Pintoreak

Iriarte Zabala, Ignacio

Pintore gipuzkoarra. Azkoitian jaio zen 1621ean eta Sevillan hil zen 1685ean.

Hainbat egilek, egungoak zein zaharrak, Ignacio Iriarte 1620an jaio zela aipatzen dute, baina azken ikerketen eta kontsulten arabera, badirudi 1621ean jaio zela, erabateko ziurtasuna erdietsi gabe.

Hogeita bi urte zituela, Sevillara alde egin zuen. Bertan, Herreraren tailerrean ezagutu zituen hainbat pintoreen lagun bilakatu zen, oro tratu jatorra izan zuelarik beraiekin. Gehienbat paisaia landu zuen, beste egileek horrelakorik egiten ez zutenean. Sevillako Akademiako idazkari izendatu zuten eta erdi gehiegikeria bazen ere, Espainiako Claudio Lorena zela esaten zuten. Aracena-n ezkondu zen 1648an, Francisca Chaves-ekin; laster alargun gelditu zen eta hurrengo urtean berriro ere ezkondu gin zen Maria Escobar-ekin.

Iriarte Bartolome Esteban Murilloren bertan ezagutu zuen eta lagun minak egin ziren. Artelanen bat burutzeko laguntza eskaini zion eta hainbat egileren ustez, euren arteko adiskidetasuna apurtu egin zen elkarrekin lan egiterakoan ez zirela ondo konpondu. Dirudienez, Iriartek Murilloren paisaiak eta hainbat koadro pintatu omen zituen. Esaten dutenez, bien arteko eztabaida sortu zen Iriartek Murillok lehenik eta behin pertsonen irudiak pintatzea nahi zuelako. Erantzun bezala, Murillok berak pintatu zituen paisaiak eta pertsonen irudiak. Horrela, haustura ezinbestekoa gertatu zen.

Iriartek ez zuen aparteko zaletasuna erakutsi pertsona irudiak zirela eta, baina baten bat pintatu zuen, oso gutxi egia esateko, besteak beste, San Ignacio eta Paduako San Frantziskoren irudia. Berez, Iriarteren lanak mundu mailan euskal pinturaren benetako harribitxitzat jo izan dira. Sevillan badira egile honen hainbat artelan. Leaniz jaunak, bildumagileak, bere esku dauka Iriarteren bildumetako bat, eta Sevillako Cepedo jaunak ere beste sei koadro dauzka. Nazioarteko bildumagileek ere Iriarteren hainbat artelan dauzkate, esaterako, Noskinc jaunak. Badira bestelako lanak San Petersburgon. Pariseko Louvre museoan eta Madrileko Prado museoan Iriarteren lanak ikus ditzakegu. Hain zuzen, Prado museoan lau pintura dauzkate: Pais montuoso y arbolado, con un lago, 1,44-ko altuera eta 1,07-ko zabalera; Pais: en el una torre sobre un peñasco y un lago, 1,39-ko altuera eta 0,99-ko zabalera; Pais, con un arbol tronchado al borde de un torrente, 1,12-ko altuera eta 1,98-ko zabalera; Pais, con ruinas en un ribazo, a la orilla de un rio, 0,97-ko altuera eta 1,01-eko zabalera.