Kontzeptua

Korneta

Tronpeta, turuta

Korneta, tronpeta eta turuta bezalako beste izendapenekin ezagutzen dira mihi bakuna eta batiente duten fita batekin egindako hots-tresna hauek, gure artean, nagusiki abisuak eta deiak egiteko erabili izan direnak eta oraindik toki askotan erabiltzen direnak. Antzuolan fita-adarra izenarekin jaso genuen.

Egitura aldetik, nagusiki hiru korneta mota edo modelo ezagutzen dira; jatorrizkoak, eta hauetan oinarriturik, hainbat materialez egindako besteak: Jatorrizko kornetak abere baten adarrez egiten ziren, nagusiki behi adarrez. Adar punta moztu, eta erdian barruko tutu konikoraino zulo zilindrikoa eginez, zulo horretan klarinete tipotako mihi bakuna batientezko kanaberazko fita bat jartzen zaio. Fita honek ematen duen hotsa adarrak handitu eta sendotu egiten du, eta modu horretan kornetaren hotsa urrutitik entzun daiteke.

Ehizarako edo ehiztarien korneta deitzen dena, jatorrizkoa bezala adarrez egiten da eta adarraren puntan, kanaberazko fita ordez, metalezko tutua eta mihi dituen fita jartzen zaio. Badira ere, metalezko ordez, plastikozko fita dutenak.

Harrobietako Korneta izenarekin ezagutzen da adar itxura duen letoizko korneta. Puntan daraman fita ere metalez egina da. Harrobietan erabiltzen dira eta hortik hartzen du izena. Harrobietan, eztanden aurretik, kornetaren joaldien bitartez abisatzen da inguruan dabilen jende guztiari, leherketa izango dela, eta hori pasa arte, arriskua ekiditeko, leku babestua eta segurua hartu behar dela.

Modelo bat edo bestea izan, izen bat edo bestearekin, korneta hauek hamaika funtzio bete dituzte gure herrietako funtzionamentuan: Saltzaile ibilkariek halako kornetak erabili dituzte salmenta tokira iristerakoan, ingurukoei iritsi direla abisua emateko.

Gure herrietan egiten ziren mota guztietako dei edo pregoi publikoetan, halako kornetak erabiltzen ziren (gehienetan pregoilaria udaleko aguazila izaten zen).

"Dula" delako abereak zaintzeko sisteman, herriko hainbat etxeetako abereak atera eta zaindu behar zituzten abeltzainek, ateratzerakoan abereak biltzeko, eta bueltan, abereak euren etxeetara banatzeko, adarren ordez zenbait tokitan halako kornetak jotzen zituzten.

Zuberoako Maskaradetan, beste soinu-tresna eta hots tresnen artean, halako kornetak erabili dira.

Ituren eta Zubietako Zanpantzar konpartsaren zuzendariak, taldearen koreografia aldaketak zuzentzeko, sistema honetako fita duen adar bat jotzen du.

Oiartzungo ehiztariek halako kornetak erabiltzen dituzte Bianditz aldean basurdetara joaten direnean.

Gaur egun, Nafarroako Etxalarko usategietan, urtero sarez egiten duten uso ehiza garaian, "trepa" izeneko dorrean dauden "paleta" botatzaileek korneta hauek erabiltzen dituzte bi motako abisuak emateko: lehen joaldia, uso bandoa agertzen denean jotzen dute, eskopetekin ari diren inguruko ehiztariei isiltzeko eskatzeko, eta bigarrena, usoak pasa direnean ehiztari horiei abisatzeko hasi dezaketela saretik ihes egindako usoak tirokatzen.

Eguberrietako eta inauterietako bezalako puska-biltzean edo santa-esketan ibiltzen diren taldeek adarrak eta halako kornetak erabiltzen dituzte euren kokapena emateko eta etxeetakoei eske dabilen taldearen iritsiera edo presentziaren abisu gisa.

Aita Donostiak turuta - trompeta izenarekin, tronpeta motako soinu-tresnak biltzen ditu (Donostia, 1952):

"Este aerófono también recibe el nombre de "tuta" y "tutu", porque es no solamente el cuerno, sino también la corneta o clarín con que se anuncia la presencia de la pesca (...)
Para la trompeta o corneta de caza se usa "arrain-beharri", y es de concha. La trompa de caza (cor de chasse) recibe los nombres de "adarturanta", "deiadar" (...)
En la región vascofrancesa se llama "mairu-adar" a la trompeta mora".

  • DONOSTIA, Aita. "Instrumentos Musicales Populares Vascos". Obras Completas del P. Donostia (2. tomo). Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1983; 257-309 or.