Kontzeptua

Janzkera Euskal Herrian

Ezinezkoa da Euskal Herriko lurralde guztietarako janzkeraren bilakaera orokor eta lineal bat ezartzea, ezta lurralde horietako gizarte-taldeena ere; izan ere, janzkerak sinergia ezberdin eta konplexuen arabera aldatzen dira.

Indumentaria
Hori dela eta, garai historiko bakoitzean nagusitzen den modaren ezaugarriak zehaztu ohi dira, orokorki. Moda hori klase boteretsuekin edo dirudunekin lotzen da, eta, bide batez, herriarekin. Hala, herriak moda hori urrunetik jarraituz eta antzinako eta egungo berezitasunak moldatuz berezko estetika eraikitzen du, iraunkortasun luzeko ehundura eta jantzi soil batzuekin, berezkotzat hartzen diren janzkera zibilei eta estetika horrek janzkeraren historian egin ditzakeen ekarpenei arreta berezia eskainiz.

Ez dakigu Paleolitikoko (K.a. 150.000-4.000) ehiztari-biltzaileen komunitateak nola janzten ziren. Baina badakigu ehizatutako animalien larruz estaltze zutela gorputza. Horretarako, kirtendun silexezko karraskagailu edo arraspaz prestatzen zuten larrua, ondoren hezurrezko orratzekin josteko. Basoko zume eta lastoak erabili ziren, hala gurutzatzearen teknikaren bidez (ondorengo ehuntzearen arterako lehen urratsa), nola josteko hari-zuntz modura.

Indumentaria
Apaindura, jantziaren zati edo osagarria zen, eta gorputzean aplikatutako okrea zen apainduraren lehen adierazpena. Apaingarritasun hori hortzez osatutako lepokoz, hezurrezko plakaz edota zulatutako maskor eta harriz areagotzen zen. Zenbaitetan, gainera, osagarri horiek irudi geometrikoz apaintzen ziren.

Neolitikoan (K.a. seigarren milurtekoaren inguruan hasia) nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritako ekoizpen-ekonomia zen nagusi. Horren ondorioz, bizimodu berriak sortu ziren eta landare eta animalia jatorrizko ehun-zuntzak bultzatu ziren. Ehun horiek ardatzaz iruten ziren eta ehundegi bertikaletan ehundu. Horri esker, janzteko moduak areagotu egin ziren, aniztasun gehiago eskainiz. K.a. 1800. urtearen bueltan komunitate horiek metalurgia sartu zuten beren teknologia-errepertorioan. Horrela, jantziak irmo mantentzeko piezak ekoiztu edo inportatzen zituzten: begiztak, belarri-ziriak, orratzak, botoiak eta apaingarriak: eraztunak, besokoak, lepokoak eta zintzilikariak.

Antzinaroan jantziak oihal lauki edo laukizuzen bat hartuz eratzen ziren. Oihal hori tamaina ezberdinetan ehuntzen zen egiteko jantziaren arabera: tunika edo mantua. Jantzia eramango zuena ere aintzat hartzen zen ehuntzerakoan. Gorputza estaltzeko erabiltzen zen, genero aldetiko bereizketarik egin gabe, garai bakoitzeko arauen arabera, eta pieza metalikoz lotuta. Lepokoak, eguzki-disko itxurako zintzilikariak, beirazko eskumuturrekoak eta urrezko besokoak erabiltzen ziren apaingarri gisa.

Indumentaria

K.a. I. mendekoa da idatzizko lehen erreferentzia, Baskoien janzkerari buruzkoa. Estrabonen Geographica lanean ikus dezakegu: "(...) y llevan cabellos largos al modo femenino, aunque para combatir se ciñen la frente con una banda (...) Los hombres van vestidos de negro, llevando la mayoría el "ságos", con el cual duermen (...) Las mujeres llevan vestidos con adornos florales" (eta ile luzea dute, nesken antzera, baina borrokatzeko zerrenda batekin jasotzen dute kopetaldea. Gizonak beltzez janzten dira, gehienek lotarako "sagós" eramaten dutelarik. Emakumeek lorezko apaingarriz hornitutako jantziak daramatzate); (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Sagós tunikari buruzko aipamena (buru eta besoetarako irekigune bat utziz jositako ehunezko pieza bat edo biz osatua), Sulpicio Severoren V. mendearen hastapeneko beste batekin (Dialogorum libri, 1,2; 1,8) osatzen da, artilezko mantu bati buruzkoa (bigerricae), erromatarrek Akitanian erabilia.

Erromako hirietan (civitates), Lampurdum (Baiona) delakotik Iruña-Veleiara (Araba) arte, bertako herritarrek, eskuarki, erromatarren jantzi klasikoa baitaratu zuten, barneko zuri oihalez, tunikez eta orkatiletarainoko mantuz (elkarri gainjarriak) osatuak. Lihoa eta artilea erabiltzen zuten jantzi horiek egiteko eta jantzi kopurua, kalitatea eta luxua jabearen gizarte-mailaren araberakoa izaten zen. Oinetako itxiak erabiltzen zituzten eta larruzko sandaliak. Tunika motzak plebeioentzat izaten ziren.

Inperioa desagertzean Europan hainbat erreinu berri sortu ziren. Erreinu horien artean kokatzen ziren baskoiak. V. eta VIII. mendeen artean gudari-leinu bat zegoen baskoien buru. Hori argi ikusten da haiek lurperatzeko erabili ziren nekropolietako hatuetan, esate baterako, Aldaietan (Araba): gerrikoen belarri-ziri eta edergarriak tunikak eta mantuak estutzeko, lokailu sinpleko ehunez eginak, esate baterako, zume hostuestua eta tafeta; oinetakoen zolak josteko hiltzek, larruzko kaskoen metalezko sendogarriak, eraztunak eta kontu-lepokoak eta armamentu zabala, besteak beste, labanez, lantzen muturrez eta aizkoraz osatua. Material hondakin horiek Aimonioren kronikarekin osatzen dira. Kronika horretan Ludovicok Akitanian egin zuen egonaldian bere aita Karlomagnorekin elkartu zenekoa aipatzen da:

Indumentaria

"(...) vestido a la usanza de los vascones como los niños coetáneos a él, con una túnica corta, ceñida y redonda en su remate inferior, las mangas extendidas por las manos, perneras extendidas y botas rematadas con espuelas, llevando en la mano una lanza"

(Hª Francorum, 5, 2).

(Baskoien erara jantzita, bere adin bereko haurren gisara, tunika labur eta estu batekin, barnealdeko azpilduran biribildua, mahukak eskuetan zehar hedatuak, zango zabalak eta ezproiz hornitutako botak, eskuan lantza eutsirik);

(itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Horrela dokumentatzen da baskoiek braie izeneko galtza luzeak baitaratu zituztela, Frankoen modari jarraiki. Alderantziz botak eta ezproiak errege eta militar kutsuaren elementu dira, ez dira baskoien ohiko oinetako, izan ere, abarkak ziren baskoien usadiozko oinetakoak, zeintzuen idatzizko lehen erreferentzia 985. urtekoa den. Erreferentzia horretan esaten denez, abarkei eta zumeei esker, Nafarroako erregea zen Antso Gartzesen ejertzitoak Pirinioetako igarobide elurtsuak igaro zituen, Iruñea musulmanen setiotik libratzeko (Lucas de Tuy, Crónica de España, 1236).

VIII. mendetik XI. mendera bitarteko janzkera Iruñeko monarkiaren monasterioetan marraztutako kodizeen miniaturetan ikus daiteke (Albelda eta Donemiliaga), eta baita hilarrietan ere (Ranes eta Momoitio, Bizkaian). Erregegoa eta kleroa irudikatzen dira, orkatiletarainoko tunika eta mantuz jantzita, ekialdean inspiratuta. Badira salbuespenak, esate baterako, San Kristobal Iturrietako (Bizkaia) nekropolitik datorren hilarria. Bertan belaunetarainoko tunika ikusten da, aurrerantz eta atzealdean piko modura irekia (armilausa), bisigodoen eraginekoa.

Indumentaria

XI-XIII. mendeen artean janzteko zein irizpide erabiltzen ziren ikusteko, arte erromanikoa beha dezakegu. Toles ugariko jantzietan, gainerako kristau estatuetan bezalaxe, bi tipologia bereizten dira. Alde batetik, Nafarroako gortean erabiltzen zen orkatiletarainoko jantzi dotorea eta, beste alde batetik, gainerako herritarrek erabiltzen zuten sinple, motza eta arrunta. Honatx orkatilarainoko janzkeraren osagarriak: barneko alcandora, luxuzko tunika, mahuka estuko briala, pixkanaka aho zabala izateraino luzatzen dena, eta apaindura aberatsez hornitutako soingaineko bat, piel edo pellizon delakoa; eta horien gainetik, besoak estaltzen zituen mantua, gizonen eta emakumeen artean bereizketarik egin gabe. Bigarren kategoria herritarren ohiko janzkerari dagokio. A. Picaud erromesaren arabera (Codex Calixtinus, V, VII) horrela osatzen zen: oihal iluneko tunika, laburra, belaunera artekoa, eta artilezko mantu bat, itxia eta laburra, buruarentzako irekigune batekin eta soina estaliz, saia izenekoa; oinetako modura labarca izenekoak. Emakumeen inguruan ez du deus esaten. Dena den, tunika luze batekin eta mantu batekin janzten ziren, buru gainean moja mihisezko buru-estalkia jarrita, burua eta lepoaldea estaliz. Denboraren poderioz, buru-estalki horrek forma konplexuagoak hartzen ditu, esate baterako, zerrenda txirikordatuak dituen buruko kiribildua, kokospeko uhalez lotua.

XIII. mendetik aurrera hirigintza- eta merkataritza-prozesuak sendotu egin ziren eta, horren ondorioz, gizarte konplexu bat sortu zen, artisau eta merkatarien erregimen korporatibo batekin eta burgesia hasiberri batekin. Burgesia horrek nobleziari jarraitu zion eta luxurako eta fintasunerako gustua hedatu zen, janzkeraren bidez gizarte-maila bereizteko joera arriskuan jarriz. Hori eragozteko monarkek hainbat lege aldarrikatu zituzten, baina ez zuten eraginik izan. Horrenbestez, jantziak gainjartzeko joera areagotu egin zen eta eroaleren gizarte-mailaren araberakoa zen janzten zen jantzi kopurua eta kalitatea; halaber, modak bata bestearen atzetik finkatzen ziren eta, horren ondorioz, joera konplexu bat sortu zen, janzkeren bereizketa, erabilera eta izendapena zailtzen zituena.

Indumentaria
C. Bernisen arabera, horrela multzokatzen dira orduko jantziak: modelatzaileak, gorputzari itsatsita edo erdi-ezkutuan joatekoak; erdikoak edo bi kapa gainjarriz jantz daitezkeenak eta, azkenik, gainekoak, hots, soingaineko edo abrigoak. Horien guztian azpitik barruko arropa zegoen, azala ukituz. Honi dagokionez, XVII. mendera arte horrelakoa izan zen, aldaketa gutxi batzuen gorabeheran: gizonen kasuan eten-uhalez eutsitako azpiko galtzak; erdaraz bragas izenekoak; emakumeen kasuan atorra-sakotak; eta bientzat, atorra edo alcandora dotorea eta izterrerainoko galtzak edo belaunpean bilduak. Garai horretan, hauek ziren gorputzari itsatsita erabiltzen ziren jantziak: bi sexuetarako zaia kordatua, saihetsera kordoi batekin estutua eta jarri eta kentzeko mahukaduna, eta brial dotorea, aurrerantzean soilik emakumeentzat; horien gainetik tunika luze eta zabalez jantz zitezkeen, sexu aldetiko bereizketatik gabe, piel, aljuba edo, pellote gaztelarra, mahukarik gabea eta sisaren azpitik aldakarainoko irekigune luzez. Soingainekoei dagokienez, janzki eta modu askotarikoak izan zitezkeen: mantu eta kapak, ireki ala itxiak (sokaz, euri kapa, biribildua); mahuka laburreko garnacha (epaile-jantzi) zabala eta mahuka galduko tabarda edo lukonsaia, eskutarako irekiguneak eta txanoa dudana. Oinetakoetan eboluzioak konplexutasunera eta ugaritasunera egingo du, gainerako janzkietan bezalaxe; zoladun zoleta-galtzetatik zapata eta servilla direlakoak ezagutu arte, gotiko denboraldian puntadunak eta, aroaren amaiera aldera, eskotatu eta zapal erako frantziar zapatak.

Indumentaria

XV. mendean Nafarroako Errege-etxeak, Frantzia eta Borgoinako moda jarraituz, gorteetako eta burgesen janzkeran dotoretasun gotikoaren estiloa edo tankera txertatu zuen, gorputz-itxura estilizatuaren xerka, sorbaldetako nabarmenak eta gerri estua erabiliz, gizonezkoen janzkeran janzki labur eta modelatzaileak barneratu zituelarik: iduneko altuko jipoia eta galtz altuak axubetaz eutsiak, orkatiletaraino zaia luze eta lozaduna, eta bonet eta zapatak punta nabarmenekoak. Emakumezkoen janzkeran ohikoak ziren kono formako bonet altuak, bekokian belo eta ile-kiribilarekin edo flandetar tontorra erabiliz, eta janzki gisa, aldakataraino irekitako surcot dotorea kota agerian utziz edo, bular azpian gerriko zabalez estututako arropa hanpatua, brial edo kotape eskotatu gainetik. Bi sexuetarako gaineko janzki modura houppelande dotorea, lepoalde altu eta mahuka zabalekoa, loba eta mantuak.

Herriko trajeari dagokionez, aro guztian zehar ia ez da aldaketarik aurreko aroarekin alderatuz. Zaiaren ordez (z)sayoa, belaunpetaraino eta lasaia; edo, aldaeretako bat, hots, kapusaia, gizonezkoek gorputzari itsatsita eramaten duten janzkia:

"seis pieças de márfega para 100 capisayos con sus grandes capirotes para vestir 100 povres a causa de dit duelo"

(Exequias de Leonor de Navarra, 1414an, Gaibrois, 33. or.).

Emakumezkoek zaia edo briala, neurrira ipinia eta luzea, alcandora eta barruko arroparen gainean zuzenean. Emakumezkoen soingaineko gisa, mantu lodi edo forratua, eta kapuza (gizonezkoek ere erabilia), txano eta mahukadun gabanarekin txandakatzen zutena; txoletako kapotea eskapulario modura, zamarraz. Burukoa gero eta gehiago zabaldu zen eta gizonezkoak ere erabiltzen hasi ziren. Hala, gizonezkoen kasuan kofiak eta burubilleak erabiltzen ziren, punta luzatua izaten zutenak (mahuka), sorbaldaren gainera eroriz. Halaber, eguzkitik babesteko hegaldun kaperak erabiltzen zituzten. Emakumezkoen kasuan, burua arrasean eramaten zuten dontzeilak izan ezik, ezkondutakoak, mihiseko buru-estalki gainean tontorra izeneko buruko altuak eta forma konplexukoak eramaten zituzten. Horrela aipatzen du Schaschekek Rosmithal Baroiak egindako bidaiari buruzko kronikan:

Indumentaria

"en Vasconia las mujeres se cubren con tocados raros, a veces hechos de forma de cantarelo, a veces en la frente como los hombres y a veces como platos llenos (...) aquí vimos por primera vez las mujeres y las mozas con las cabezas rapadas, salvo algunos mechones que se dejan de cabello largo, y su vestido es tan extraño que no hay semejante en ninguna de las regiones que visitamos"

(García Mercadal. T.1, p.113);

(Baskonian emakumezkoek buruko bitxiak erabiltzen dituzte, zenbaitetan "cantarelo" forman, zenbaitetan bekokian gizonak bezalaxe eta zenbaitetan plater bete gisara (...) hemen ikusi genituen lehen aldiz burua arrasean zeramatzaten emakumezko eta neskatxak, ile luzatuko xerlo batekin, eta janzkerari dagokionez, hain bitxia da ezer bisitatu genituen eskualdeetako bakarrean ere ez baitugu antzekorik ikusi);

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bando-gerrak amaituta, Bizkaiko Golkoaren inguruko lurraldeak bertako hirien dinamismoaren baitan hazten ziren. Hiriak ideien, merkantzien eta bidaiarien trukerako gune ziren. Nafarroako gortea desagertuta, moda Frantzia eta Espainiako gorteen jarraibideen araberakoa zen, baina urrunekoa izanik berandu iristen zen. Testuinguru horretan, errenazimenduko indibidualtasunak jatorrizko janzkera ekarri zuen. Hala, euskal antzinako erabilerak barreiatu ziren, batez ere emakumezkoen janzkeran, esate baterako, tontorra izeneko burukoa. Antzinako erabilera horiek beren originaltasuna zela eta hedatu ziren Europan zehar, Jantzien Liburuen bidez (Weiditz, Enea Vico, Vecellio, Desserps). Garai horretakoak dira jostun eta galtzerdi-egileen lehen kofradiak. Halaber, aro horretan inprimatu zen joskintzako lehen liburua (Madril, 1580), Hondarribiko Juan de Alcegaren eskutik. Hark ofizioan geometria aplikatuz, gizonezko eta emakumezkoentzako 135 eredu erreproduzitu zituen.

Indumentaria

Hortik aurrera, gizonezkoen artean jantzi laburra orokortu zen, eta aurrerantzean janzkeraren ibilbidea biko-itu egin zen. Horrela, artean gizonezkoa orkatiletarainokoa zen emakumezkoen jantziarekin bereiz zitekeen. Usadiozko gizon-janzkera alcandora, lepo zerra eta jipoiaz osatzen zen, eta gerritik bera galtzamotzak, labana-hausturaz edo sastatuaz apaindutako gerripekoak, eta galtzariz eutsitako galtzerdiak. Gainean janzteko janzkiak: jakatxoa, koletoa, kerdoia, pretinaz estutua eta horien gainetik soingainekoak, gehienbat kapiladun kapak, kapa laburrak herreruelo izenekoak eta bohemiar dotorea, eta buruko bezela kaperak eta txanoak. Nekazari, artisau eta itsas gizonek janzki laburrak janzten zituzten, artilezko oihal latz eta malgudunak (jipoia, kerdoia edo (z)saiotxoa), gerriz estutuak galtza luzeen eta bragetaren gainetik, edo kolorezko txaplatadun hanka luze eta zabaleko galtzen gainetik. Soingaineko modura, ohiko kapotea, tabarda eta bi aldako kapotetxoa; eta buruan mahukadun kaputxoa, txano eta galotak. Xingoladun zapatak, abarkak eta eskalapoiak oinetako gisa.

Indumentaria

Emagin nobleen gaineko jantzia, zabala eta luzea, zetazko eztai-boilaren eta gonuztaiki bidez kanpai-forma hartzen duen zaia gainean kokatzen zen. Kategoria horri dagozkio: soinko itxia eta hiru laurdeneko mongil delakoa, arropa, goitik behera irekia, eta frantziar, zaia eskotatua, gerruntze altukoa sabelalde irten gainean eta aldaka -zinta, tokiko berezitasun batekin, hots, guztiek amantala eramaten zutela. Soingaineko janzki gisa, mantuak, zamarraketa kapak. Buruko gisa, bonetak, txanoak eta forratutako konkor txikiak bekoki gainean (biribilkiak). Oinetako gisara ehun eskarpinak zapata hutsekin edo txapin gainean. Herriko emakumeek bestalde, forma bete eta sendoen silueta burruntzaki bidez agertzen zuten, zaia osoa jantzita, edo bi piezakoa den jipersia edo gonetea, xingola edo zinta bidez estutua; eta aldaketarantz sartutako zaiapekoa, atorra-sakotaren aldak eta mahukak aireztatuz. Haiek identifikatzeko ezaugarri nagusiak adar-burukoa eta amantala ziren. Soingaineko modura, mongila, loba eta, horiez gain, garnachea, bi aldako kapotetxoa, laburra eta tolesduna, eta mantu eta mantutxoak. Mantuen artean Baionako barrutiko zabal eta bilgarria nabarmendu behar, burura jauskera luze eta tolestu batekin egokitua, edo atzera hedatutako ziarekin.

Garaiak aurrera zihoazen heinean Bizkaiko Golko inguruko herrietan erabiltzen ziren adar-formako burukoen aurka agertu ziren eliza-agintari eta agintari zibilak "lizun eta eskandalagarriak" izateagatik eta haien garapenean erabilitako mihise eta hornidura kopuruagatik, luxu-arauz kanpokotzat joz. Mihise edo izaratxo bilduak erabiliz eginak ziren eta forma eta tamaina askotarikoak ziren. Kofiadura jatorrizko herrialde o bailarekin lotu ohi ziren, halaxe ikus eta irakurri daiteke 1600. urtearen inguruan Francisco de Mendietak egindako hiru olio-pinturetako batean Abitos y Tocados antiguos y modernos usados en Vizcaya izenpetutakoan.

Indumentaria

Pintura horietako bitan, gainera, XVI. mendean zehar gizonezkoen janzkerak ukan zuen bilakaera ikus daiteke, izan ere, 1476ko ekitaldi bat irudikatzen zuen "Besamanos" izenekoan, beltzez jantzita agertzen dira lepo-zerra zuria salbuetsita, Felipe II.aren Espainiako gortearen etiketa zorrotza agerraraziz.

Emakumezkoen janzkeran ere lepo-zerra erako lepoaldea agertzen da, eta gorputza piramide-formako silueta hartzen du. Hala kotila eta gonuztaiki gainean, bi piezako zaia bat janzten zuten, piko nabarmenean amaitutako jipoiaz eta zaiapekoz osatua. Guztia amantal zuri-beltzez eta gerritik zintzilikatutako katanarruz apaindua. Soingaineko gisa: mantuak eta kapak. Harribitxiak (arrakadak, kateak, Agnusdéi, gurutzeak, eraztunak), axubetak, sokak eta urre eta zilarrezko apaingarriak ugaritu egin ziren buruko eta janzkietan. Horrez gain, "lurraldeko" usadio gisa hartzen ziren eta aitengandik semeengana igarotzen ziren ezpata, sastakai eta labanak errespetatu egin ziren hurrengo luxu-legeetan. XVII. mendean gizonezkoen janzkerari zegokion aldaketa nagusia galtzen ordez zaragoilak eta gergizkoak erabiltzearena izan zen. Gainera, lepoaldearen lepo-zerra ordez eztar-oila eta almidoitutako balona erabiltzen ziren. Emakumezkoen modari dagokionez, silueta aldatu egin zen zaiak burruntzaki bidez harrotzean. Horren adibide dira gorteko modan erabiltzen zen guardainfante delakoa edo klase herrikoian hedatu zen gonazpiko eta zaiazpikoen gainjarpena. Garai horretakoa da Erronkariko haraneko janzkerari buruzko irudi zaharrena, Cano y Olmedillak XVIII. mendean hedatua. Janzki horrek Pirinioetako haranari dagokion janzkeraren bilakaera islatzen du: gizonezkoa galtzez jantzita eta gainetik balonadun kapotea, kapera eta belarridun zapatak; emakumezkoak mihise tolestuko buru-estalkiz eta burugainekoz, janzkiari dagokionez paternoster eta brokatelezko petoa gerriko eta amantal bidez estutua, jipoi eta zaiapeko gainetik.

Indumentaria

Luis XIV.aren erregealdian (1660-1715) Paris zen luxuaren eta modaren mendebaldeko gunea. Bertan gizonezkoen artean frantziar erako janzkia edo traje militarra hedatu zen, zeta, bordatu eta xingola fin eta argiz josia. XVIII. mendeaz geroztik tokiko ilustratuek eta Larramendik sarkastikoki "handiki" izendatzen zituenek janzten zuten hori, honatx traje horren osagaiak: kasaka, txaleko luzea, barneko kamisa gainean papar-alkandora lepabilkaitxoarekin galtzontzilo gainean galtzak, galtzerdi eta belarridun zapatak, eta soingaineko gisa, redingote delakoak eta kapak. "Handikesa" zirelakoek bi piezako janzkia janzten zuten barruko atorra-sakota eta kotila, gonazpiko eta gonuztaiki gainetik, haldetaz hornitutako kasakaz, petoz eta zaiapekoz osatua. Bestela, kasaka luze informala, manteau zeritzona, modista paristarrek sortua zaiapekoz eramateko eta goi-mailako andreak eta neskameak erabiliak. Azken horiek, ordea, gonazpikoak janzten zituzten, barnealdetik bigungarriz zapuztuta, dirudun-andreek janzten zuten gonuztaikia imitatuz. Halaber, bata dotorea erabiltzen zuten, irekia eta gerriari atxikia, petoa eta briala nahiz izurdun dandarra agerian utziz, atzealdetik. Zapata forratuak, takoidunak edo txinelak. Pasiorako kapotetxo eta mantutxoak. Osagarriek zehazten zuten moda: gizonezkoentzat lumadun kapera edo hiru adarrekoa ileorde edo hautseztaturiko motots gainean, bastoia, eskularruak, erlojuak eta ezpata txikia; eta emakumeentzat xalak, zapiak, beso-erdiko mahukak, eguzkitakoak eta xingolak eta, buru apainduan laxo eta lumak (Larramendi, 184). Moda horiek eta jende arruntaren eguneroko eszenak gorteko pintorea izan zen Luis Paret y Alcazarrek irudikatu zituen Bilbon erbesteratuta egon zen bitartean (1778-89).

Indumentaria

Erreakzio modura "jatorrizko edo herrikoi" gisa izendatzen zen trajea ezarri zuen herriak, janzkeraren ohiko erabilera eta usadioa aldarrikatuz. Janzkera horri berezko estetika eman zitzaion, XX. mendera arte iraun zuena, aldaketa gutxi batzuekin. Gizonezkoaren trajeak frantziarra dakar gogora: kasaka, txaketa edo txamarra bihurtuta, eta txalekoa, biak luzeak, aldakarainokoak eta erdian botoiez hornituak, ehuneko papar-alkandora zabala gainean, eta galtza labur edo marinel praka luzeak, koloredun gerrikoz eutsia; galtzerdi eta zapatak edo, artilezko galtzetinak eta mantar latzak abarketarako. Soingaineko modura, txartesak, kapusaiak, kapilotsak o burujakeak, zamarrak, mantak, kostaldean urlekoak; eta maiorazkoen kapa dotore eta ederrak, makila edo ezpataz lagunduta. Adats luze gainetik, aranda-txapelak, kaperak (kopa erdi edo altukoak, punta zorrotzekoa, makurra, belarriduna) eta kostako txanoa. Zuberoan, berriz, orratzez egindako txapela zabala, uztaiduna. Emakumezkoen trajean buruko adar-formak alde batera uzten dira eta bale-jipoia janzten du zaiapeko edo zaiarekin, apaindutako txaramela eta atorramanka gainean. Barruko arropa, berriz, ehunezkoa da: atorra edo atorra-sakota, gorantza axubetaz estutua, gonazpikoa, eta galtzerdi edo artilezko galtzetinak oinetakoen arabera. XVII. mendeaz geroztik eliza-agintariek mantu edo mantelina inposatu nahi izan zien neskatxa eta emakumeei eliza sartzeko. Bada, usadioz kontrako agindu hori errealitate bihurtu zen modaren eskutik. Hala, lurralde bakoitzean mota ezberdinak ikus daitezke: Bizkaia eta Gipuzkoan burukoaren gainetik janzten zuten ezkonduek; Nafarroako haranetan antzinako mihisezko buru-estalkiaren ordez, punpoilo edo txori hornitutako oihalezko mantelina eramaten zen, ezkongabeentzat gorria, ezkonduentzat liturgiaren araberakoa eta beltza alargunentzat, gauza bera gertatzen zen Araban. Iparralden, neskatxek mantelinak erabiltzen zituzten eta ezkonduak kapa beltz eta luzeak janzten zituzten dolu eta proguan, hots, kaputxina eta kaputxa.

Frantziako iraultzaren ondotik, burgesia areagotzean eta gizarte-berdintasunaren balioa eta norbanakoak libreki janzteko printzipio unibertsala (1793/10/29ko Deklarazioa) ezarri ostean, gizartean halako homogeneotasuna eman zen janzkeraren inguruan, industria-ekoizpenak bultzatuta. Paris eta Londreseko jarraibideen araberako moda nazioarteko eta eklektikotzat definitu zen, itxura eroso eta higienikoak lehenetsiz, bizi-usadio berrietara egokitua. Moda hori berehala barreiatu zen moda-aldizkarien, erostetxe handien eta "novedades" denden eskutik. Hala, hiri-klaseen espektro zabalean txertatu zen. Hari kontrajarrita, 1858an F. Ch. Worthek Goi-mailako Joskintza finkatu zuen. Horrela, diseinu pertsonal dotoreak sortu zituen erregetza eta aristokraziarendako, moda kontzeptua modernizatuz, itxura agurgarri eta dotorea hartzera bideratu zelarik aipatu kontzeptua. Bere bezeroen artean Eugenia de Montijo enperatriza zegoen. Hark moda-erakusleiho esklusiboena bilakatu zuen Miarritze.

Indumentaria

XIX. mendean zehar ontzien eta industriaren merkataritzara bideratu zen merkatari-burgesia. Klase horretako gizonak Ingalaterrako joskintzaren sinpletasuna eta erosotasuna zuten jomuga, neurrira egindakoa. Hala, fraka edo lekatakoa, lepo luzea eta papar-hegalekoak janzten zituzten. Papar-hegal horiek gerrian zuzen moztutako txalekoan ere ipintzen ziren. Horrez gain, alkandora, gorbata zabala, prakak, galtzaridun galtzerdiak eta zapatak edo botak janzten zituzten, janzteko, berriz Frantziar erako traje dotorea ere erabiltzen zutelarik. Soingaineko modura, kapote ingelesa (kapa alde batera utziko duena) bastoia eta eskularruak. Bigarren erdialdean funtsean ez zen aldaketa handirik izan, baina lebita eta txistera) (kopaleta) maizago agertzen dira. Dena den, mendearen azken aldera, gizon helduen jantzitegiko elementu bilakatu zen eta, haren ordez, pixkanaka hiru piezako traje-txaketa amerikarrak hartu zuen indarra, lepo luzeko alkandoraz, gorbataz eta tirantez osatua. Gizonen traje behinena izan da eta halaxe iritsi da gurera ere, eta gizarte-klase guztietan erabili eta erabiltzen da orokorki. Egunero erabiltzeko onddo-kapera edo malgua eta canotié informala. Soingaineko gisa gabana, Gerra Handiaren ostean gabardinak hartu zuelarik haren lekua. Gizonezkoen jarduera profesionalaren aurrean, emakume dotorearen gizarte-mailak moda-jantzitegi zabal eta anitza eskatzen dio, aipatu mailarekin bat etorriz. 1800an Bilbo eta Gasteizko frantsestuen artean harrena ona izan zuen kamisa erako soineko arinen estilo neoklasikoak gorputz libreen gainetik, spencer, xal eta kapotaz horniturik.. Estilo horrek berezko adiera hartu zuen Zuberoako janzkera herrikoian. 1830tik aurrera, janzkera erromantikoa kortsea berreskuratu zuen, gerruntzea nabarmenduz eta mahuka eta gonetan bolumena zen nagusi. Jantzi horren azpitik barruko arropa gainjartzen zen: kamisa eta erditik irekitzen zen zuri galtza, gainekoa eta gorontza, gonazpikoa, eta armazoiak. Mendearen gainerako urteetan janzkera, gerritik moztuta, pinpirindu egin zen "dotoretasuna oparotasun oso zen; jauskerak eta bildu edo oratuak" (Orueta, 86. or).

Indumentaria

Gonen hegaletan bilakaera eman zen, merinakearen zabaltasunetik atzealdera nabarmendutako polizoia erabiltzera igaro ziren emakumeak, eta polizoiarekin batera xalak, larruak, jansurtuak eta sasoi bakoitzean osagarri berriak: kaperatxoak, lumak, eguzkitakoak, euritakoak, eskularruak, haizemaile eta eskuzapiak, takoidun zapatak eta botinak. Erlijio-ofizioetara joateko mantelina goranzko orrazkeraren gainetik eta zaiapeko beltza, espainiar erara. La Belle Époque (1890-1914) izenez ezagutzen den garaian silueta bihurriak sustatu ziren bularra aurrerantz eramatea eta aldakak atzerantz eramatea eragiten zuten kortseen bidez. Gorputzak guipur ehunez janzten ziren eta mahukak esferazko plegu bidez apaintzen ziren besaurrean. Gonak gerri eta aldakei estututa eta, behetik kanpai-formakoak, dandarraz zorua ukitzean. Kapera eta kapa hanpatuak. Berrikuntza erabilera anitzeko jostun-trajea izan zen, gizonezkoen trajetik eratorria. Hiru laurdeneko txaketaz, parpailadun blusaz eta gona luze zuzenez osatzen zen. Mendeak aurrera egin ahala gona laburtzen joan zen. Traje sinplea zen eta, horri esker, edozein jarduera eta gizarte-mailatan erabiltzen zen. Mende aldaketa horretan, Maria Cristina Erreginak Donostian ematen zuen uda. Horrenbestez, Miarritze kosmopolitarekin batera, luxuaren eta dotoreziaren ikur bilakatzen zen Donostia. Dotoretasun eta luxu horrek urte guztian irauten zuen Neguri eta Baionan bitarteko etxe nagusietan, euskal oligarkia bertan kokatzen baitzen. Bezero horiek zaintzeko Londreseko jostundegiek eta Pariseko moda-etxe handiek (Poiret, Patou, Chanel) Miarritze aukeratu zuten sukurtsalak irekitzeko. Gauza bera egin zuen, Cristobal Balenciagak Donostian, bertan ireki baitzuen 1918an bere lehen moda-etxea, Balenciaga y Cía, hain zuzen. Mundu-gerren arteko garaietan emakumeak gero eta garrantzia gehiago hartu zuen gizartean eta legeak genero-berdintasuna aldarrikatzen zuen. Hori janzkera funtzional batean islatu zen, emakumeek sortua eta emakumeei zuzendua. Hala, gazteek forma praktiko eta motzak aukeratzen zituzten, esate baterako, jauskera sorbaldan hasi eta aldakan biltzen ziren janzkiak, soingaineko zuzenak, mutil erara orraztuta, cloche erako kapera, eta puntua eta tweed delakoa kirol-janzkietarako abarketa eta zapatilekin. Hogeita hamarreko hamarkadan trajea sinplifikatu egin zen, gerria bere tokira itzuli zen, zeharka moztutako gonak luzatu egin ziren berriro mozteko, eta lentzeria berritzailea sartu zen, bularretako, kulero, gerriko, konbinazio eta galtzari-mediaz osatua, zeta erabiliz, gorputzari forma naturalak emanez.

Indumentaria

Mundu tradizionalari zegokion traje herrikoi dotore eta bereziena , ezkontzarako egiten zen eta jabearen baitan geratzen zen hil arte, gehienetan beztidura bezala amaituz. XIX. mendearen amaieran, ehun-industria finkatu ondoren, trajearen barnean janzki kopuru eta koloreak areagotu egin ziren, guztia, kolore beltz dotorearekin konbinatuz. Janzkera hori behin betiko argazkilari eta pintoreen eskutik gureganatu egin zen. Emakumezkoenak osagarri hauek zituen: jipoia, txanbra edo txaketa, gona luze eta hegaldunarekin bat zetorrena, zetazko lepo-zapi ikusgarria eskote edo supleutan, eta amantala, lanerako zabala eta elizarako dotorea. Gainean oihalezko mantu beltza edo, bestela, luxuzkoa, Kaxmir edo Manilakoa. Ile luzea txirikordaz biltzen zen eta xingola bidez lotzen zuten ezkongabeek. Ezkonduek, berriz, zapi zuriz edo kolorezko zapiz estaltzen zuten. Buru-zapi horrek nahi zen forma hartzen zuen buruaren gainean jarri eta lotzerakoan. Horrela, forma ugari har zitzakeen tokiaren arabera: ebakitako kono altua, bekokian korapiloa lotuz; hegal jasoa, bizpahiru punta agerian utziz; atzetik irekia, txirikordak zintzilik geratzen zirelarik; edo, motto delakoa, jantzigintzakoa, mototseko burutea estaltzeko. Oinetakoak berdinak ziren bi sexuetarako, galtzerdiak eta zapatak. Egunerokoan, ordea, galtzerdi eta zapaten ordez artile galtzetinak eta abarkak erabiltzen ziren. Gizonezkoen trajeari dagokionez, itxura, kolore eta apaingarri ugariko txaketa eta txamarrak erabiltzen ziren. Txalekoen kasuan, gerriaren parean mozten ziren eta lepo eta papar-hegalak izaten zituzten, azpitik liho eta perkalezko alkandorak janzten zirelarik. Prakek galtzekin bat egiten zuten, biak ehuneko edo oihalezkoak ziren, tranpa-brageta hornituak eta, azkenik, kolorezko gerrikoa. Soingaineko modura, kapa luzea, bizkarreko kapa-txikiduna. Iparralden, berriz, satin beltzeko bruxa erabiltzen zen, laburra, gerrirainokoa eta zilarrezko edo oialitsu itxituraz. Hegoaldean, izen bereko janzkia erabiltzen zen, hala jaietarako nola lanerako, blusa beltz luzea, belaunetarainokoa edo marra zuri eta urdinez hornitua, edota laukitxoz hornitua. Lepoko zapia marinelek eta zuberotarrek erabiltzen zuten eta, Nafarroan tzorongoa buruan lotuta. Lehen karlistaldiaren ondorioz penintsulako aldean abarketa eta txapela sartu ziren. Hala, traje herrikoiaren nortasunezko elementu saihestezin bilakatu ziren biak. Haien fabrikazioa erdi-industriakoa zen eta Hegoamerikara zabaldu ziren, hemeretzigarren mendeko diasporarekin. Txapela, motza edo hegalduna izan zitekeen, kolorezkoa (gorria, tzuria, urdiña...) edo beltza. Gainera, ehundura, erabilera-aniztasuna eta prezio apala aintzat hartuta, buruko nagusi bilakatu zen bai hiritar nola herrikoien tartean, klase aldetiko bereizketarik gabe. Garai horretan ere sartu zen masiboki mahoia (edo Bergara urdin) penintsulako aldean, lanerako janzkiak egiteko. Jatorriz, langileei zuzendua zegoen, baina berehala baitaratu zen baserritar eta arrantzaleen tartean, eguneroko arropa gisa.

Indumentaria

Espainiako gerra zibilaren ondorioz, bizitza eten egin zen, heriotza etorri zen eta askorentzat erbestea (horien artean Francisco Rabaneda Cuervo, gerora Paco Rabanne jostun ezaguna, 60ko hamarkadako ehundura metalikoaren sortzailea). Geratzen zirenek, berriz, aski zuten bizirautearekin. Iparraldea askoren gordeleku zen eta, artean, jomuga idilikoa ere bai. Baina, bigarren mundu-gerrak hango bakea ere lehertu zuen. Beltzak dena hartu zuen, baita nagusienei zegokien traje herrikoia ere. Emakumeek buruan zapia, gonarekin bat zetorren marinera, amantala, galtzerdik eta elizarako mantelina. Bitartean gazteek ilea mozten zuten eta moda hiritarrera jo zuten. Gizonezkoen kasuan, itxura mantendu egin zen eguneroko jantzian: txaleko, gerriko, alkandora, elastiko, praka, artilezko galtzetinak eta gomazko abarkekin. Dotoretasunerako, ordea, joskintzako traje-txaketaren alde egin zuten, leporaino botoi-zuloz lotutako alkandoraz, gorbatarik gabe, oinetan galtzerdi eta kordoidun zapatak. Bi kasuetan txapela janzten zuten.

Hiri-giroan egoerak agindutako moda zen nagusi, joskintzako arropekin, sasoi bakoitzean osagarri berriren bat ateratzen zelarik. Etxerako arropetarako edo joskintzarako aldizkarietan agertzen ziren ereduak errepikatzen ziren eta neska gazteak zinemara jotzen zuten jantzigintza-eskoletarako ideien bila. Integrismo katolikoa zen nagusi eta testuinguru horretan emakumeek oso eskote gutxi erabiltzen zuten, zerrendatxo egokitu eta luzea, belaunetaraino, trajeak txaketa blusa, jertse eta rebekekin, erlijio kutsuko medailaz, perlazko lepokoz edo zapiz apainduta. Soingainekoak papar-hegal txikiz edo larruzkoak, eta zorionekoentzat nylonezko mediak, topolino zapatekin. Elizarako mantelina, meza-liburua eta arrosarioa. Gizonezkoek amerikarra eta frakak janzten zituzten eguneroko arropa gisa, eta dotore ibiltzeko traje-txaketa gorbatarekin eta goialdeko patrikan zapia erakusgai. Neguan txapela eta gabardina. Udan, berriz, milarraia praka freskoak eta alkandora. Klase dirudunek neurrira egindako joskintzara jotzen zuten. Hala, oihal oneko trajeak janzten zituzten, txaketa gurutzatu batekin, alderantzidun frakekin, soingainekoarekin eta kapera malguarekin. Haien emazteek Goi-mailako Joskintzako modeloak janzten zituzten artean, Balenciagak eta Pedro Rodriguezek, Donostian, Madrilen edo atzerrian egindakoak. 60eko hamarkadaz geroztik janzteko estiloa adinaren araberakoa da. Goi-mailako Joskintzako etxeak itxi eta Bilbon Espainiako erostetxe handiak iritsi ziren, esate baterako, El Corte Inglés eta Galerías Preciados. Sozialki eta politikoki inkonformista ziren gazteek adats eta bizarrez, laukidun alkandoraz eta fraka bakeroz eraikitzen zuten berezko estetika, hippie eta folk mugimenduen eraginpean. Horrez gain, Ingalaterrako trenkak eta nortasuna aldarrikatzeko janzkiak eramaten zituzten, esaterako, oihalez egindako kaikua edo orratzez egindako borladun mendigoizalea. Azken horiek neskek ere janzten zituzten. Gainera, emakumeen kasuan jantzi motzagoak erabiltzen zituzten eta gona eskoziarrak edo hanka zabaleko frakak janzten zituzten, gainetik jertse estuak. Trantsizioak berrikuntza ekarri zuen sozialki eta ekonomikoki. Horren ondorioz, ehun-jardueraren bestelako antolamendu bat iritsi zen, prêt-à-porter delakoa ardatz hartuta. Testuinguru horretan, ospe handiko sortzaileak sortu ziren gure herrian: Angela Arregui (+), Javier de Juana, Conchu Uzcudun, Palacio & Lemoniez, Jota + Ge, Ailanto, Mercedes de Miguel, Modesto Lomba, Javier Barroeta, Miriam Ocariz, Carlos Diez eta Ion Fiz. 1992an Euskal Modaren Elkartea sortu zen, Diseinatzaile Berriengan arreta berezia jarriz. 2001ean, berriz, Nafarroako Arropa eta Osagarrien Diseinatzaileen Elkartea.

Kate handiek salneurri eskuragarrietan sortu eta banatutako moda eklektiko, orokor, plural eta uniforme erakoarekin batera, kalean tokiko markek nazioartean sortutako joerak hedatzen dira, janzki pleetatik abiatuz, Kukuxumuxuren kamiseta kasu; kirol-janzkia egunerokotasunera hedatzen da, hori da Loreak Mendian, Skunkfunk edo North Company surf-marken kasua; badira ekologiarekin eta berrikuntzarekin inplikatutako sentsibilitateak, Ternua eta Indarra.dtx adibidez; edo birziklapen eta elkartasunean oinarritzen direnak, adibide batera, Ekorropa; eta ez dira ahantzi behar tokiko janzkiak moda bihurtzeko egindako eraldatzeak, hori da, besteak beste, abarketen kasua, izan ere, online bidez saltzen dituzte sasoi bakoitzean Pare-gabea, Arin, Garcia, Soka edo Espelde merkek Iparraldetik. 2009-10 ikasturtean EHUk Moda Diseinuan Espezializatutako Unibertsitate Titulua abiarazi zuen.

  • ALBISU, Ane. Atondu - XXI menderako proposamena. Donostia: 2006.
  • ALVAREZ, Mª Ángeles. Janzkiak Paperean: Euskal jantzien grabatuak XVI-XIX mendeak - Trajes en Papel: Grabados de indumentaria vasca s. XVI-XIX. Bilbo: Euskal Museoa, 2004.
  • AMÉZAGA, Abraham. "Los Vascos y la Moda en el siglo XX". RIEV. 53, 1, 2008, 217-235 or. [Kontsulta data: 2011ko urriak 11].
  • ARAGONÉS ESTELLA, E. "La Moda medieval navarra: siglos XII, XIII y XIV". Iruña: Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, XXXI. urte, 74. zbk. 1999, 521-560 or. [Kontsulta data: 2011ko urriak 11].
  • ARIZMENDI AMIEL, Mª Elena. Vascos y Trajes. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones (RSBAP), 2 ale. 1976.
  • ARZALLUS, M. Cristóbal Balenciaga. La forja del maestro (1895-1936). Donostia, 2010.
  • BERNIS MADRAZO, C. Indumentaria medieval española. Madril: Diego Velázquez Erakundea. CSIC, 1956.
  • BERNIS MADRAZO, C. Indumentaria española en tiempos de Carlos V. Madril: Diego Velázquez Erakundea. CSIC., 1962.
  • BERNIS MADRAZO, C. Trajes y modas en la España de los Reyes Católicos. I. Las mujeres; II Los hombres. Madril: Diego Velázquez Erakundea. CSIC., 1979.
  • BERNIS MADRAZO, C. El traje y los tipos sociales en el Quijote. Madril, 2001.
  • BOUCHER, F. Histoire du Costume en Occident, des origines à nos jours. Paris, 1996.
  • CARO BAROJA, Julio. "El tocado antigua en las mujeres vascas". Nosotros Los Vascos, T. I. Bilbo: Lur Argitaletxea S.A., 1984.
  • ESTORNES LASA, B. y VV.AA. Como han sido y como son los vascos: carácter e indumentaria - izadera ta jazkera, 2 ale. Donostia, 1975.
  • GARCIA MERCADAL, J. España vista por los extranjeros. Madril: Biblioteca Nueva, 1921.
  • GOÑI, Karmele. Evolución del Traje Vizcaíno. Colección Temas Vizcaínos, VIII. urtea, 93. zbk. Bilbo, 1982.
  • JIMENEZ, Mª Teresa, MUJIKA GOÑI, Amaia. Boladaz pasatuta - Pasado de moda. Bilbo: Euskal Museoa, 2003.
  • LARRAMENDI, M. Corografía o Descripción General de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa (1754). Bartzelona, 1882.
  • MENENDEZ PIDAL, Gonzalo. La España del siglo XIII leída en imágenes. Madril: Real Academia de la Historia, 1986.
  • Museo del Traje. [Kontsulta data: 2011ko urriak 11].
  • ORTZADAR. "Exposición de Ortzadar sobre indumentaria de Navarra". Sukil, Cuadernos de Cultura Tradicional 3, Iruña, 2000.
  • ORUETA, J. de. Memorias de un Bilbaino 1870-1900. Bilbo: El Tilo Argitaletxea, 1993.