Kontzeptua

Komikia Euskal Herrian

Nahiz eta komiki-lengoaiaren oinarriak askoz lehenago osatu -gaiaren gaineko azterketarik zorrotzenek adierazi dute sortzailea Rodolphe Töpffer suitzarra (1799-1846) izan zela-, binetetan kontatutako istorioak XIX. mendearen amaieran zabaldu ziren, Ipar Amerikako egunkari ezagunenek komikiak erabiltzen hasi baitziren aleak saltzeko erakargarritzat. Egunkarien arteko lehia basatiaren arma nagusia izanik, komikia berehala hedatu zen jendearen artean, eta mendebaldean, entretenimendurako baliabide garrantzitsuenetako bat bilakatu zen.

XX. mendeko lehen erdialdean, komikiaren garapena prentsarekin oso lotuta egon zen, eta egunkaria oinarrizko euskarritzat izan zuen, beste formatu batzuk agertzen hasi zirenean ere (aldizkariak, liburuxkak, albumak...). Formatu berri horiek irakurle-talde zehatz bat zuten helburu: haurrak. Horrela izan zen familiek beste entretenimendu modu batzuk eduki zituzten arte, eta horien artean, telebista nabarmendu behar dugu bereziki, lehen prentsak aisialdian izandako rola hartu baitzuen.

Komikiak bere hastapenetan prentsarekin izandako sinbiosi horren ondorioz, euskal komikigintza mugatuta egon da hasieratik. Euskal Herriko egunkariek ez zuten inoiz tokiko prentsaren eremua gainditu, hedapen geografiko hertsia eta tirada apalak baitituzte. Gainera, duela gutxi Euskaldunon Egunkaria (1990-2003) eta Berria (2003-...) agertu ziren arte, hizkuntza zabalduenetan argitaratzen ziren, hizkuntza horiek aukera komertzial handiagoak ematen zituztelako. Komikiak gutxieneko jarraitasun batekin ekoizteko gaitasuna, hortaz, mugatua izan da beti.

XIX. mende amaieratik, euskal egunkarietan eta aldizkarietan umorea eta satira politikoak izan ditugu aldizka, karikaturetan eta txisteetan islatuta, egoera politikoak eta botereen tolerantziak hala baimentzen zuenean. Aitzitik, Ipar Amerikatik sindikatutako serieak iritsi ziren arte, ezohikoak ziren formatu jarraituak, hala nola pertsonaia finkoaren eguneroko tirak. Panorama apal horren erdian, gogoratzekoa da Ion Zabalo Ballarin "Txiki" edo Eduardo Lagarte marrazkilariek hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan egindako lana. Izan ere, ilustrazio eta txiste isolatu batzuk baino egin ez bazituzten ere, besteen artean gailentzen ziren, grafismo landuagoa baitzuten.

Gerra zibilak eta horren ondorioz gertatutako estualdi ekonomiko eta politikoek ekoizpena berehalakoan moztu zuten, eta denbora luzez urria izan zen. La Gaceta del Norte bilbotar egunkaria Luis del Olmoren "Don Celes" argitaratzen hasi zen 1945ean, eta horixe dugu euskal lagin gutxien artean nabarmenena eta urte gehien iraun dituena. Inori kalterik egiten ez zion umore atsegina zuenez, garai txarretan ere bideragarria zen eta aldaketa politiko, sozial eta kultural handietatik bizirik atera da. El Correo egunkarian argitaratzen da gaur egun.

Demokraziarako trantsizioak prentsaren panorama eraldatu zuen: Mugimenduko Prentsaren tokiko egunkariak desagertu ziren, eta luze iraungo zuten egunkariak jaio ziren, hala nola Deia eta Egin (1977an), iraupen txikiko beste batzuekin eta zenbait aldizkarirekin batera. Askatasunak eta komikiak gizartean hartutako ospeak berezko komiki-tirak sortzera animatu zituzten egunkari batzuk, baina ez zuten denek egin. Deia egunkariak Ipar Amerikako tira klasikoak argitaratzen zituen batez ere, nahiz eta 1980an luzeen iraun duen tira sortu zuten: "Marizoro". Iñaki Cerrajeriak egiten zituen marrazkiak, Jesus Mari Alegriaren gidoien gainean, eta 7 urtez argitaratu zuten.

Egin egunkaria hiru euskal egileren tirak argitaratzen hasi zen, eta haien nortasun grafiko nabarmenak garaiko memorian arrastoa utzi du. Era berean, Yon Zabaletaren, Juan Carlos Eguillorren (biak izenburu finkorik gabe) eta Antton Olariagaren ("Zakilixut") lanak ere ikusi ahal izan genituen egunkari haren orrietan. Lehenengo biek kolaboratzeari utzi zioten 1979ko udaberrian, eta gero, komikia alde batera utzi zuten adierazpen baliabide gisa, beste lengoaia artistiko batzuk probatzeko. Olariagaren tirak, aldiz, hogeitamar urte pasatxo eta hainbat egunkari geroago, Berria egunkarian bizirik dirau, eta gaur egun, prentsan ikus dezakegun euskal komiki gutxietako bat da. Hasieratik, "Zakilixut" tirak gai politikoen eta sexualen gaineko txantxak egin izan ditu, euskaraz eta ahoan inolako legarrik izan gabe, umorea pil-pilean dauden gertakizunekin nahastuz.

Urte gutxi batzuez, zenbait egunkaritan, gazteentzako asteroko gehigarriek istoriotxoak eskaintzen zituzten. 1984an, Egin egunkariak Gaztegin argitaratu zuen: istoriotxoak biltzen zituen orrialdea zen. Mauro Entrialgoren, Pedro Osesen eta Joaquin Resanoren tirak eta komikiak zituen, besteak beste. El Diario Vasco egunkariak, bere aldetik, DVórame argitaratzen zuen, Jose Mari Aleman Amundarainen tirekin, gero beste egile batzuek ordezkatuko zutena. Hala ere, batek ere ez du aipatutakoen jarraitasuna lortu.