Museoak

Ingurugiro Etxea Museoa

Gaur egun Ingurugiro Etxea museoa bezala ezagutzen dugun ekipamendua, Umeen Museoa izenarekin, 1987ko ekainaren 5ean inauguratu zuten, Loiolako bide zaharrean dagoen Egibar baserrian, Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politika eta Garraio Sailaren arteko hitzarmen bati esker. Ingurumena, iraunkortasuna eta kontsumo arduratsua sustatuz, harrezkero museoaren proiektuak hainbat eraldaketa ezagutu ditu, eta ia 300.000 lagun igaro dira bertatik. 1998an hartu zuen Ingurugiro Etxea izena eta ingurumen hezkuntzara bideratu zen proiektua, besteak beste Eskola Agenda 21 proiektuaren koordinazioaren ardura hartuz. Bigarren eraldaketa handia 2008an ezagutu zuen, Garapen Iraunkorraren estrategian oinarritutako erakusketak eskainiz. Edukietan ez ezik, barruko itxuran eta antolaketan ere aldaketak ezagutu ditu mende laurden honetan museoak.

Helburuak:

  1. 1. Ingurumen arloko heziketa-zerbitzuak eskaintzea.
  2. 2. Ingurugiro Etxea Museoaren eskaintza Eskolako Agenda 21ean txertatzea.
  3. 3. Garapen Iraunkorreko 2002-2012 Euskal Ingurumen Estrategia betetzen laguntzea.
  4. 4. Gizarteak ingurumen garapen iraunkorraren arloan ezagutza eskari handiagoari erantzutea.

Ingurugiro Etxeak ikastetxei zuzendutako programak eskaintzen ditu. Eskaintza programa zehatz hori HH, LH, eta DBHko ikasleei zuzenduta dago. Hainbat programa museo barruan kudeatzen dira. Beste batzuk , berriz, ekipamendu osagarrietan (Lapatx zabortegia- Garbigunea, Kontsumo Iraunkorraren Gela, Igarako errota).

Horrez gainera museora ikastetxeak edo elkarteak (aisialdikoak, emakumearen arlokoak, hirugarren adinekoak,...) etor daitezke, baita norbanakoak ere. Kasu guztietan sarrera doakoa da.

Ingurugiro Etxean bi eratako ikustaldiak egin daitezke:

  1. Gidatu gabeko ikustaldiak: norberak, bere kasa, egindako ikustaldietan, edozein pertsona edo taldek Ingurugiro Etxea ikus dezake, horretarako zehaztuta dauden orduetan.
  2. Gidatutako ikustaldiak: gidatutako ikustaldietan museoan diren hezitzaileek taldeek eskatutako programa didaktikoak burutuko dituzte. Gidatutako ikustaldi horiek aurrez hitzartu behar dira Ingurugiro Etxea museoko heziketa-taldearekin.

Informazio gehiago Ingurugiroetxea Museoa web gunean.