Dantza

Ingurutxoa

Esan dugun bezala, ohikoa da ingurutxoarekin Nafarroako soka-dantzak guztiak erlazionatzea. 2/4ko konpaseko belauntziko edo zortzikoak, adibidez, eta askotan doinu bereko bertsio ezberdinak ere, jotzen dira ia dantza guzti hauetan. Dena den, aldaeren artean esan daiteke haren nortasun handiagatik bi direla azpimarratzekoak: Erronkariko Ttun-ttunak eta Erdialdeko larrain-dantzak.

Lehen kasua agian bereziagoa da. Dantzaren izenaren jatorriak, dirudienez, jotzen den musika-tresnarekin zerikusia du, ttun-ttun izenarekin, historikoki, Euskal Herri osoan eta bereziki Nafarroan danbor batzuk -bai txistulariek jotzen dutena, bai harizkoa, gaur egun Iparraldean txirularekin batera jotzen dena- ezagutu izan baitira. Ziur aski beraz, ttun-ttuna dantzatzen zen... ttun-ttuna zegoenean, musika alegia. Dantzak berak badu zerikusi handia, noski, beste soka-dantza eta ingurutxoekin: dantza soziala, inguru irekiaz eta erlojuaren kontrako mugimendua egiten baita. Beste alde batzuk, halere, baditu: haren musiketan ez ditugu aurkitzen ez 2/4ko zortzikorik, ez Leitzakoak dituen bezalako ez 2/4ko inguru handirik ez 3/4ko edo 3/8ko inguru txikirik ere. Eta dantzatzeko erari begira, neskek, eta ez mutikoek, irekitzen dute dantza. Bai dantzan bai musikan, gainera, oso argia dago Aragoi ondoan egotea.

Larrain-dantzaren kasua ezberdina da. Izen honekin -edo hobeki esanda gaztelaniazko izenarekin, baile de la era edo baile de las eras, alegia, Nafarroako Erdialdeko dantza bat ezagutzen dugu, nahiz eta historian zehar esparru handiagoa hartu. Ingurutxoarekin antza handia du, baina kasu honetan kutsu mediterraneoa askoz ere nabariagoa da. Gaur egun aldaerarik ezagunena, jakina, Lizarrakoa da, baina garai batean oso zabalduta omen zegoen dantza Nafarroan zehar. 1928an, kasu, Iruñako Udalak lehiaketa bat antolatu zuen, txistu eta gaitarako pieza dantzagarrien bilduma bat saritzeko asmoz, de la era, inguruchu, etabarreko dantzekin bat datozen obrekin (Euskalerriaren Alde, 1928, 75 orr.). Eta 1888an, adibidez, aita Castillok Uxuen deskribatu zuen aldaera bat (Arraras Soto 1972:25ean aip.). Patxi Arrarasek berak ere Agoitzeko aldaera bat deskribatu zuen, eta beste aldaera bat, Arruazukoa, berreskuratu zuen Iruña taldea izeneko talde folklorikoak (Gaiteros de Pamplona eta Iruña Taldea 1979). Orokorrean, esan daiteke lehendabiziko zatia, Leitzako nomenklaturari jarraituz, inguru handia dela. Antza handia du, izan ere, herri horretan jotzen diren doinuekin, eta, gutxi izango balitz, dokumentu garrantzitsu batek erlazionatzen ditu dudarik gabe bi dantza hauek. Azkuek, aipatu dugun bezala, bere kantutegian doinu bat sartu zuen Etxarri Aranatzeko txistularia eta gaita-jotzailea zenaren Rafael Karasatorreren emandakoa (I, 437-438). Herri horretako dantzaki izeneko soka-dantzaren barruan zegoen pieza hori, eta inguru-dantzaren izenarekin agertzen da. Pieza hau bat dator, dudarik gabe, gaur egun Lizarrako larrain-dantzaren kalejiiraren ondoan lehendabiziko bi zatirekin: lehena 2/4ko inguru handi batekin, eta bigarrena 3/4ko edo 3/8ko fandango zahar batekin.

Lizarrako larrain-dantzaren lehen zati hori, izan ere, ingurutxo bat besterik ez da: dantzariek bikoteka eskuak zapi baten bidez elkarturik inguru irekiak egiten baitituzte erlojuaren kontrako noranzkoan. Gaitaren kadentzia batez eta danborraren arradaz, zubia egiten da, eta dena errepikatzen da berriro lehen bikotea aurreko postua hartzeko. Horrez geroztik, gaitaren soinuaz egiten diren dantzak -une honetan gutxienez baitirudi larrain-dantza oso lotuta dagoela musika-tresna horrekin- ingurutxoen aldean ezberdinak dira, eta aski da Lizarrako aldaerakoei begi-kolpe bat ematea horretaz konturatzeko, Fandango aldaerarekin (hain ezaguna Euskal Herri osoan eta urrunago XVIII. mendean), Balsea, Jota zaharra, Boleras navarras eta Corrida baitira. Badirudi, Arruazuko aldaeran bezala, dantza hauetan kanpoko eragina handiagoa zela ingurutxoetan baino. Gaur egun, jakina, Lizarrako eredua zabaldu da Euskal Herri osoan, larrain-dantza izena bera monopolizatuz eta dudarik gabe gaur egun Euskal Herriko dantza popularrenetariko bat dugu hau, ingurutxoa gaur egun bere muga estuagatik ateratzen duena.