Dantza

Kontrapasa

Iztuetak komentatzen zuen bezala, kontrapasa erabiltzen zen soka-dantzetan andrearen aurrean dantzatzeko, eta gaur egun gutxienez, abiadura ez oso motel batean egiten da, demagun beltza=80 gutxi gorabehera. Tradizioaz, halere, pieza bakarra heldu zaigu hori egiteko, lehen ikusi duguna, gaur egun agurra izenarekin ezaguna. Zertarako konposatzen -eta jotzen- ziren, orduan, kontrapas berriak? Iztuetak berak ere aipatu zuen protokolozko erabilera, eta horretan pentsatzekoa da, minuetoarekin gertatzen den bezala, abiadura askoz ere motelagoa izan behar zela. Hori oso nabaria da adibide oso birtuosistiko batzuetan, non nota oso motz batzuk, hala nola kortxeaerdikoen hirukotxoak eta fusak oso ugariak baitira. Horien artean, aipatzekoak dira adibidez Intxaustiren kontrapasak (beriziki azken hirurak, hirugarrena, laugarrena eta bostgarrena, txistulari birtuosoaren errepertorioko obra arruntak zirenak, XX. mendearen bigarren hamarkadan behin baino gehiagotan obra behartuta erabiliak Donostiako txistularien lehiaketan) baina orduan beltza=60 gutxi gorabeherako abiaduraz joak. Eta kontzertuetan erabilitako batzuk, hala nola Laskurainen kontrapasa ez zen batere arraroa motelago ere, beltza=55eko abiaduraz entzutea.

Azken garai honetan, alegia, musikagile oso garrantzitsu batzuek txisturako konposatu dituzte obra batzuk genero hain anakroniko honetan: inportanteenen artean aipa ditzakegu Jesus Guridi (Alborada en cuatro tiempos), Luis Aramburu (Pequeña suite), Tomas Garbizu (Euskal suitea I eta II), Jose Maria Gonzalez Bastida (Iduriak), Luis Urteaga (Iztilargi), Jose Uruñuela (Sonatina baska), Eduardo de Gorosarri (Alborada en tres tiempos), edo Rodrigo A. de Santiago (Cuatro piezas características vascas, Erandio Goikoa, Iruña eta Sonata de las Encartaciones).

Azken urteotan, halere, eta neurri handi batean Jose Inazio Ansorenak txistuari emandako bultzadari esker, joera izan da kontrapasak modu azkarrago batean jotzea, bere dantzaren jatorriaz pentsatuz. Zentzu horretan, adibidez, Donostiako Udal Txistularien Taldeak Gipuzkoako dantzak diska 1997an grabatu zuenean (IZ-490 KD) beste kontrapas bat jo zuen ohiko agurraren ordez. Hala eta guztiz, gaur egun ezin da esan kontrapasa, txistuaren girotik kanpo, oso ezaguna denik. Alde batetik agurra oso ospetsua da aurreskuaren doinua bezala, baina beste aldetik, esan daiteke txistularien kontzertu handietan gutxiago erabiltzen dela eta bereziki txistularien protokolozko erabileran -dudarik gabe herri mailan hiru funtzio hauetatik gutxien ezagutzen dena- aurkitzen duela bere funtsa. Egoera honetan, beraz, zaila da tenore honetan ospea eskatzea. Baina ez bere garrantzia historikoa azpimarratzea.