Kulturalak

Irrintzi Dantza Taldea

Zumarraga-Urretxu

1967. urtean, zenbait hamarkadetan zehar mantendu ahal izan zen altxor kultural ederra berreskuratu eta zabaltzearekin amets egiten zuen gazte talde bati esker eman zituen bere lehen pausoak dantza talde honek. Geroztik, Irrintzi Dantza Taldea deituriko talde honek ilusio eta dedikazioz lan egiten du euskal folklore eta kultura indartu eta munduan zehar dantzaren bitartez ezagutzera emateko.

Taldearen lehen entsaioak La Salle eskolak utzitako gela txiki batean egiten zituzten, Tomas Sadaba eta Sebe Egigurenen zuzendaritzapean. Herriko zenbait musikariren partehartzea ere ezinbestekoa izan zen ametsa egi bihurtzeko. Guztiek ere lanerako borondatea erakusten zuten eta borondate berarekin bildu ziren 1970.ean neskak taldera, hain justu, urte honetan erabaki baitzen taldea mixto bihurtzea. Honekin, taldea indartu egin zen eta Irrintziko dantzariak harrotasun osoz Euskal Herriaren eta Zumarragaren ordezkari bihurtu ziren.

Ohiturak mantentzeko helburu horretan, ehundaka gazte pasa dira bertatik eta aipatzekoa da ildo honetatik herriko, Zumarraga eta Urretxuko, ekintzetan parte hartzeko erakutsi duen grina. Besteak beste, taldeak bultzaturiko ekintzak hauek dira: apirilean antolatzen den urteroko jaialdia (bertan talde guztiak hartzen du parte, gazteenetik zaharrenera) ekainaren 23ko solstizio gaua are magikoago egiten duen suaren inguruko sorginen akelarrea eta uztailaren 2ko Zumarragako ezpatadantzaren urteroko plazaratzea herriko jaietako egunik handienean.

Guzti honekin argi gelditzen da, aunitz urte dituen talde bat izan arren talde dinamikoa dela. Izan ere, Euskal Herriko dantza zahar eta mirestueneteko bat (Zumarragako Ezpatadantza) gordetzeaz arduratzen bada ere bere errepertorioa eguneratzeko ahaleginak egiten ditu. Azken honen adierazle da besteak beste taldekideek bailara desberdinetako dantzak ikasteko egiten dituzten desplazamendu eta kurtsoak, beraien errepertorioa zabaldu eta erakustaldietan euskal herriko aberastasun kultural hau ahalik eta modurik egokienean aditzera emateko.

Irrintzi dantza taldeko dantzariak ez dira profesionalak, baina euren kultur ondarea ahalik eta ondoen errepresentatzen ahalegintzen dira kabriolez, kriskitinez, musika tradizionalez, irrintziez eta oihuez jantziriko erakustaldi bakoitzean. Gogo hori taldea osatzen duten pertsona guztiek elkarbanatzen duten zerbait da. 2013. urtean, 130 bat pertsonez osaturiko taldea dugu Irrintzi, 30 pertsonek osatzen dute helduen taldea (zifra honetan biltzen dira bai dantzariak eta baita musikariak ere) eta 100 pertsonek osatzen dute gaztetxoen taldea, Urretxu eta Zumarragako 4-15 urte bitarteko neska mutikoez osaturiko taldea.

Ibilbide luze honetan zehar, aipatu bezala, han eta hemen izan da taldea bere eguneroko lana oholtza gainean erakusten. Besteak beste honako lurralde hauetan eman ditu ikuskizunak:

  1. Frantzia
  2. Madrid
  3. Catalunya
  4. Andalucía
  5. Alicante
  6. Zaragoza
  7. Valencia
  8. Burgos
  9. Bélgica
  10. Inglaterra

Azken urteetan zehar talde honek egin dituen elkar-trukeen isla da aurreko zerrenda hori. Irteera hauetariko bakoitza garrantzitsua da taldearentzat baina era berean ere garrantzitsuak dira urte osoan zehar bai Zumarraga eta Urretxun eta baita inguruko herrietan ere aurrera eramaten dituen ekintzak.