Kontzeptua

Jai Zikloak

Aurreko eta ondorengo zikloetan bezalaxe, izadia eguneroko bizitzaren eta baserri-eremuetako bizilagun saiatuei onura eskaintzeko sortu eta dagokien testuinguruan kokatzen diren errituen osagaia da.

Hala, "maiatzean landatu" ohi diren "zuhaitzak" ditugu: gaur egun, oro har, makalak izaten dira, zuriturik plazaren erdian kokatzen direnak, San Joanetan eta beste jai batzuetan gertatzen den bezala; Durangaldean Donianetxa esan ohi zaio. Arabako Done Bikendi Harana herrian, edo Nafarroako Bakaikun, pagoa ebaki eta hainbat apaingarriz hornitu ohi dute. Gurutze Santuaren egunean, berriz, lizarrez eginiko gurutzeak ezarri ohi dira landetan. Egun hori ohore handiz ospatzen dute Legazpin. Bertan, Herriko Dantza (edo Zortziurreneko Dantza) dantzatu eta prozesioan halabeharrez Mirandaolako burdinolan forjatutako gurutzea ateratzen dute. Izan ere, gertaera egun horretako mirarizko elementu modura gelditu da.

Eta gurutzeez ari garenez, ezin kontuan hartu gabe utzi, duten debozio-esanahi handiagatik, erromesen zeharkaldietako irudi kostunbristak. Maiatzeko igande guztietan eta zenbait larunbatetan, gizon-emakumeak eta neska-mutilak dagokien herritik edo haranetik (Zaraitzu, Aezkoa, etab.) Orreagako Santutegira joan ohi dira. Gurutzeak eta gurutzedunak eramaten dituzte eta, ibilaldia luzea denez, goizean goiz, eguna argitzen hasi aurretik, abiatu behar izaten dute.

Hil horretan bertan, 15ean zehazki, eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arteko loturarekin jarraituz, nekazarien zaindari den San Isidroren ospakizunak urtero elkartzen ditu, gaur egun garai batean baino gutxiago bada ere, santuaren gerizpean sortutako Kofradiak eta Anaidiak.

Lan- eta heldu-kutsu argia duen jai batetik, orobat jatorri naturala duen haur-kutsuko beste batera. Beste garai batzuetan ondo ezagunak ziren eta euskal geografia osoan banaturik dauden "Maiatz-andereak", hain zuzen: Baztanen Erreginak, eske-kantuko lehen ahapaldian esaten den bezala.

Beste diru-eske bat ere egiten da, denboran zehar hobeto zaindu den ospakizunetako baten, Gipuzkoako Oñati herrian ospatzen den Korpus Egunaren, bezperan.

Garrantzi handiko egunean, dantzariek ibilbidean zehar egiten dituzten joan-etorriekin, txistulariek, Udalbatzak, herriko txoko guztietatik andetan ekarritako irudiek, prozesioaren bi alboetan eta espaloietan dauden herritarrek eta San Migel gidari dutela militar-itxurako pauso sendoz doazen hamabi apostoluek erdiguneko kaleak zeharkatzen dituzte herriarekin zerikusi estua duen eta partaide guztien aldetik konpromiso handia eskatzen duen ospakizuna itxuratuz.

Bortzirietako edo Baztango Doneztebe, Lesaka edo Bera udalerriekin batera, festa gordetzen jakin dute, oinarrizko maila bereizgarrian betiere. Besta Berri edo Pesta Berri eguna da. Lapurdi eta Nafarroa Beherean (Luhuson, Ezpeletan, Makean...), berriz, Fête Dieu deitzen diote. Segizio nabar eta nahasi samarrak dira, jatorri desberdinetako uniforme zibilen aniztasunagatik. Neska-mutilen ugaritasunaz baliatuz, lehen jaunartzeak egiten dira, eta balkoi apainduetatik eta belar usaintsuz betetako kaleetatik igarotzen direnean arrosa-hostoak botatzen dizkiete.