Kulturalak

Kimuak

Kimuak euskal metraje laburraren arte sormena sustatu eta nazio eta nazioarte mailan bere hedakuntza bideratzea helburu dituen programa da.

Erakunde-ekimen horren oinarriak 1997an finkatu ziren, Donostia Kultura eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailek kideen artean izandako batzar batzuetatik abiatuz. Batzar horietan euskal metraje laburrari eragiten zioten arazo larri batzuk antzeman ziren. Une horretara arte ziren metraje laburreko ekoizpenetarako diru laguntzak ez zuten tamalez bere banaketa bermatzen. Beharrezkoa zen ekoizpenerako diru laguntza horiek mantentzen jarraitzeaz gainera, metraje laburreko filmen beharrezko banaketa gauzatzea lortu ahal izateko bideak aurkitzea. Eta gero, sustapen- eta hedapen-arazoak ere nabarmentzen ziren. Zine-zuzendariek nahikoa zuten laburra egitearekin.

Kalitate handiko lanak, baina, halere merezi zuten nazioarteko hedapenik ez zutenak. Gabezia horiek konpondu eta Euskadiko metraje laburrarekiko eskabideei erantzuna emateko, Eusko Jaurlaritzak Kimuak programa abiarazi zuen. Katalogo bi sortu ziren. 1 Katalogoa Euskal Autonomia Erkidegoaren baitan banatzeari ekiten ziona eta 2 Katalogoa nazioarteko banaketari buruzkoa. 1 katalogoaren helburua E.A.Ean ekoiztutako labur guztien erakusketa bermatu, gutxienez hiru hiriburuetan behintzat, herrietatik banaketa erraztu eta banaketa alogerarekin eta ikustaldi bakoitzeko prezio finko bat ezartzearekin errentagarri eginez. 2 katalogoak bere ahalegin guztiak nazioarte mailan dagokien kalitateagatik hedapen ona izan zezaketen laburrak hautatzera bideratzen zituen. Geroztik labur horientzako lehiakorrak liratekeen informazio- eta publizitate-euskarriak bermatzen zituen, hautatutako laburren arte-kalitatearen parekoa zen nazioarte mailako hedakuntza izan zezaten helburua bilatu nahiez. 1 katalogoan metraje labur bat erroldatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzak ekoizleari euskarri zinematografikoan aldaki bat lagatzea eskatzen zion (16 mm. edo 35 mm.).

Filma bi urtetan itzultzekoa zen. Laburrak bere osotasunean edo zatiren baten Euskal Autonomia Erkidegoan eginak behar zuen edo/eta bere zuzendaria bertako egoiliarra izatea. Behin programan erroldatuta, ekoizleak hurrengo abantailak zituen: Eusko Jaurlaritzak erroldatutako labur guztien argibide-orriak zituen karpeta argitaratu. Karpeta hori E.A.Eko programatzaile zinematografikoei igortzen zitzaien eta alogeraren truke kopiak izan zitzaketen. Alogera gisa jasotako dirua laburren egileei ematen zitzaien. Gainera, Kimuak-en erroldatutako edozein labur, E.A.Eko hiru hiriburuetan, gutxienez, emango zenaren konpromisoa zegoen. Geroztik, hautaketa-batzorde batek 1 katalogoan erroldatutako laburren artean garbiketa egiten zuen. Nazioartean jarduteko nolakotasun gehiago zituztenak ziren 2 katalogoa egiteko hautatuak. Eusko Jaurlaritzak orduan, hautatutako laburrei zegokien informazio-karpeta argitaratzen zuen. Karpeta hori nazioarteko zinemaldietara eta telebista-erosleengana bidaltzen zen. Gainera, nazioarteko zinemaldiak hautatutako laburren kopia bati gutxienez azpitituluak jartzen zitzaizkion. Horrela gelditu zen eratuta Euskadiren barrena eta bertatik kanpo euskal zinemagileen lanak sustatu eta hedatzeko plataforma.

Ibilbidearen lehen bi urteetan (1998 eta 1999) Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik zuzenean kudeatu zela esan behar da. Gainera, programan aurreko urteetako laburrak ere onartzen ziren. 1998ko nazioarteko katalogoak, Kimuak-en abiapuntua zena, Tinieblas Gonzalezen Por un infante difunto (Cannesko Kritika-Astearen Metraje Laburrik Hoberenari Canal Plus Saria) edo Begoña Vicarioren Pregunta por mi (1996an Animazio-Laburrik Hoberenari Goya Saria) bezalako saritutako laburrak zituen. Gainera Koldo Almandoz (Razielen itzulera) edo Asier Altuna eta Telmo Esnal (Txotx) bezalako zuzendarien laburrak ere bazituen. Aipatutako zuzendariak Kimuaken urteroko deialdietan, euren arte-proposamenen kalitateari esker, ohiko ziren. 1999ko katalogoak 1997ko labur bat -Ramon Barearen Muerto de amor zirraragarria- eta Asier Altuna eta Telmo Esnalen 40 ezetz , Koldo Serraren eta Gorka Vazquezen Amor de madre edo Tinieblas Gonzalezen The Raven bezalako ezinbesteko laburrak ere barneratu zituen. 2000tik 2004ra Kimuak Donostia Kulturaren menpe zegoen. Erakunde horren arduraduna zen Jose Luis Rebodinosen kudeaketaz, programak kalitatean eta handinahian urrats garrantzitsu bat eman zuen. Sustapenerako 400 karpetatik, 2003an, 1.000 karpeta banatzera iritsi zen. Eta arrakasta asko gehitu zen. 2000an Pablo Maloren Jardines deshabitados laburrak "Egitasmo Laburra" Canal Plus Saria lortu zuen.

2001 katalogoak garrantzi handia izan zuen, Donostia Kulturak Kimuak-en kudeaketa Kimuaken ibilbide eraginkorrean funtsezko pertsona izan den Txema Muñozi eman baitzion. Hombre sin hombre, Aizea, ciudad del viento edo Primera persona bezalako laburrak nabarmentzen dira. Baina edizio horretako izarrak Borja Cobeagaren La primera vez, laburren munduan bere lehen lana izan zena eta Luis Berdejoren ...ya no puede caminar, "Egitasmo Laburra" Canal Plus saria, izan ziren.

2002ko katalogoan Koldo Almandozen izaera esperimentaleko Belarra laburra, Asier Altunaren Topeka, Aitzol Aramioren Terminal eta Jose Mari Goenagaren Tercero B izan ziren. Baina, Kimuaken nazioarteko lehen arrakasta handia zalantzarik gabe 2003an iritsi zen. Katalogo horretan zegoen Laburrik Hoberenen atalean Hollywoodeko Oscarrera izendatua izatea lortu zuen Nacho Vigalondoren 7:35 de la mañana laburra. Laburra, Clermont-Ferrandeko -metraje laburren nazioarteko ibilbidearen baitan erabateko erreferentzia- zinemaldi ospetsuan Gaztediaren saria irabazteaz gainera, 200 zinemaldi baino gehiagorako hautatu zuten. Baina, gainera, Expreso nocturno, Las superamigas contra el profesor Vinilo eta El tren de la bruja bezalako katalogo horretako laburrak zinemaldietan 100 hautaketatik gora lortu zituzten. Egia esan, katalogo aparta izan zen. Kimuakek Clemont-Ferrandeko Zinemaldiko merkatuan stand bat lehen aldiz izan zuen. Sei filmeak ohizkanpoko kalitatea zuten. Nacho Vigalondoren 7:35 de la mañana filmak, bere orijinaltasunagatik eta asmamenagatik, hasiera hasieratik atentzioa sorrarazi zuen. Tinieblas Gonzalezek bere talentuaren aztarnak utzi zituen Ecosisteman. Imanol Ortiz, bestalde, distiratsu agertu zen Expreso nocturno laburrean. Safy Nebbouk lan hunkigarria burutu zuen Lepokoan, Pilar Rodriguez euskal aktoresaren drama-talentuan oinarrituz. Koldo Serraren El tren de la bruja, suspensez jositako laburra, Europar Alegiazko Laburrik Hoberenari Urrezko Méliésez saritua izan zen. Eta Las superamigas contra el profesor Vinilo alegiazko komedia ozarrak ere atentzioa sorrarazi zuen bere teknika-ebazpen bikainagatik.

2003ko katalogoarekin, azken finean, Kimuakek jauzi handia eman zuen eta une horretatik aurrera munduko hainbat zinemaldi euren programazioetarako katalogoaren zain izan ziren.

2004ko katalogoa, Donostia Kulturatik egindako lan ikaragarriaren ondoren, Kimua programaren sustraitzearen giltza, Euskal Filmategitik kudeatu zen. Bertan kameren atzean dauden eta ezagun ditugun Sara Bilbatua, castingeko ospe handiko zuzendaria eta beste hainbaten artean Pedro Almodovarrekin, Julio Medemekin, Guillermo del Tororekin edo Juanma Bajo Ulloarekin edo Zoe Berriatua aktorearekin lanean jardundakoa dugu. Bilbatuak El aire que respiro egin zuen eta Berriatuak El despropósito. Nabarmentzekoa ere Koldo Almandozen Amuak, labur erotiko eta aztoratzailea.

Eta 2005ean iritsi zen behin betiko kontsagrazioa, Kimuaken arrakasta egun bateko lorea ez zenaren froga; erakundeak eta artistak batera jardunaz, kudeaketan eraginkortasuna eta arte-talentua bilduz, arrakasta bermatuta dagoenaren froga alegia. Katalogoak, 7 metraje laburrez osatua, 200 saritik gora izan zituen, edizio bakar baten Kimuakek inoiz lortu ez zuena. Lehen aldiz katalogo bat besterik ez zen argitaratu, ahalegin guztiak nazioarteko katalogoan bilduz. Borja Cobeagaren Eramos pocos filmak lehen emanalditik aurrera zirrara sortu zuen, nazioarteko ibilbide oparoa izan zuen eta, Kimuaken historian bigarren aldiz, Metraje Laburrik Hoberenari Oscarrerako izendapena lortu zuen. Nacho Vigalondok Clermont-Ferraneko Zinemaldian lehiaketa ofizialerako hautatutako laburra zen Choquerekin berriz ere bere talentuaren aztarnak utzi zituen. La guerra, Luis Berdejo eta Jorge C. Doradok egina, naziak okupatutako Frantzian girotutako lan hunkigarri eta itogarriak, Goya sarietarako izendapen bat jaso zuen. Edizio horretako beste labur batzuk La gallina ciega, El gran Zambini, Los ojos de Alicia eta Sintonia izan ziren. Kimuaken ibilbideak ordutik aurrera bere arte-kalitate mailari eutsi dio. Lehen zazpi urteetan bakarrik (1998-2005) Kimuakek 800 sari lortu zituen. Ez da harritzekoa Txema Muñozek, programa-koordinatzaileak, 2007ko hastapenean "Kimuak es hoy el programa de cortos más exitoso del mundo" esatea.

2006ko katalogoak parte hartze marka guztiak hautsi zituen (42 parte-hartzaile aurreko edizioan izan ziren 25koen aurrean) eta 2007an bere arte-proposamenen kalitate jasoagatik deigarri gertatu zen. Ez dira bertan Telmo Esnal, Koldo Almandoz, Haritz Zubillaga, Izibene Oñederra, Borja Cobeaga, Luis Berdejo edo Jorge Dorado bezalako zuzendariak alferrik agertzen.

Beraz, metraje laburreko lan handiz euskal filmografia elikatu bakarrik ez ezik, euskal zinea nazioarte mailan ezagutzera eman eta hedatzeko gai izan den ekimenaren aurrean gaude. Euskal zinea nazioartean ezagutzera eman eta hedatzeko gai izan da eta zinegileen harrobi eraginkorra izatera iritsi da. Kimuaken altzoan hainbat zuzendarik euren lehen urratsak eman dituzte, geroztik luzerako jauzia emateko. Eta metraje laburregilearen helburu bakarra ez datza luzera iristean, metraje laburreko lan batek, kontakizun labur batek ohiko eleberri batek baino indar handiagoa izan dezakeen bezala, izatez garrantzi nahikoa baitu. Edozein kasutan Kimuaken ibilbidea duten metraje luzerako bidean arrakastaz hasi diren zuzendari asko dago; Telmo Esnal eta Asier Altuna (Aupa Etxebeste!), Aitzol Aramaio (Un poco de chocolate), Luis Berdejo (The New Daughter, Kevin Costner protagonista dela Hollywooden egindako luzea), Borja Cobeaga (Pagafantas), Pablo Malo (Frío sol de invierno, la sombra de nadie), Gorka Merchan (La casa de mi padre), Koldo Serra (Bosque de sombras) edo Nacho Vigalondo (Los cronocrímenes). Zinegile horien zerrenda eta film-izenak euskal zinearen harrobi gisa Kimuak programaren eraginkortasunaren erakusle nabarmena dira.

Kimuak programak bere web orri propioa du. Bertan Kimuak zer den azaltzen da eta programak bizi izan dituen edizio guzien argibide zehatza ematen du. Doakionak metraje laburren datu teknikoak, argazkiak, sinopsiak eta zuzendarien biofilmografiak bezala ere aurki ditzake. Albiste atal bat, aurkitzaile bat eta harremanetarako orrialde bat ere badira.

  • Angulo, Jesus; Rebordinos, José Luis; Santamarina, Antonio: Breve historia del cortometraje vasco, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2006, 317 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2008, 272 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2008, 311 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2009, 276 orr.