Monarkia eta noblezia

Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa

Boterearen gaineko iritzi kontrajarriak eta ondoriozko liskarrak areagotuz joan ziren Nafarroako Erreinuaren barnean. Alde batetik, Gaztelako erregearen interesak ageri ziren Garcia Almoraviden eskutik. Noble horrek bere kontrol eta nagusitasuna erakusten zuen Iruñeko arroan. Noble hori Pedro Sanchez gobernadore jeneralaren agintea onartzen ez zuen nobleziako sektore bateko buruzagia zen eta bere asmoa hura kendu eta haren tokia hartzea zen. Bestalde, Pedro Sanchez Aragoiko erreinuaren jarraitzailea zen. Gaztelaren aldeko hausturaz gain, nobleziako beste zati bat ere ez zegoen gustura Frantziako erreinuaren balizko babesarekin.

Egoera hori ikusita, Garcia Almoravidek beste urrats bat eman zuen eta Iruñeko Burguko eta Nabarreriako auzoen artean zeuden liskarretan sartu zuen muturra, Nabarreriaren alde azalduz. Auzoen arteko lehia hori Iruñeko koroak eta gotzainak baliatu zuten hirian zuten nagusitasuna indartzeko borrokan. Enrike I.ak Nabarreriari baimena eman zion harresiak eraikitzeko eta, auzotarrek, beste noble batzuen artean Almoraviden laguntza izanik, harresiak altxatzen hasi ziren frankoak bizi ziren hiriko burguen aurka ekiteko. Gertakari horien ondorioz, Pedro Sanchezek dimisioa eman zuen Nafarroako nobleziako hainbat pertsonaz osatutako asanblada batean.

Egoera horren aurrean, bi ordezkari bidali zituzten Parisera Felipe III.ari gertatutakoaren berri ematera, eta Frantziako monarkak Eustaquio de Beaumarchais o Bellamarca gobernadore izendatzea ebatzi zuen. Gobernadore berriak usadioari jarraiki, foruen zina egin zuen eta leialtasun- eta atxikimendu-zina eskatu zien hiribildu eta nobleei.

Beaumarchaisek Gaztelaren asmoak etetea lortu zuen denbora batez negoziazioen bideari helduz; itunak adostu zituen Lope Diaz de Haro III.arekin eta Gaztelako erregearen agintea begi onez ikusten ez zuten Gaztelako beste handiki batzuekin; dena den, ez zen gai izan Iruñeko biztanleen arteko gatazka bertan behera uzteko. Nafarroako noble gehienak eta Iruñeko gotzaina gobernadorearen aurkako borrokan batu ziren, horien artean, Garcia Almoravid eta Pedro Sanchez de Monteagudo, eta gobernadorearen aurka egin zuten Nabarreria defendatuz. Erregearen mezularia Nabarrerian sartu zen elkarrizketa atontzeko asmotan baina mehatxuak jaso eta ihes egin behar izan zuen. Gobernadorea Burguan gorde zen, bertako biztanle gehienak frankoak baitziren. Han erasoa jo zioten eta auzoen arteko gerra piztu zen (1276).

Iruñeko biztanleen arteko gatazkan, Almoravidek Pedro Sanchez de Monteagudo erail zuen. Frantziako Felipe III.ak heriotzaren albistea jaso zuen eta, era berean, Nabarreriako auzotarren jarrera ezagutu zuen eta gotzaina indar militarrak lortzeko Gaztelan egiten ari zen ahaleginaren berri izan zuen. Horrenbestez, bere ejertzitoari agindua eman zion Nafarroan sar zedin. Frantziako ejertzitoak Nabarreria birrindu zuen eta baita beste erresistentzia-gune batzuk ere. Une horretatik aurrera, aragoarren eta gaztelarren nahimenak arinduz joan ziren eta Nafarroako monarkia Frantziako erreinuko satelite modura barneratu zen. Matxinatuen artean zeuden eta ihes egitea lortu ez zuten nobleak desjabetu egin zituzten. Bestalde, erreinuko administrazioko eta gobernuko karguak jatorri frantziarra zuten funtzionarioek bete zituzten.