Arkitektura

Jasokundearen eliza. Mutriku

Mutrikun dagoen Jasokundearen eliza XIX. mendearen hasieran neoklasizismo estiloan Gipuzkoan gauzatutako eraikin interesgarrienetakoa dugu. Egilea Silvestre Perez (1767-1825) arkitekto aragoitar ospetsua izan zen. Gure artean hainbat proiektu bideratu zituen -Bakearen Portua Bilbon, Plaza Berria Bilbon ere eta Antzokia Nagusia Gasteizen-; beste hainbat proiektu ere burutu zituen, esaterako, hiriaren Alde Zaharrean dagoen Donostiako udalaren egoitza zaharra, Bermeoko Santa Maria eliza eta Mutrikuko Jasokundearen eliza, ziurrenik bere lan interesgarriena gure artean. Silvestre Perez XIX. mendearen lehen herenean Espainiako arkitekto neoklasiko interesgarrienetakoa izan zen. Bere belaunaldiko arkitektoen artean, lehenengoetako aizan zen zera ulertzeko orduan: neoklasizismoaren helburuak ez zuela izan behar barrokoaren apaingarriak garai klasikoan oinarritutako apaingarriekin ordezkatzea, baizik eta arkitektura ulertzeko usadio berria sortzea, arkitektura soilagoa eta xumeagoaren aldeko apustua eginez baina baita ere monumentala eta ederra era berean. Horretarako, apaingarriez gain eraikina bera aldatu behar zen, hau da, forma, bolumena eta espazioa aldatu egin behar ziren.



Hainbat aldiz Mutrikuko eliza zaharra berreraiki ondoren, 1790ean hondatuta eta erortzeko zorian zegoela ikusirik, azkenean eliza bota egin zuten eta udalak berria egiteko erabakia hartu zuen. Eliza berriaren proiektua Silvestre Perezek prestatu zuen 1798an eta 1799ko urtarrilaren 6an San Fernando Arte Ederretako Akademiak onartu egin zuen. Baina ez ziren eliza eraikitzen hasi 1803ko abuztura arte, udala eta parrokiaren artean eztabaidak sortu baitziren elizaren kokalekua zela eta. Parrokiak eliza alde zaharrean eraiki nahi zuen. Aitzitik, udalak eta Mutrikuko familia garrantzitsuenak kanpoaldean ezarri nahi zuten, herriko maldan gora baina herrira heltzen ziren bideetatik hurbil. Gero lehenik eta behin Independentziako Gerraren eraginez eta jarraian Lehenengo Gerra Karlista zela eta, proiektua gelditu eta atzeratu egin zen. Gauza bera gertatu zen beste hainbat momentuen kasuan diru eskasiak gertatu zirenean, edota zimenduekin arazoak sortu zirenean, lur azpiko harria laster azaltzen baitzen. Azkenean, 1843ko abenduaren 8an lehenengo meza ospatu zen, baina lanak oraindik bukatzeko zeuden -arkupea, kanpoaldeko mailadia, korua eta kapera egiteke zeuden-. 1863an oraindik ere bi pulpitu, bi ur bedeinkatu ontziak eta aldare nagusiko erretaula eta irudiak egiteko zeuden. Lanen ardurari dagokionean, berez Silvestre Perezek ez zituen lanak zuzendu. Ordura arte ohikoena arkitektoak berak lanak zuzentzea bazen ere, beste garai berriari ekin zioten, baita arkitektoen funtzioari dagokionean. San Fernando Arte Ederretako Akademiaren sorrerarekin batera, arkitektoa egilea baino diseinatzailea bihurtzen da. Horrela, herriko bertako bi arkitektoen zuzendaritzapean burutu zen, hau da, Manuel Vicente Laca eta Mariano Jose Lascurain.

Jasokundearen eliza Euskal Herriko neoklasizismoaren eredurik esanguratsuenetakoa dugu. Bertan, Silvestre Perezek ez baititu bakarrik, aipatu dugun bezala, apaingarri barrokoak garai neoklasikokoengatik ordezkatzen, baizik eta eliza eraikitzeko orduan guztiz eredu desberdina garatzen duelako beste eredu bat aurrekoarekin alderatuta. Horrela, oinplanoan bertan aldaketak txertatzen ditu, oinplano angeluzuzenaren aldeko apustua eginez eta abside erdi zirkularra batekin amaituz, alboetan beste bi txikiagoak baditu ere. Espazio angeluzuzen nagusiaren barnean oinplanoa zentratu egiten du, lau zutabe doriar eraikiz, horiek laukia osatzen baitute. Lau zutabe horietatik arku toralak irteten dira ganga esferikoari eutsiz. Beste sabaietan erdiko absideak esfera laurdeneko ganga du eta kanoi ganga albokoetan. Absidearen alde banatan gela angeluzuzena dago, sakristia izateko eginak, eta burualdean atxikita kanpandorrea, lauki baten formakoa. Kanpandorrearen behealdean arkupea dago, tenplu klasikoen atarien eragina nabaritzen delarik. Arkupe hori harroinik gabeko sei koloma dorikoaz osatuta dago eta zutabeek frisorik gabeko arkitrabea sostengatzen dute aurrealdean eta horren atzean frontoia dago, xumea eta sinplea, apaingarririk gabekoa. Gainera, atarian ere harmaila bat dago funtzio bikoitzarekin. Alde batetik, horren bitartez eraikina orubearen maldara egokitzen da, eta bestetik eraikinari kutsu klasikoagoa eskaintzeko asmotan burutu zuten. Harmaila igotzen den heinean, kanpandorrea ez da ikusten eta tenplu greko edo erromatar baten aurrean gaudela ematen du. Ziur asko kanpandorrea burualdean kokatzearen erabakia, atariaren ondoan ezarri ordez, beharrean, xede horrekin lotuta egongo zen, hau da, eraikina kristaua izanik kutsu klasikoa eman nahi zioten.

Ataria eta kanpandorreaz gain, kanpotik elizan nabarmentzen den hirugarren elementua barneko ganga esferikoa babesteko linterna poligonala da eta horren azpian dauden hormak. Hiru hormetan zirkuluerdiko leihoak - leiho termalak ere esaten diete- aurki ditzakegu ipar, hego eta mendebaldeko hormetan alegia. Leiho horietan zein eraikinaren beste xehetasunetan sinpletasuna eta xumetasuna nabariak dira, apaingarririk ez baitugu aurkitzen. Moldurak ere oinarrizkoak dira, horman eratutako silueten hutsuneak besterik ez baitira. Berez, elizaren elementu adierazkor bakarra kanpoko bolumetria hierarkizatua da. Hormak leunak dira, barrokoan hain gustukoak zituzten argi jokorik gabekoak, eta eraikuntza bideratzeko elementu gehienak harlanduz eginda daude. Harlandu bikaina erabili zuten eta, Mutrikuko bertako harria izanik, bere garaian ospe handikoa zen eraikuntza esparruan. Altuera desberdinetako sabaiek, teila gorriz estaliak, dinamismoa eskaintzen diote eraikinari.

Mutrikuko elizan Silvestre Perezek eliza kristauaren eredu berria proposatzeaz gain, herriko egitura ordenatzeko borondatea ere erakusten du, topalekua izango litzatekeen plaza sortuz eta herrira ailegatzen zen bide sarearekin bat eginez. Ordura arte, herria kaiaren ondoan izan zuen garapen handiena. Eliza eta plaza berriei esker, garaiko udala eta arkitekto aragoitarraren asmoa zera zen: herri egituraren ardatz nagusia malda gorantz ekartzea eta herrira heltzen ziren bide nagusiekin bat egitea. Gainera, guzti hori bideratzerakoan, Silvestre Perezek garaiko arkitektura estilo berritzailearekin bat egingo du, neoklasizismoaren alde egiten duen apustua benetakoa baita, itxurakeriarik gabekoa. Alde horretatik, Euskal Herrian neoklasizismoak izango duen garapena benetan harrigarria izango da. Horrela, aurreko garaietako estiloetan gure lurraldea beti atzetik ibili bazen ere, kanpotik zetozen usadioetara berandu egokituz, oraingoan Euskal Herriko arkitektura garaiz egokituko da neoklasizismora eta estilo horren itxurazko jarraipena egin beharrean, benetan berea egingo du. Horregatik, Jasokundearen eliza hain garrantzitsua da Euskal Herriko arkitekturaren historian, bertan neoklasizismoaren ezaugarri guztiak aurki ditzakegulako.