlearen gramatikarekin alderatu zuen- ikerketa eta esperimentazio plastiko oro ardura gehiagorekin jorra daitezkeela errepikatzen zuen.

Inoiz ez zuen gustuko izan talde edo kolektibo artistikoetan parte hartzea. Nahiago zuen bere aldetik joan, baina ez zituen elkarteko abenturak baztertzen hala eskatzen zitzaionean. Hori dela eta, hirurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean, ANSIBA taldearen (Araba aldeko Arte Ederretako Talde Nazional Sindikala) lehendakaritza onartu zuen, eta 1969an, bere agintaritzapean, I. Artearen Biurteko Probintziala sortu zen.

Ibilbide profesionalean ez zuen teknika artistiko bakarra eta esklusiboa erabili: olio-pintura, ondoren akrilikoa, akuarela eta marrazkia adierazteko modu erabat baliagarriak ziren berarentzat, garrantzi berarekin eta ez zien inolako hierarkiarik ematen. Hala adierazi zuen erakusketetan. 1971ko urrian, Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialeko Independentzia aretoan egindako erakusketan marrazkiak soilik erakutsi zituen. Akuarelarekin erakusketa monografikoak ere egin zituen. Hauek dira horietako zenbait: Gasteizko Eder-Arte galerian 1975eko maiatzean; Hedegile kaleko Espacio 40n, 1994ko ekainean; Luis de Ajuria aretoan 1996ko apirilean; Bilboko Berta Belazaren galerian, 2000ko apirilean eta Felisa Navarroren Gasteizko galerian, 2004ko azaroan.

Bilaketa askoz ere pertsonalagoa, hasieran giza irudiaren esperimentazioan, "pop-art" eragineko itxaropen bihurtuko da: egitura kromatiko aberatsen ekarpenekin. Ondoren, esperimentazio horrek gero eta sintetizatuagoak diren irudizko erreferentziak gorpuzteko beharra izango du, silueten eta oso markatutako profilen bidez. Koadroaren erabat kromatikoak diren atzealdeen gainean definitzen -eskematikoki eta espazialki- diren siluetak, ingeradak eta profilak. Ikerketaren hastapen horretan hirurogeita hamarreko hamarkadako lehen urteak eman zituen.

Pixkanaka adierazpen antropomorfikoetatik urrunduz, eta zuzenean horren ondorioz, gero eta barne-begiradazkoagoa eta intelektualizatuagoa den eboluzio-prozesuak, abstrakzio geometrikora edo analitikora eramango du. 1975az geroztik, hogei urtez, printzipio geometriko eta espazialek, eta koloreen konbinazio-dialektikak Rafael Lafuenteri adierazteko, komunikatzeko, modu berria ekarriko diote.

Orduan konposizio abstraktuak sortuko dira, lerroen, formen, koloreen eta mugen banaketatik eta konbinaketatik islatuta. Kontzeptuak eta balioak, garai batean bezala, espazioarekiko loturan definituta. Oso hausnartutako oreken (edo desoreken) unibertsoari egin behar diogu aurre, simetria (edo asimetria) oso aztertuekin eta ondo neurtutako distantziekin. Horrela, konposizio piktorikoak, formetan eta zabaltasunetan, berezko legeek gobernatzen dituzte.

Pintorea bilbe oso arrazionaleko zorroztasun geometriko arautzaile horretatik laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean libratu zen. Freskotasun eta naturaltasun handiagoa eskatzen hasi zen. "Askatasuna behar dut forman eta kolorean" (itzulpen moldatua gazteleratik) zioen 1994ko ekainean eta, aldi berean, keinuzkoagoak ziren diskurtso abstraktuagoak aldarrikatzen zituen eta, hortaz, akuarelaren prozedurari dagokionez berezkoagoak zirenak.

Gasteizko Amarica aretoak 1998ko martxoaren 17tik maiatzaren 3ra azken lanen bilduma jaso zuen (1990-1997). Bere alderdi esperimentalaren errepasoa izan zen, lan abstraktu eta geometrikoekin, baita bere azken etapa sortzaileko joera eta norabide garden, trebe eta argienetan ugariak diren formatu handiko akrilikoekin eta akuarelekin ere.

Lafuenteren heriotzatik urte eta erdira, 2006ko irailaren 8tik urriaren 12ra, Vital Kutxa Fundazioaren aretoak Rafael Lafuenteren erakusketa antolatu zuen, artista eta haren lana gogoratzeko. Artearekin bakarka hartu zuen ezin hautsizko konpromiso pertsonala nabarmenduta batik bat. Erakusketak bost atal izan zituen: "Trayectoria en el tiempo", "Geometría y color", "Espacio y color", "Últimas pinturas" eta "Obra sobre papel".

  • ARCEDIANO, Santiago. "El pintor Rafael Lafuente: de lo emotivo a lo intelectivo". Celedón, Jaietako aldizkari Grafikoa, 79 zbk., Gasteiz, 1997, 57-61 or.
  • DÍAZ BALERDI, Iñaki. "Transfinito real a la ecuación pictórica". Catálogo Rafael Lafuente. Pinturas. Bilbo: Bilbao Bizkaia Kutxa Erakusketa Aretoa, 1991.
  • FRAILE, María Asunción. "La acuarela no es un arte menor: Rafael Lafuente, en su exposición de la galería Eder-Arte". Norte Exprés, 1975ko maiatzak 22.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.
  • GÓNGORA, Francisco. "Muere Rafael Lafuente, uno de los más grandes pintores del último medio siglo". El Correo, 2005eko martxoak 9.
  • GUTIÉRREZ, Carmen. "La retrospectiva de Rafael Lafuente en el Museo de Bellas Artes permite aproximarse a una trayectoria artística definida por la coherencia". El Correo Español-El Pueblo Vasco, 1086ko ekainak 22.
  • LASHERAS, Amparo: "[Lafuente:] "Necesitaba libertad en la forma y en el color"", El Mundo del País Vasco, ekainak 26, 1994.
  • KORTADI, Edorta: "Rafael Lafuente, un convencido geómetra", Catálogo Rafael Lafuente. Retrospectiva 1961-1984, Arabako Arte Ederretako Museoa, Gasteiz, ekainak 20-uztailak 20, 1986.
  • SÁENZ DE GORBEA, Xabier: "El color que no cesa", Catálogo Rafael Lafuente. Obra 1985-1988, San Prudencio Aretoa, Arabako Aurrezki Kutxa Probintziala, abenduaren 1etik 18ra, 1988.
  • SAN MARTÍN, Francisco Javier: "Rafael Lafuente, un pintor solo", Catálogo Rafael Lafuente. Pinturas, 1990-1997, Amárica aretoa, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, martxoak17-maiatzak 3, 1998.
  • URQUIJO, Javier: "El espacio instintivo. El pintor Rafa Lafuente muestra una instantánea de su proyecto vital", El Mundo del País Vasco, apirilak 8, 2000.
  • VV.AA.: Exposición homenaje a Rafael Lafuente. "Línea, color, espacio", Vital Kutxa Fundazioaren Aretoa, 2006ko irailak 7-urriak 12.