Kontzeptua

Kaxagile-tipografoak

Inprimategia Johannes Gutenbergek asmatu zuela esaten den arren (Mainz, Alemania 1397-1468), ordurako, txinatarrek inprimaketa sistemak erabili eta papera, tinta eta prentsak ezagutzen zituzten. 1440 aldera, Gutenbergek ideia bikaina izan zuen: letra bakoitza, banaka, egurrezko pieza batean grabatzea, horrela inprimatu beharreko testuak konposatzeko. Asmakizun horri esker, akatsak gutxitzea lortu zen, karaktereak mugitu eta aldatu baitzitezkeen. Tipografiak xilografiaren bidez marrazki edo testua egurrezko pieza batean grabatzen zen, gero hori tintaztatu eta paper edo pergamino gainean sakatuz inprimatzeko. Tipografiak xilografiak ordezkatu zuen.

Letrak edo piezak "elkartzen" zituzten langileei tipografo izena eman zitzaien.

Lanbide honetako usadiozko betebehar asko oraindik ere egiten diren arren, aurrerapen teknologikoei esker, lan horiek era ezberdinean eta askoz ere hobeto egiten dira. Hori dela eta, usadiozko teknikak inprimategi txikietan eta lan berezietarako bakarrik erabiltzen dira, eta horiek eskarmentu handiko langileek bakarrik ezagutzen dituzte.

Eibarko industriari, XX. mendeko berrogeita hamarreko urtetatik aurrera batez ere, eskutitzak, fakturak, albaranak eta barne-erabilerako beste batzuez gain, idatzizko informazioa edukitzeko beharra piztu zitzaion, hala nola, katalogoak eta instrukzio-liburuak. Premia horri erantzuna emateko, Eibarren bakarrik, lau inprenta eduki zituzten (Gráficas Eguren, Irasuegui, Diana eta Maruri). Enpresa handienetako batzuk inprimategia izan zuten beren zerbitzura.

Eibarko inprenta haiek erabiltzen zituzten teknikak garai hartakoak eta lantegi haien neurrietara egokitutakoak ziren, baina denboraren poderioz, normala denez, garatzen joan ziren, gaur egungo sistema konplexuak jarri arte.

Gráficas Eguren lantegiak lana egiteari utzi zion laurogeiko hamarkadaren amaiera aldera. Bertako bi langileek negozioarekin jarraitzeko erabakia hartu zuten, Sostoa izenpean, eta jardunean jarraitzen du.

Egun, jardunean jarraitzen duen kaxagile-tipografo bakarra Ignacio Maria Orbegozo Errasti da. Azpeitian jaioa, 1945ean, Gráficas Eguren lantegian hasi zen lanean 15 urte zituela.

XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan ohi zenez, ikastunak kalifikazio gutxiko zereginetan hasten ziren, adibidez, laguntzaile bezala, gero zeregin konplexuenetan aritzeko, hala nola, kaxagile-tipografo, makinista eta manipulatzaile gisa, eta azkenean espezialistak zirela.

Kaxagile-tipografo izan ahal izateko, beste langileengandik bereizten zituzten ezaguera eta gaitasun bereziak behar izaten ziren, alfabeto ezberdinak osatzen dituzten osagai grafikoak ondo ezagutu ez ezik, estetikan ere aditua behar zelako izan. Letra txikiak eta zeinuak azkar eta zuzen erabiltzeko trebetasuna nahiz pazientzia handia ere behar dira, eta beste lanbideetan bezala, ondo egindako lanaren poza sentitu.

Lehenik, egin beharreko proiektuaren maketazioa egiten du, ondorengo eragiketan eredu gisa erabiltzeko. Xebalet baten aurrean egiten du lan, hau da, goiko aldea inklinatua izaten duen egurrezko egitura baten aurrean, bertan tamaina ezberdinekoak izan daitezkeen metalezko kaxak dituena. Kaxa horietan tipografoak egin beharreko moldearen atal ezberdinak jartzen ditu: testuaren lerroak, zuriuneak, hariak, grabatuak, eta abar. Emaitza erabat estututako ehunka pieza txikiz osatutako xafla errektangeluar edo karratua izaten da.

Pieza horiek erabat estututa egon behar dute. Hala ez bada, moldea inprimatzeko makinan jartzerakoan, arrabolen herrestatze indarraren eta makinaren presio indarraren eraginez, tindatzean, letraren bat hautsi zezakeen, eta ondorioz, moldea berregin egin behar izaten da. Eragiketa hori amaitu ondoren, soka bati hainbat bira emanez, moldea lotu egiten da, horrela piezak ez ateratzeko eta bloke konpaktu bat lortzeko. Neurri-unitate gisa zizeroa erabiltzen da.

Behin probak eta zuzenketak egin ondoren, egin behar badira, moldea ondo lotu behar da makinan, eta aldez aurrez aukeratutako eta behar den neurrira moztutako paper gainean inprimaketa egin.