Filologoak

Krutwig Sagredo, Federico

Fernando Sarrailh de Ihartua, Heiko Sagredo de Ihartza, Mendiguri.

Euskal abertzalea, politikoa eta idazlea. Getxon (Bizkaia) jaio zen, 1921eko maiatzaren 15ean, Bilbon hil zen 1998ko azaroaren 15ean.

Aita alemaniarra zuen eta ama Veneziako etorkin bizkaitarra. Nerabezaroan ikasi zuen euskaraz, bere kabuz.

1941ean Resurrección María Azkue ezagutu zuen eta elkarlanean aritu ziren heriotzak banatu zituen arte. 1943an gainbeheran zegoen Euskaltzaindian sartu eta Azkuerekin batera suspertu egin zuten. Garai hartan pintoreen Mikeldi taldea eta Ikerketaren Julio de Urquijo Institutua eratu zituen. Euskararen batasun literarioaren sustatzaile nagusietako bat izan zen Krutwig. Horretarako maileguak onartzea proposatu zuen:

"Ez dezagun, beraz, euskararen gaitasunik eza aipatu, mito hutsa baita. Eta hori horrela izanik, poz gaitezen, gure hizkuntzaren salbazioa egoera horretan datza eta. Gaur egun, Afrika ekuatorialeko herri zaharrek kultura bakandua dute benetan, baina horregatik, hain zuzen, haien hizkuntzak ez dira baliozkoak bizitza modernoan, ez baitute mendeetan zehar izan behar zuten garapena ukan. Euskarak, euskaldun zaharrek, benetako filologo eta hizkuntzalariek zientifikoki ulertu zuten kulturaren esanahia. Gure arbasoak bazekiten ez genuela borrokatu behar menderatu ezin genuen etsaiaren aurka, hori dela eta, tregua eskatu eta baldintzak moldatu eta findu zituzten, bakean bizitzeko xedez". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Purismoa, bere ustez, gerruntze itogarria besterik ez da:

"Puristen erruz euskara sufritu egin zuen. Debekatuta zegoen kontzeptu berrientzat behar zen hitzak hartzea, gizakiak, ordea, ideiak adierazteko beharra zuten; haurrentzako euskarak ez zuen horretarako balio, horren ondorioz, ez zuten euskaraz hitz egiten. Modu horretan, herriaren alde egin beharreko lana erdaraz egiten zen eta euskal espirituaren errota arroztu egin zen. Euskaldunek erdaraz idatzi zuten euskaraz garatu beharreko kultura eta hizkera herrikoia amildegitik bota zuten. Erdara hirietan barneratu zen, baliabide kultuen jabe egin zen. Eskolako hizkuntza ere erdara zen. Badakit, zenbaiten ustez gure etsaiak izan zirela eskoletara erdara ekarri zutenak, baina hori ez da egia osoa. Gaur egun ere, Katalunian katalana erakusten da eskola pribatuetan eta erlijio-eskoletan; izan ere, katalanek merezitako prestigioa dute, katalanek haien hizkuntza maite eta zaintzen dute, eta horren aurka, ez dago balioko duen estatu indarrik. Euskal Herrian ez bada gauza bera gertatzen errua geurea da, ez atzerritarrena". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Euskalkien aldeko jarrerak hizkuntza makaldu zuen. Krutwigen arabera, lapurtarra izan behar da batasunaren oinarri:

"Europan abertzaletasuna suspertzearekin batera, badirudi Euskal Herrian kabilismoa sortu zela eta, XIX. mendean, batasuna erdietsi zuen euskarak uniformetasuna galdu zuen, eta literaturan bakoitzak bere euskalkia sortu behar zuela esan daiteke. Modu horretan, zenbaitek edozein euskalki edo sasi-euskalki erabiliz idatzi behar zela uste zuen. Tamaina horretako ezjakintasunaren ondorioz izugarri ahuldu zuten euskara apala. Guztiok dakigu euskalkietan bizirik dirauten xehetasunak oso interesgarriak direla hizkuntzalarientzat. Baina, Filologia aintzat hartzen badugu, hizkuntzek gizartean izan behar duten prestigioa kultuek erabiltzen duten lengoaiarekin erdiesten dela ikusiko dugu; hori dela eta, kultuei begira egin ezean, gure hizkuntzak ez du prestigio handiagoa izango. Hizkuntza orokora bat izan behar dugu. Luis de Elizaldek zioen moduan. Arrazoi beragatik, euskararen batasuna taxutzeko, gehien idazten den euskalkia hartu behar dugu oinarri eta ez gehien hitz egiten dena, izan ere, bateratutako literatura hizkuntzak, lehenik eta behin, irakurri egiten dira. Arrazoi hori dela medio gure literaturako hizkuntza tradizionala hartu behar dugu, eta hori guregana Leizarraga, Atsular, Echeberri edota Haranederren bitartez iritsi den literatura lapurtarra da" (Gernika, 14. zenbakia., 1951, 8-11. or.) (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Mitxelenak, garaiari buruzko historia ezartzerakoan, honakoa esan zuen Euskaltzaindia eta euskarari buruz:

"Aurreko adostasuna Federico Krutwigek apurtu zuen eta mugimendu zaratatsu eta hainbat arlotan iraultzailea bideratu zuen. Mugimendu horrek, gorabehera asko izan dituen garapenak garapen, iritzi sendo bat eratu du". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

"Arrunkeriarekiko joera" edo euskal jebismoaren aurka esan zituen hitz zorrotzak sona handikoak dira:

"Orokorrean, gutxiengo etniko bateko kide izatea azpigaratutako herri bateko kide izatea da. Frantziarrek esaten duten bezala, "minorité-minorisé-minable". Horietan guztietan klase nagusia desnazionalizatu egiten da eta hura menderatzen duen metropoliarekin identifikatzen da kulturalki eta politikoki. Euskal Herrian ez da halakorik gertatzen. Gure gizarteko esparru kultuetan ez da euskaldun izatearen lotsarik izan. Bretoiekin gertatzen denaren aurka, euskaldun izateak ez du balio gutxiagokoa izatea esanahi. Dena den, Euskal Herrian arrunkeriarekiko joera garbi bat dago. Arrunkeriarekiko gurtza dagoela esango nuke. Euskalduna nekazari ergelarekin identifikatzeko asmo bat dago, euskal kultura, kultura herrikoi edo landako batekin identifikatzeko asmoa dago, zentzurik iraingarrienean. Hori Arrueren pinturan nabari daiteke, besteak beste. Greziarren jokabidea hartzea komeni da; haiek seme-alaba ederrenak baino ez zituzten islatu. Gure herrian nekazari ergela ez da eredu izan behar, nekazari jasoa baizik, bizkorra eta jakintsua den hura". (Muga 2. zenbakia, 56-57. or.) (Itzulpen moldatua gazteleratik)

1952ko maiatzean, Bizkaiko Foru Aldundian diskurtso kartsu bat eman zuen Luis Villasante Euskaltzaindian sartu zela probestuz. Diskurtsu horretan garai hartan ezohikoa zen tonua erabali zuen Krutwigek elizaren bikoizkeria salatzeko; izan ere, bere iritziz elizak herri-hizkerak goratzen zituen leku batzuetan eta baztertu egiten zituen beste leku batzuetan, esate baterako, Euskal Herrian:

"Herri batean bost atzerritar badaude, egunen batean kasualitatez meza entzutera joango balira ere, haien hizkuntzan egiten da predikua zur eta lur dauden herritarren aurrean, nahiz eta sekula ez diren meza entzutera joango; aitzitik, Bilbon bizi diren euskaldunak, ehunak izanik ere, predikua ez da haien hizkuntzan ematen". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Egun batzuk beranduago mugaz bestaldera jo behar izan zuen, espiritu separatista zaharra suspertzeko ahalegina leporatuta. Donibane Lohitzunen Lezo de Urreztieta errefuxiatua eta Jagi mugimenduko kideak ezagutu zituen. Parisen Jon Mirande eta haren lagun filo-faxista bretoiak. Geroago Alemaniara joan zen; han ezkondu eta bereizi egin zen, eta 1961ean Miarritzera itzuli zen. Egun horietatik aurrera, hasi zen 1963an (Buenos Aires, baina berez Parisen) Fernando Sarrailh de Ihartza izengoitiarekin argitaratu zen Vasconia ezaguna ernamuintzen. Frankoren aurkako belaunaldi gazte zabal baten zinezko biblia, Sabinoren abertzaletasun tradizionala zalantzan jartzen zuena. EGIko militar oihekin aritu zen elkarlanean, "borroka armatuari" buruzko teoriak lantzen zituzten komandoak prestatzen. 1964an Frantziatik bota egin zuten eta Bruselara abiatu zen. Han ETAko kideekin jarri zen harremanetan eta bi txosten taxutu zituen Lapurdiko Getarian ospatu zen erakundearen Bosgarren Asanbladarako (1966-1967). Bitartekari moduan aritu zen erakundearen eta txekiarren artean, armak eskuratzeko. Ondoren Erromara joan zen. Pixkanaka-pixkanaka ETA erakundea utzi zuen eta 1975ean guztiz eten zuen erakundearekin zuen harremana. Hala eta guztiz ere, erakundeko pentsalari nagusietakotzat hartzen da gerora ere.

Franco hil zenean literaturako irakasle flandestar batekin ezkonduta zegoen eta Zarautzera (Gipuzkoa) jo zuen. Bertan, gogoeta eta literatura ekoizpena izan ziren bere ogibide bakarrak. Hainbat aldizkaritan kolaboratu zuen: Egan, Gernika, Euskera, E. Gogoa, Branka edo RIEV eta baita Deia egunkarian ere. Hizkuntza ugari zekizkien eta Goethe (Gernika, 1951) edo Maoren lanak itzuli zituen: Liberalkeriari aitzi y Praktikaz (1968). Horrez gain, gutxiengo nazionalei buruzko mezuak zabaldu zituen hainbat kongresutan. Vasconiak izandako arrakastaren ostean, liburu ugari argitaratu zituen: La cuestión vasca (1965), Vasconia y la nueva Europa (1976), Garaldea. Sobre el origen de los vascos y su relación con los guanches. (Txertoa, 1978), La nueva Vasconia (Vascas, 1979), Mikelditarrak (Vascas, 1979), Ekhaitza (Haranburu, 1980), Igibarziaren iphuiak (Haranburo, 1981). 1982an, "Belatzen baratza" bildumaren barnean (Haranburu Editore) Jakintza-baitha, Erroten Burgiko mystérioa, Harbelnoren amazônak, eta Mystagintza zaharra argitaratu zituen, eta Otsoaren bidea bildumatik aparte. 1983an Ortziren zaldiak, Garaziko oihanaren thauma, Sua ez da hiltzen. Azkenik, 1984an Computer Shock Vasconia kaleratu zen. XX. mende amaierako Vasconiak zuen erronka informatikoari buruzko gogoeta zorrotza.

IEZ

Lapurtera klasikoan oinarritutako euskararen batasunaren alde agertu zen Krutwig, antzinako hainbat idazlek (Axular edo Leizarraga, besteak beste) erabiltzen zuen euskararen alde. Baina hark euskaraz argitaratutako narrazio-liburuek ez zuten ia oihartzunik izan, izan ere, erabiltzen zuen euskarak ez zuen ia zerikusirik Euskaltzaindiak bateratu zuen euskararekin eta oso zaila egiten zitzaion ulertzen ohiko irakurleari. Edozein kasutan ere, Krutwigen pentsamendua gordetzen zuten liburu gehienak gaztelaniaz idatzi zituen.

Ideologiari dagokionez, Kant eta Schopenhauerren jarraitzaile aitortu zuen bere burua, eta baita Greziako eta Erromako zibilizazio klasikoen paganismoaren aldeko ere. Bere azken lanean ideia berriak beti gizonaren ekoizpen izan direla esan zuen, nahiz eta gero emakumeak izan diren ondoen interpretatu dituztenak. Halaber, adimenez atzeratu zirenei bideratzen zitzaien gizarte-artapenak desagertzearen alde agertzen zen. Bestalde, onenek osatzen zuten gobernuaren borondatea babesten zuen eta aristokrazia goresten zuen demokraziaren aldean; izan ere, demokrazia "tentelkrazia" bihurtu zatekeela uste zuen.

FIO 2002