Kontzeptua

Inauteriak

Penintsulan Carnestolendas eta Antruejo izan dira erabili izan diren izendapen zaharrenak, XIV. mendeaz geroztik agertzen baitira hainbat testutan. Lehenengoak "haragi" eta tollendas delakoan du jatorria, hots, haragia jateari utzi behar zaion garaia litzateke (Aratuste). Katalanera dugu adibide gertukoena. Bertan carnestoltes izenarekin esaten da haragia uztea.

Antruejo izendapenari dagokionez: hedaduraz Entroido, Antroido, Antroxu edo "Antruexo" erabiltzen dira Galizia, Asturias eta Portugaleko lurraldetan. Hainbat egilek izendapen horien barnean Introitus delakoa ikusi dute, hau da, baraualdi baten hasiera adierazten duen hitza.

Dena den, "Carnaval" eta bere hizkuntza-aldaerak dira (Italian Carnevale, Ingalaterran Carnival eta Frantzian Carneval) denboraren joanean iraun dutenak. Hainbat aukerak, jatorri etimologiko zehaztugabea adieraziko lukete: "carne" (haragia) eta vale (utzi) edo haragia uztea; "carne(s)" (haragiak) eta levare (aldia) edo haragia (jaten) uzteko garaia; carnem levare edo haragia baztertzea; edo currus navalis (karro ontziak), garai ezberdinetako karrozak edo karrotan egiten ziren segizioak gogora ekarriz.

Carnaval

Gure herrialdean bada, Carnaval singularrean eta Carnavales pluralean dira gaztelaniaz gehien erabiltzen diren izendapenak XIX. mendeaz geroztik. Aurretik Carnestolendas zelarik erabiliena, idatzizko dokumentuetan agertzen den hitza. Azken horren aldaerak dira "Carrastoliendas" eta "Carrascolindas". Horiek Bizkaiko Enkarterrietako eskeen izenburuan eta Nafarroako erdialdeko eta behealdeko zonaldeen memorian agertzen dira.

Euskaraz ere izendapen ugari dago. Horien artean bat nabarmentzen da, jatorrizkoen gainetik mantendu dena. Hain zuzen, Karnabalak, gaztelaniatik mailegaturiko hitza, hark italieratik hartu ostean.

Berezko edo tokiko izendapenei dagokienez, hauek aurki ditzakegu: Aratuzteak (haragi eta uzte = haragia uztea), Aratosteak (haragi oste(an) =haragiaren ostean edo ondoren) eta Bizkaian, Gipuzkoa mendebaldean eta Araba iparraldean erabiltzen diren aldaerak; Inauteriak (inaute, ziurrenik irain aldia) erabiltzen da Gipuzkoako zati handi batean; Inaute(ak), Iyaute(ak), Iaute(ak) eta beste zenbait aldaera Gipuzkoa eta Nafarroan; Ihautirik eta Ihauteak Iparralden; eta ez dira ahaztu behar, batetik, Maskaradak izendapena, Zuberoan erabiltzen dena neguko egunetan eta inauterietako festetan eta, bestetik, Behe Nafarroan erabiltzen den Kabalkadak (mozorrotu eta dantzarien kabalgata eta zelabereak).