Dantza

Korpuseko Ezpata-dantza

Munduan tankera askotako ezpata dantzak egiten dira. Horien artean, bada molde bat ustez Europako erdigune ia osoan - Frantzia, Alemania, Italia, Britania Handiko herrialde askotan antzinako lekukotza dokumentuak ugariak dira- ezagutu eta egun oraindik herrialde askotan egiten dena. Penintsula Iberikoan ere hainbat eskualdetan - Galiziako eta Huelvako herri hainbatetan esaterako. Ezagunenak Redondela eta Alosnokoak. Baina Burgos, Ciudad Real edo Huescan ere, adibidez, ongi mantentzen dira- luzera handiko ezpatak eskuetan, nork berea eta aurreko edo atzekoarena ere muturretik heldurik, dantzari kate luzeak antolatzen dira. Maiz banako dantzari osagarriak izaten ditu, batzuetan ezpata txikiak eskuetan, katearen aurretik edo inguruan dantza bereziak egiten dituztenak, edo animatzaile gisakoak. Dantzaren mamia denen artean, lekuan lekuko doinu, erritmo, jantzi eta tresnek lagunduta, zubiak, arkuak, izarrak eta bestelako koreografiak antzeztea da.

Horri, Euskal Herrian, azken mendeetan batez ere Gipuzkoako inguruetan ezagutu denari, esaten zitzaion Korpuseko Ezpata dantza, egun seinalatu horretan egiten zelako urtero. Jai erlijioso horrek indar publikoa galduz joan zen neurrian, izena ere soildu eta hainbat lekutan, egun horretan beharrean, jai nagusian eskaintzen da. Hala ere, bada Gipuzkoako Korpuseko Ezpata dantzan doinu berezi bat bakarrik Jaungoikoa dagoen ostensorioaren aurrean jotzen eta dantzatzen dena. Aldaera honi deitzen zaio Jaunaren aurreko Ezpata dantza.

Udaletxeetako Ezpata dantzarako kontratazioak, debekuak edo gotzaien baimenak adierazten dituzten dokumentu zahar asko iritsi zaizkigu, zeinen bitartez argiro ikusten den guztiz errotua eta hedatua zegoela Gipuzkoan Korpus egunean eta beste festa erlijioso handietan, zein bisitari handikien ongietorrietan, dantza hau dantzari talde handiz burutzea. Zumarraga eta Legazpikoak izango dira ziur aski egungo famatuenak, baina tokian tokiko hamaika aldaera ditu, batzuetan ezpatarik ere erabiltzen ez delarik, baizik-eta apaindutako makilak. Lesakakoa, baita Berakoa, Debakoa edo Tolosako Pordoi dantza ere jatorriz ezpata dantzak dira, ezpatarik erabiltzen ez badute ere. Horrenbeste Oñatiko Korpuseko dantzak. Bizkaian ezaguna da Xemeingo Ezpata dantza.

Testigantza zahar ugariak daude honen inguruan, baina bere izaera hobekien Juan Inazio Iztuetak adierazten du:

"Ezpata dantza gogoangarri au da, guzietan beti Gipuzkoatarrak txit maite izan ta izango dutena; zeñarekin menekiatu edo obsekiatzen ditugun, ala geren errietako batzartar jaunak nola orube edo suelo maitagarri onetan, egiteko aundietara, anitz bider igaro izan diraden Españiako gizon goienengoak, eta era guzietan beti biotzetik maitatu ditugun Erregeak. Baita munduko errege guzien gañekoa dan egiazko gure Jaungoiko Jauna ere, Gorpuz egunetan donesoaita edo prozesiora ateratzen dutenea".

Hala ere, Iztuetak berak aipatzen du XIX mendearen hasieran krisian zegoela:

"Donostiako Uri leñargitiak Gorpuz egun guzietan egiten ditu ezpata dantzari ondrosoak; baita Andoaindarrak ere. Baña gañerako erririk geienetan ez dirade oroitzen izenaz ere, alik eta Erregeak eta oen urrengo persona goienengoak, orube maitagarri onetan igaro bear dutenean, gure ama gozatsu Gipuzkoak, dantza gogoangarri onekin berak menekiatu edo obsekiatzeko agintzen dien artean. Eta orduan, bide aundian daudenetakoak or oi dabiltza guziz arazo aundietan, azka ta puzka, ezin biribillaturik, ez ezpata luze anzinako aietako bat, eta ez ezpata dantza zer dan dakienik (...).

Gipuzkoa guzian iru erri bakarrak senti ditut anziña anziñako ezpata luze aietakoak zuzenkiro gordakaiatzen dituztenak, zeña diraden: Andoain, Zaldibia, eta Idiazabal".

XIX mendean Brokel dantza sailari hainbat gehigarri erantsi zitzaizkion eta horietako bat Ezpata dantza soilagoa, antolatu zen bertan, ziur aski Jose Antonio Olano, Iztuetaren ikaslearen eskutik, talde txikiagoek dantzatzeko modukoa eta koreografia handirik gabekoa. Egun maiz egiten dute dantzari taldeek ikusgarri gisan.

Donostian ongi eutsi zitzaion Korpuseko Ezpata dantzaren ohiturari Iztueta bera, Olano eta Pujanatarren eraginari esker. 1927 urtean José Lorenzo Pujana Donostiako Udaleko Euskal dantzen Herriko Eskolako maisu eta zuzendari jarri zutenetik eta gerraren ondoren bere seme Cándidok sortutako Goizaldi taldearen bitartez Ezpata dantza osoa egiten zen Korpus Egunean. José Lorenzo Pujanak antolatu zuen dantzarien azken ekitaldia, hain zuzen, 1947ean Ezpata dantza izan zen, Lasarteko Hipodromoan eta Francisco Francoren omenez. Ehun eta berrogeita hamar bat dantzari bildu omen zituen eta horren nekearen ondorioz hil omen zen. Geroago, ilarak desagertu ziren eta egun, bakarrik hiru dantzarik egiten dute Katedralaren aurrean.

Azken urteetan berreskuratzeko ahalegina egin da hainbat herritan (Andoain, Beasain, Elgoibar, Eibar, Iruña...). Eguneratzeko kriterio berritzaile egokiak izan dira kontuan batzuetan (emakumezkoak dantzari aritzea, esaterako), baina musika aldetik bizirik iritsi zaigun tradizioarekin urraketa handiegiak egin dira beste batzuetan.