Kontzeptua

Jauregia

Jauregia hitzaren jatorria latinezko palatium hitza da, eta horren esanahia zera litzateke: Zesarren bizilekua. Palatino Erromako zazpi muinoetako baten izena zen eta lehendabiziko bizilagunak bertan jarri ziren bizitzen. Augusto enperadoreak ere bere bizitokia hantxe zeukan. Ondorioz, horren eraginez, jauregia izena eman diote Erromako zibilizazioa aurretik zein ondoren gauzatutako zenbait eraikinei. Horiek bizileku gisa erabiltzen dira edota funtzio publikoak eta administratiboak betetzen dituzte. Beraz, hitz honek diziplina arkitektoniko berak izan duen bilakaera eta garapenarekin bat egin du.

Aintzinako zibilizazio zaharrenetan ere eraikin mota horiek gauzatu zituztela badakigu. Egipton, adibidez, jauregia motako eraikina zehaztu gabeko oinplanoa zeukan eta horien ezaugarri nagusia zera zen, ate eta atari monumentalak, alboetan zutabe hilarekin.

Bizitzeko edo atseden hartzeko tokiak izaten ziren. Batzuetan tenpluen ondoan zeuden eta harresi batek babesten zuen esparru isolatuaren barruan kokatzen ziren. Mesopotamian, aztarnek erakusten digutenez, jauregiak terrazen gainean eraikitzen zituzten; barne aldean patioak zituzten eta hainbat funtziorako gelak zeuzkaten, bereziki funtzio administratiboak.

Mendebaldean, hasiera batean Kretako kulturak eta jarraian kultura mizenikoak jauregi mota berri baten ezaugarriak finkatu zituzten. Erdialdean angeluzuzen formako gune nagusia zuten, eta sarreran megaron izeneko ataria eta ataripea. Espazio horren inguruan beste gela guztiak artikulatzen ziren, batzuetan labirinto itxurako eskema jarraituz, Kretako Cnosos jauregiaren kasuan bezala. Jauregi grekoa antzinako garaian eraiki zuten bakarrik eta hau ere Kretako megaron delakoaren eraginpean eratu zuten. Ondorengo garaietan, akropoliak berak espazioa mugatzen zuen heinean, jauregi grekoa etxe grekoan oinarritu zen.

Erromatar zibilizazioan megaron delakoaren eragina izan zuen eta horren ondorioz domus patrizioa sortu zuten, horixe izanik jauregi erromatarraren aurrekaria. Augustoren jauregia, Palatium edo Domus Augusta izenekoa, Palatinoaren gainean eraikia, garai honetako eredu adierazgarriena da. Bi sekziotan zatituta, nabarmenki bereiziak, bata publikoa (basilika, tenplua, peristiloak eta lorategiekin) eta bestea pribatua. Berez, nabarmentzekoa da jauregi osoaren forma konpaktua eta eraikuntzan agerikoa den ausardia.

Jauregi erromatarraren ezaugarriak Erdi Aro guztiaren zehar mantendu ziren baina, garaiaren ziurtasun ezak baldintzatuta, babeserako elementuak gehitu zizkioten (almenak, dorreak), hau da, jauregiak izaera militarra irabazi zuen. Era berean gune ofiziala -publikoa- eta bizitokiaren -pribatua- arteko bereizketa bere horretan mantendu zen. Dena den, forma apalagoak bereganatu zituen, xumeagoa bilakatu zen eta askotan hiri gunetan integratu zen.

Domus edo jauregi erromatarra oinarritzat hartuz, errenazimendu garaiko jauregiak oinplano geometrikoaren inguruan artikulatu ziren, ongi egituratuta zegoen eta garai erromatarraren distira eta monumentaltasuna berriro berreskuratu zituen. Barnealdean patioa nabarmentzen da, inguru osoan zutabe edo pilare gainean eratutako arkupea duelarik. Berau ardatz nagusia izanik, horren arabera banatzen dira korridoreen bidez lotutako hainbat gela. Kanpoaldean, elementu bereizgarriena lehiateen hurrenkera da, garai eta lurraldearen arabera estilo arkitektoniko desberdinak islatuz (erromatarra, florentziarra, platereskoa, Tudor estiloa, flamigeroa, eta abar). Tipologia honek orduantxe bizi izan zuen bere unerik gorenena eta garapen handiena, eta hori argi eta garbi ikus daiteke oraindik zutik dirauten hainbat eraikuntzetan.

Barroko garaiko jauregiak Errenazimenduko ereduaren eskema jarraitzen du baina oinplanoei konplexutasuna gehitzen die. Zeharreko ardatzak finkatu zituzten eraikina handitzeko eta osagai eszenografikoak erantsi zizkioten barrualdean zein kanpoaldean.

Neoklasizismoak antzinako mundua berreskuratu nahi zuen eta eragin handia izan zuen garaiko jauregien eraikuntzan. Aurreko garaietan ezarritako eskemei jarraituz, baina formak xahutuz eta monumentaltasuna irabaziz, jauregi neoklasikoa ugari aurki ditzakegu Europako lurraldearen zehar.

XIX. mendean zehar, eraikin mota honek lekua uzten hasi zen beste era bateko eraikinei. Funtzio administratiboak eta gobernuzkoak betetzen zituzten eraikin publikoen tipologia guztiz finkatuta dago (Udaletxea, Justizia Jauregia, Aldundiaren Jauregia, eta abar). Jauregiaren funtzio nagusia bizileku partikularra izatea da. XX. mendean zenbait jauregi pribatu eraiki ziren baina pixkanaka bizileku partikularraren kontzepzioa aldatuz joan zen. Orduz geroztik jauregia hitza beste eraikinekin lotu izan da (Kongresu Jauregia, Erakusketa Jauregia, Kirol Jauregia, eta abar), jatorrian izan zituen funtzioetatik aldenduz.