Literaturakoak

Jesu-Christo gure Jaunaren pasioa. Agustin Basterretxea

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Jaiotzez Izpazter herrikoa izan zen Aita Agustin Basterretxea jesuitak (1700-1761) Jesuchristo gure Jaunaren pasioa euscarazco versoetan jarri zuen bertsotan. Hainbat aldiz argitaratu izan da, eta herri askotan ahozko transmisioa izan du. Oraindik Aste Santuan kantatu egiten da. 61 bertso dira guztira, metrika aldetik bereziak. Gutxienez 20 argitalpen desberdin izan ditu lan honek.

Kanturako prestatuak, lehen lau lerroek kopla osatzen dute, 10/8 silabakoak, A puntua lerro pareetan mantentzen delarik, ondoren bi lerro labur datoz, 5/5, B puntua haien artean osatuz, eta zazpigarren lerroak berriro hartzen du koplako A puntua, 10 silabatakoa delarik.

Poema narratiboa izanik, eta pasioaren sekuentzia kronologikoa jarraitzen badu ere, askotan egiten zaio dei entzuleari, eta noiz edo noiz baita ni poetikoari, metalepsia sortzen delarik eta narrazio mailak hausten direlarik. Pertsonifikazioaren erabilera ere aipagarria da. Bertsolaritzaren moldea gogoarazten badu ere, Agustin Basterretxeak trebeki erakusten du lan honetan erretorikaren legeak ongi ezagutzen zituela.

Aipamen sentimentalak ere nabarmenak dira, nahiz eta poema klasikozale baten aurrean gauden.

  • ONAINDIA, Santiago. Euskal literatura. I. Bilbo: Etor, 1972.
  • ZARATE, Mikel. Bizkaiko Euskal Idazleak. Bilbo: Derioko Seminario Ikastetxea, 1970.