Kontzeptua

Jai Zikloak

Mahatsa biltzeko garaia da herrialdeko hainbat eskualdetan. Mahatsa biltzeak eta bildu ondorengo zanpaketak mama gozoa eskainiko dio ahoari beste urte batez. Eta hori, gaur egun, kalitate-aukera eta jatorrizko izendapen modura eratu da: nahiz Errioxako ardoa, nahiz Nafarroakoa eta txakolina.

Antzina nekazaritzako lan bat gehiago besterik ez zena, mota desberdinetako ekitaldiak biltzen dituen jai bilakatu da gaur egun, duela zenbait urtetik hona: uzta aurkeztetik hasi eta ekoiztutako ardoa dastatzera arte, hainbat eratako ekitalditan.

Baina ez dira jai horiek eta berritzat hartzen diren euskararen aldekoak (Kilometroak y Nafarroa oinez, adibidez) zikloa osatzen duten bakarrak. Denboran urrun bezain hurbil dagoen iraganaren ondorioz, oraindik ospatzen denari kasurik eginez gero, ezin alde batera utzi, hasteko, San Migel egunak gure lurraldeko hainbat txokotan izan duen eta oraindik duen garrantzia, ospakizunik aipagarriak eta entzutetsuak direlarik In excelsis irudia (Nafarroa aldeko) Aralar mendiko berezko talaiatik, Santutegia dagoen lekutik, inguruko herri guztietara eramatea eta jaiaren amaiera adierazten duten erromeriak.

Arrosarioko Ama Birjina eta feriak, bestalde, gainjarri egiten dira, ez ziklo honetan bakarrik, baita hurrengoetan ere. Gernikako urriko azken asteleheneko ferian, adibidez, gero eta erakusketari gehiago biltzen dira, eta bertaratutako jende multzo handien ondorioz, auto-ilara luzeak sortzen dira herriko sarrera-irteeretan. Egun horretan salerosketek eta trukeak, pilota-partidekin batera, egungo errito bategilearen eta neurrigabeko jai-ospakizunaren arteko nahasketa sortzen dute.

Egun batzuk geroago, lanaren eta aisiaren aurrez aurre, lagun eta senitarteko maiteen oroitzapena nabaria da bi egun zehatzetan: Domu Santu egunean eta Hildakoenean (azaroak 1 eta 2). Bigarrena zaharkitua gelditu bada ere, lehenak indarrean jarraitzen du eta ospatu egiten da. Eta neurri batean, era nabarmenean ospatu ere, hilobien mantentze estetikoari dagokionez, egun horien eta urteko gainerako egunen artean desoreka eraginez, herrialdeko zenbait lekutan bederen. Normalean, hori ez da hala gertatzen iparraldeko lurraldeetan, non ehorzketarako eremua, hilerria, hain arrunta ez den gorputzaren urruntasunaren mugarriaz gain, egunerokotasunaren zati baita, eta lan hori, batez ere, etxekoandreak burutzen du.

Kultura molde berriei leku ematea ere bizi-bizirik dago gizarte honetan. Zelten All Hallo's eve izeneko jaitik datorrenHalloween izeneko ospakizun anglosaxoi eta guztiz desitxuratua, kontsumismoaren bide bat gehiago bilakatzen ari da azken urteetan ustezko tradizio baten babesean. Gogoan izan behar dugu, hemen ere, alderdi hauetan, kalabazak bildu eta barrua husten zitzaiela, mozorro modura erabiltzeko edo, gauez eta barruan piztutako kandela zutela, ostiko gainean jartzeko, adin askotako jendea izutuz.

Tarteko pasabidea bailitzan, azaroa dagoeneko ospaturik eta ia ahazturik dauden udako jaien eta hurbil dauden Eguberri jaien artean "zangalatrau" gelditzen da. Hain ezagunak ez diren santuak ditu, hala nola, San Saturnino, Iruñeko benetako zaindari eta antzina handitasunez ospatzen zena, edo San Andres Lizarrako feriarekin, zeinak aldizkako zerri-hilketen atariko eta Bariko San Nikolasen gonbidatzaile baitira.

Egungo Turkian jaiotako santu hori, hainbat eta hainbat istorio eta elezaharretan haurrei loturik agertzen dena, bere irudiak, giza ezaugarriek eta oinarri sozialak mundu mailan jasan duten aldaketaren adierazgarririk nabarmenena da gaur egun. Santa da Estatu Batuetan, Père Noël Frantzian, Sinterklaas Holandan etab. Hemen, haren irudia edo aipamena oso leku jakinetan gorde da. Bere gotzain-jantziekin eta eskuan makila duela, "gotzain txiki" bilakatutako santuari buruzko kanta leku horietan guztietan agertzen da. Baita meza-mutilen jantziak dituzten akolitoez inguraturik ere. Gaur egun ere, besteak beste, Nafarroan Burgin edo Muruzabalen, Gipuzkoan Seguran eta Zegaman, eta Araban Agurainen ikus dezakegu.

Abenduaren 6tik 7ra eta hilabete horretako inguruko egunetan, aldi baten edo urte baten amaiera eta hurrengoarekiko lotura adierazten duten suak pizten dira eta bertan gauza zaharrak erretzen, Arabako Errioxako zenbait herritan (Samaniego, Bastida, etab) egin ohi den bezala.