Kontzeptua

Kultura exogenoak Euskal Herriko festetan

Kolektibo exogeno esatean, Erdi Aroaz geroztik nola edo hala Antzinako Erregimeneko ordena sozialetik at geratutako talde oro aipatzen da. Baztertzeko irizpideak ez ziren nahitaez beste etnia, hizkuntza edo erlijio batilotuak. Hori da agoten kasua, jatorri oso desberdinak eta ezaugarririk fantastikoenak egotzi zaizkien arren beti izan baitira bizi ziren herrietako hizkuntzan mintzatzen ziren katolikoak. Zeukaten diferentzia bakarra zen, hain zuzen, nozitzen zuten bazterketa, batik bat erlijioari, jaiei edo erritoei loturiko ekintzetan adierazten zena. Bestetik, okzitanieraz mintzatzen ziren kolektiboek, Erdi Aroaz geroztik gehienbat Nafarroan eta Gipuzkoako eki-iparraldean kokatuta, ez zuten jatorrizkoengandik inolako bazterketarik pairatzen, eta haiengan integratu ziren poliki-poliki.

Halako kolektiboak tradiziozko jaietan irudikatzeko moduak ere ez dira homogeneoak. Agotak zuzenean baztertuak ziren. Gaur egungo pertzepziotik paradoxikoa badirudi ere, musika joleak askotan agotak izaten ziren, zeren eta Antzinako Erregimenean, behintzat kaparetasun kolektiboko lurraldeetan (Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroako Pirinioetako haranak) musikariarena lanbide "zitala" zenez, ez baita harrigarri baztertutakoek halakoetan jardutea. Adibidez, Seguran 1760an egindako Batzar Nagusietan, hautesle nahiz hautetsi izatea eta ohorezko karguak betetzea debekatu zitzaien danbolin-jole, danbor-jole, harakin edo pregoilari zihardutenei. Horrexegatik, auzo-eskubiderik ez zutenez gero, dantzetan ere parte hartzea galarazten zitzaien. Hala izan da Baztango Arizkun herrian (Nafarroan) XX. mendearen erdialdera arte. Izan ere, hainbat dantza tradizionaletan dagoen figura koreografikoa, "zubia", jatorriarengatik edo jokabide desegokiengatik dantzan parte hartzeko eskubiderik ez zutenak egozteko erabiltzen zen, Iztuetak Gipuzkoan XIX. mendaren lehen laurdenean oraindik dokumentatzen zuenez.

Donibane Lohitzuneko badian finkatutako "kaskarotek" arrantzaren inguruan jarduten zuten, eta beren ezaugarri folklorikoak zituzten. Ez dago batere garbi haien jatorri etnikoa; egileen arabera, 1609an Iberiar Penintsulatik egotzitako moriskoekin edo bestela agotekin nahasiriko ijitoak omen ziren. Haien kolore nabarreko janzkerak eta dantza biziak deigarriak ziren jada XVII. mendean. XX. mendean ez dago gainerako biztanleetarik bereizterik, eta kaskarot hitza erabiltzen da Lapurdin eta Baxenabarren dantzari talde mota batzuk izendatzeko, haien koreografiak izen bereko kolektiboenenetatik datozelakoan.