Kontzeptua

Jai Zikloak

Ziklo bakoitzaren barruan, edo kanpoan, egutegiak ezarritakoekin batera hainbat motatako zaindari-jaiak sartu diren arren, gainerako zaindari-jaiak ez dira inongo ziklotan txertaturik agertzen. Beraz, Udako zehaztapena erabakigarria da aipatutako urtaroari dagokionean.

Jai horiek zenbait oinarrizko osagai dituzte: eguraldi onaren laguntza bikaina, ekitaldien aniztasuna, auzoko herrien erakargarritasuna edota herritar gehienen zuzeneko nahiz zeharkako partaidetza.

Idiosinkrasiari eta elementuen bikaintasunari esker, herri bakoitzak eginahalak egiten ditu, ospakizuna mugatu nahirik, ekitaldi onenak, ezberdinak eta ezagunenak aurkezteko.

Jaiek eskaintzen duten aniztasunaren erakusgarri, hona hemen elementu bereziak dituzten zenbait jai:

  • San Martzial, ekainak 30, arma-alardea Irunen (Gipuzkoa).
  • Santa Isabel, uztailak 2, Ezpata Dantza Zumarragako Antiguan (Gipuzkoa), edo Dantzari Dantza Berriz herrian (Bizkaia).
  • San Fermin, uztailak 7. Festa jendetsuak Iruñean eta ekitaldi kutunak Lesakan.
  • Hiru behien zerga. 600 urte baino gehiago dituen erritua Pirinio mendietan, zehazki San Martingo Harrian, uztailaren 13an.
  • Uztailak 16, Karmengo Ama Birjina. Itsas prozesioak Santurtzin eta Plentzian, eta Soka Dantza Markina-Xemeinen.
  • Magdalena Ama Birjina, uztailak 22. Izaro uhartean teila botatzen da, uhartea Bermeorena dela oroitzeko Mundakaren aurrean.
  • Santiago eguna. Uztailaren 25eko jaia gure lurraldeko hainbat herritan ospatzen da. Tradiziorik handienetakoa duena Garaikoa da, non Dantzari Dantza eta Soka Dantza dantzatzen baitira, Euskal Herri osoan oso doinu ezagunekoak diren beste bi dantzaren ondoren: San Iñaxioren Martxie eta Gernikako Arbola Dantza. Santuaren irudia San Migel elizatik Elizabarrira eramaten da.
  • Pastoralak. Zuberoan, duela zenbait mendez geroztik, denboran zehar bizirik irautea lortu duen herri-antzerki mota bat prestatu ohi dute hainbat hilabetetan. Urtero, herri bateko edo hainbat herritako bizilagunak, azken urteetan, oro har, historiako pertsona ezagun bati buruzkoa izaten den lana antzezteko elkartzen dira.
  • Abuztuak 5, Andre Mari Zuria, Gasteizko zaindaria. Zeledonen jaitsiera izaten da ekitaldi ugariren abiapuntua. Urtero Arabako hiriburuko jaietara joaten omen zen zalduondar batek iradokitako pertsonaia da.
  • Andra Mari edo Abuztuko Ama Birjina, abuztuak 15ean. Herri askotan ospatzen dira herriko jaiak, baina berezienak zenbait herritako Aste Nagusiak dira. Bi hiriburuk bere gain hartzen dute gaur egun guztiz sustraiturik dagoen Aste Nagusia kategoria. Donostian kanoi-tiroz hasiera ematen zaie jaiei, baina jai-egun gehiago izan arren, ez dute San Sebastian egunak besteko indarrik. Bilbokoa, ordea, jaiaren herrikoitasunarengatik, abuztuko Aste Nagusirik garrantzitsuena da, ekitaldi ugari izaten direlarik hiriburuko hainbat eta hainbat lekutan: batzuk besteak baino errotuago daude, baina etengabe aurrera egiten dute beti.
  • Iraileko Ama Birjina. Irailaren 8a oso jai-egun garrantzitsua da: alde batetik, Hondarribia eta bere alarde ezaguna, Irungoak bezala, azken urteetan emakumeen partaidetzari buruzko eztabaida sutsua bizi duena; bestetik, Eltziego eta hango prozesioa eta dantzak; eta amaitzeko, neurri batean bakarrik bada ere, Otsagabiako dantza bereziak, dultzainek eta danborrak adierazten duten erritmora dantzatzen direnak.