Arkitektoak

Iñiguez Almech, Francisco

Arkitektoa, 1901eko martxoaren 22an jaio zen Madrilen. Iruñean hil zen 1982ko abuztuaren 5ean.

1925ean Arkitekturan lizentziatura erdietsi zuen. Madrileko Arkitekturako Goi Eskolan Artearen Teoriaren katedraduna izan zen eta Nafarroako Unibertsitatean ere Artearen Historiako Katedraduna. 1950ean Zientzia Ikerketetarako Kontseiluaren Ordezkaria izendatu zuten. Horrez gain, Erromako Historia eta Arkeologiako Espainiako Eskolako zuzendaria ere izan zen.

Aparteko marrazkilari eta arkeologoa izan zen. Bere ibilbide profesionala monumentu arkitektonikoen zaharberritzean eta kontserbazioan finkatu zen. Nafarroako ondareari dagokionez, hainbat monumentuen zaharberritze lanetan esku hartu zuen, esaterako, Aralarreko San Migel, Iranzu eta Leireko monasterioak, Iratxetako garaia edota Oliteko Andra Maria Erregina eliza. Berak bestelako zaharberritze ekimenetan ere parte hartu zuen: Burgos eta Leongo katedralak, Las Huelgas, Siloseko Santo Domingo de Silos, San Millán de la Cogolla eta San Juan de la Peña monasterioak, edota Zaragozako Aljaferiako Jauregia. Azken hori 1947tik 1982ra bitartean burutu zen.

1950ean San Luiseko Arte Noble eta Ederretako Errege Akademiako kide izendatu zuten Zaragozan, eta 1980an ohorezko kide bilakatu zen Aljaferia berriztatzen burutu zuen lana zela eta. 1963an San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademian kide numerarioa izendatu zuten.

1965ean Ricardo Magdalena Saria jaso zuen, Zaragozako Foru aldundiaren eskutik, bertako jauregia eraberritzen burututako lanagatik alegia.

Hainbat sari eta ohorezko aipamen jaso zituen, esaterako: Meritu Zibileko Ordenaren Gurutze Handia, Isabel Katolikoaren Enkomienda, Alfontxo X.a Jakintsuaren Ordena Zibila, edota Frantziako Ohorezko Legioaren Ofiziala.

Nafarroa bera helburu zuten ikerlanei dagokienez, bereziki aipatzekoak dira Leireko monasterioa eta Iruñeko klaustroaren ingurukoak. Horiekin batera, Arte Medieval Navarro (Iruñea, 1971) izenburupean argitaratutakoa ere azpimarragarria da. Bost aletan kaleratu zuten eta Jose Esteban Urangarekin batera gauzatu zuen.