Monarkia eta noblezia

Joana I.a Nafarroakoa eta Frantziakoa

Gaztelako erregeak eta Aragoikoak euren senideko ondorengo bat Joana erreginarekin ezkontzea nahi zuten, eta bi erregeak, gainera, bazituzten jarraitzaileak Nafarroako Erreinuaren barnean. Enrike I.a erregeak dena prestatu zuen 1273an Joana erregina Enrike printzearekin ezkon zedin (Ingalaterrako Eduardo I.aren seme zaharrenarekin). Dena den, Ingalaterrako monarka ez zen Nafarroako erreginaren ezkontza eskakizunari zegokion lehian sartu. Lacarraren arabera, Ingalaterrako erregeak Frantziako erregeari zor zion mendekotasunagatik hartu zuen erabaki hori.

Aragoiko Jaime I.a erregeak herentziazko kontuak aipatu zituen nafarrei Joana erregina bere ondorengo batekin ezkon zedila eskatzeko. Hala, negoziazio-kanpaina bat burutu zuen hainbat gizon aberats eta hiribilduk bere asmoan babesa eman ziezaioten. 1274ko azaroaren 1ean Pedro Sanchez de Monteagudo gobernadorea eta beste hainbat zaldun Erriberriko Gorteetan elkartu ziren eta Jaime I.aren seme zaharrena zen Pedro infantearen aldeko zin-egite eta gorazarrea egingo zutela erabaki zuten. Pedro Nafarroan zin-egite eta gorazarrea jasotzeko aurkeztu bezain pronto egingo zuten, infantearen eta erreinuko gizonen artean hitzartutako baldintzen arabera.

Gaztelako Alfontso X.ak proposatzen zuen hautagaia bere seme zaharrena zen, Fernando de la Cerda. Gaztelako erregeak ezin zuen Aragoiko monarkak baino titulu hobea aurkeztu. Hortaz, bide diplomatikoa hautatu beharrean (Jaime I.a erregeak egin bezala), Nafarroako hegoaldeko muga inbaditu zuen. Gaztelarrek Viana eraso zuten eta Mendabia okupatu. Gertakari horien aurrean nafarrek berehala baztertu zuten Gaztelako erregearen hautagaitza.

Nafarrak suminduta zeuden Gaztelako Alfontso I.a erregeak egindako erasoaldi militarra zela-eta, baina, aldi berean, haserre ziren Aragoiko erreinuak ez zuelako esku-hartzerik egin. Nafarroako nobleziako hainbat sektorek eta zenbait infantzoiek ukatu egin zuten Gorteetan Pedro infantearen alde hartutako erabakia eta indarrak erregina gaztearen inguruan batu ziren pixkanaka.