Irakasleak

Jauregi Uribarren, Gabriel

Sarrerako bigarren atalean Pisia liburuan erabiliko duen euskarari eta hiztegiari buruzko kezka azaldu zigun, garaiko euskaldunek zeukaten bildurra -gaur eguneko askorena ere badena- uxatzeko ahaleginean. Honelaxe zioen:

Pisi'ko Euskerea Ta Iztegia

- Baña, ik diñoana, euskaldunok aituko ete-yoagu?

- Bai, mutil. Nik euskeraz yagidanean, euskera leun eta garbian egiten yoat. Gañera, esakuntza laburrak erabilten yoadaz. Nik esan bear yoadazan gauzak esateko, itz-barri asko asmau bear izan yoadaz; baña irakurten asi ezkero, laster aituteko lakoak asmau yoadaz. Eta iztegia bertan yarabillat. Eta adigarri asko ipiñi yoadaz; irudi-pilloari begiratuaz bakarrik ulertzeko lez yakardaz gauzak.

Euskeldunei euskeraz idazteko gatxen etorten yakuna, auxe dok: gauza guztiak esateko itz zarrik ez eukitea, eta dagozan guztiak ez yakitea. Baña itxaron apur baten. Aldi gitxi barru, gure gaztediak erdera baño euskera obeto irakurri, idatzi eta itz-egingo yok; eta orduan ikusiko dok, euskel-itz barriak atonduten ibilli gareanon aintza norañokoa izango dan. Eta egun ori laster yatorkuk.

Gazteak nai izatea baño eztok behar; eta gaztediak gura yok:

Laster dator eguna;
Sorkaldetik agiri da
Argi gozo biguna:
Bere aurrean bildurtuta,
Igesi doa illuna.

Nire okerrak, nire ostean datorzenak zuzenduko yoezak."

Gabirel Jauregi oso ausarta izan zen Fisikaren arloan burubelarri sartzen, benetako aintzindari modura jokatuz. Aurrean zeukan lana, denbora luzez egitekoa zen, zientzia bera den modukoa, pauso teorikoekin batera pauso praktikoak emanez, experimentuaren galbahetik pasatuz, hots, berak eginiko proposamenen arteko zeintzu ziren egokiak eta zeintzu ez, hori praktikan ikusi beharreko gauza zelarik. Zoritxarrez Euskal Herria ia desagertzera eraman zuen gerrak moztu zuen Gabirelek hasitako bidea, eta euskal hiztunek ez zuten denborarik ez aukerarik izan, "sutan frogatuz eltzea nolakoa zen" ikusteko. Baina bidearen hasiera markaturik utzi zigun, helburua argi adierazirik, alegia, euskaldunok etorkizunean ere euskaldun segitu nahi bagenuen, euskara zientziaren arlora eraman behar genuela, nahitaez. Eta horretan -gauzarik garrantzizkoena, dudarik barik- erabat zuzen ibili zen.