Kontzeptua

Ilustrazioa eta modernitatea

Was ist Aufklärung?, Zer da Ilustrazioa? Izenburu hori du 1783ko abenduan Berlinischen Monatsschrift aldizkarian (Berlingo Hilabetekaria) Inmanuel Kant filosofoak argitaratu zuen artikuluak.

Garai hartan, gai hori puri-purian zen, eta Königsbergeko jakintsu artatsuak, bere erantzunean, filosofian gehien erabili izan den metafora plazaratu zuen: Ilustrazioa, dio, gizakiak adinez txikiko izateari uzten dionekoa da. Adinez txiki horren jatorria gizakiarengan, bere baitan, topatu behar da, erabakitzeko gaitasunaren eta ausardiaren gabezia horretan, beste batzuk bere bizitza gidatzen duten bitartean eroso sentitze horretan. Nagia eta koldarkeria horri aurre eginik, Kantek kontsigna bat aldarrikatu zuen: Sapere aude!, ausar zaitez zure kabuz pentsatzen. Izan ezazu zure adimenaz baliatzeko kemena.

Kanten diagnosia oso zorrotza da. Naturak gizakiari askatasuna onartu dion arren, asko gustura bizi dira adinez txiki izate horretan eta egoera hori bigarren izaera bilakatu dute. Norbere bizitza pentsatu eta bideratzea zaila izateaz gain, arriskutsua ere bada: abenturarako bidea hartzen duenak segurtasuna galtzen du, izan ere, ez dago ohitua mugimendu askeak egitera. Gizarteko preskripzio eta formalitateek mehatxua esnarazten dute, dio Kantek, modu horretan gizakia ia azienda bilakatzen delarik.

Filosofo alemaniar zuhurraren hitz gogor hauek Ilustrazioa erradikalizatze bat baino ez dela erakusten digute, hots, modernitateko baloreak argi eta garbi taularatzea. Sarritan Ilustrazioa mundua eta gizakia arrazoi hutsera murrizten duen pentsamendu gisa ikusi nahi izan da, arrazionalki ulerkorra izan daitekeen edozer gauzatik at. "Azterketa eta suntsiketa mendeak" adierazi zuen Sainte-Beuvek XVIII. mendeaz, Argien Mendeaz hitz egitean, eta Ilustrazioko filosofoari ere ezaugarri hori erantsi zion, urruneko eta aztertzaile gisa definitu zuelarik. Bertsio horren arabera, Ilustrazioak emozioa eta zentzumena ukatzen zituen eta horrek erreakzio erromantikoa ekarri zuen; gainera, nahikoa modernoa den gaizkia baten eragile edo kausa izan zen: sinplifikazio arrazionalista. Edozein kasutan ere, ikusiko dugunez, berez eskema hori da gauzak sinplifikatzen dituena, Ilustrazioko pentsamenduak baino gehiago.

Hume eta Lockek Descartesen filosofia kritikatu ostean, eta zientziaren garapen ikusgarriaren eta jakintzako esparru berriak irekitzearen eraginez (besteak beste, Newton, Buffon, Linneo eta Lavoiserren eskutik), Ilustrazioa ondo ikasitako umiltasunez sortu zen: arrazoiarekiko konfiantza osoa mantenduz, hura modu askean eta kezkarik gabe baliatzea izan zen ilustratuen ezaugarria, betiere, autokritika eta esperientziaren ikasbideak aparte utzi gabe. Arrazoia dagoeneko ez zen kartesianismoko indar gaindiezin eta ahalguztiduna, eta apaltasunez baina ekinaren ekinez galdera gehiago agertuko dira erantzunen gainetik hura erdiesteko bidean. Damugabeko ikusberak izaki, filosofo berriek ikasteko eta deskubritzeko grina ageri zuten, eta bizitzari eta adimenari buruzko haien proposamenetan deus segurtzat ez jotzeko joera ageri zen.

Hori dela eta, Ilustrazioak, unibertsoaren plano orokorrak islatzeko ahalegin itzelean hainbeste adimen alferrik galtzea eragin duen espíritu de sistema (sistema espiritua) kondenatu zuen. Plano orokor horietan gerora, behatutako fenomenoak barneratu ziren, fenomeno horiexetatik aparte; alderantziz, hainbat ahots disonante, zatikatu eta polifonikotan hedatuko dira, esate baterako, Alexander Poperen Ensayo sobre el hombre (Gizakiari buruzko entseiua) izeneko poema bikaina, Georg Christoph Lichtenbergen Aforismos (Aforismoak) pipertsua edo Denis Dideroten nobela paregabeak. Panfletoak, kontakizunak, gutunak, poemak, antzerki-lanak, saiakerak, elkarrizketak, memoriak, arte-kritika, maximak, tratatuak, manifestuak: Ilustrazioaren hedapen-jarduera kritiko, desmitifikatzaile, arakatzaile edo soilki propagandazkoaren eraginez milaka borroka-fronte zabalik geratu ziren gure historia ere osatzen duen ideien guda horretan.

Dena den, eta dogmatismo oro ekidinez, Ilustrazioak beti esperientziarako tartea utzi izan du; hala ere, esperientzia horretako edozein alderdi jorratzeko eskubidea aldarrikatu zuen eta irmotasun osoenaz baitaratutako egiak zalantzan jarri zituen. Hori da, inolako zalantzarik gabe, Ilustrazioko alderdirik iraultzaileena: aurreiritzi, aginte edo epai arbitrario bakar batek ere geldiaraziko ez duena. Argi apur bat emateko saiakera, edozein arlo argitu, munduko edozein soiltasun edo zantzu, apurka akats eta okerrak konpontzeko; modu horretan, Ilustrazioko belaunaldi ugarik berezkotzat hartutako lanketa saiatu bilakatu zen.

Astinaldi intelektual adoretsu edo nekaezin hori guztiori, bestalde, tentsio bat, bat ez etortze jasanezin bat islatzea besterik ez da: alde batetik, arrazoia aintzat hartzearen, zientziaren aurrerapenaren eta gizakiengan sortutako fedearen eraginez zabaltzen zen zerumugaren eta, beste alde batetik, oraindik Erregimen Zaharraren esanetara zeuden gizarteetan erruz agertzen ziren ignorantzia, despotismo eta bidegabekeriaren artean sortutakoa. Nahikoa da hona datu bat ekartzearekin: 1789an Luis XVIak, protesta-oihuak isilarazi nahirik, Estatu Orokorrak, noblezia eta kleroa deitu zituenean (biztanleriaren %10 baino gutxiago), gehiengoa ziurtatua zuen. Hirugarren Estatuak gero eta indar gehiagoz ageri zen burgesia, artisauak eta nekazari gehienak ordezkatzen zituen, baina, eskubiderik gabea zen eta erregearen erabakien mende zegoen erabat. Aipagarria da Estatu Orokorren azken batzarra 1614an izan zela: horrenbestez, 175 urtez inolako ordezkaritzarik gabe egon ziren frantziarrak.

Ezinezkoa da ia ziurtasun osoz pentsatzaile hauen garaian gertatuko ziren itxiera, jazarpen, espetxeratze, debeku eta erbesteratzeak hona ekartzea. Baina, ageri denez, asko zegoen jokoan. Ikuspegi orokor modura, merezi izango du apustu sendo eta arriskatuetako batzuk laburki azaltzeak:

  • Ilustratuek arrazoiaren gaitasunaren eta eztabaida publikoaren alde egiten zuten gizakien arteko arazoak argitu eta ebazteko, hala espekulaziozko arazoak nola zientzia, politika eta gizarte arloetako arazoak.
  • Iraganaren aurkako polemika bizirik zelarik, arrazoiaren laguntzaz historiako aro berri baten hastapena gerta zitekeela uste zuten ziurtasun osoz. optimiste (optimismoa) garai horretako hitza da.
  • Ilustratuak Estatuaren laikotasunaren alde agertzen ziren sendo eta erlijioa ikuspegi anitz batetik behatzen zuten, deismo neurtu batetik ateismo zabalenera. Zenbaitek Konfuzioaren irudia ere aldarrikatzen zuen. Irudi horren espiritualtasuna zenbaterainokoa zen ikusteko aski da Txinako jesuita misiolariei behatzea. Orokorrean, konfesionalismo ezberdinak gainditu nahi ziren, espirituzko egia garden eta elkarren baitakoa gordetzen zuen nukleo bat bilatzeko.
  • Zientzia enpirikoen aurrerapenarekiko interesa zuten eta, horren eraginez, eraikuntza metafisikoak abiapuntutzat hartuta fenomeno ezagutza bidezkoak eta moralak azaltzeko printzipioaren aurka agertzen ziren. Azalpen horiek orokorrean dogmatikotzat jo eta ukatu egiten zituzten.
  • Gizakiaren ikuskera unibertsalista zuten, haien kosmopolitismo militantearen eraginez. Ikuskera horri esker, gai ziren ezberdintasun guztiak gainditu eta nazio guztiak barneratzeko. Lehenengo Nazio-estatuak sortu aurretik eta gerra napoleondarren itzalera sortutako nazionalismoen hedapen bizkorra gertatu aurretik, kosmopolitismo osasuntsu hori ia bertatik bertara ezagutzen zuten ilustratuek.
  • Azkenik, heziketaren alde eta orokorrean kultura hedatzearen alde azaldu ziren irmo, hori aurreiritziak, intolerantzia eta obskurantismoa gainditzeko bide onena zelakoan.

Programa ikusita, uler daiteke ilustratuek ignorantziaren eta sineskerien aurka ausarki borrokatu zutela eta kultura berrantolatu eta hedatzeko ahalegin itzela garai guztietako obra nagusiena (bere anbizio eta garrantziagatik) argitaratzearekin batera gauzatu zela. Enciclopedia o Diccionario razonado de las ciencias, las artes y los oficios obraz ari gara, giza jakinduria eta trebetasuna arautegi oso bat, 1751-1772 bitartean argitaratu zena zazpi liburuxkatan, Denis Diderot eta Jean d'Alemberten erabaki sendoaren ondorioz. Frantziako filosofo ilustratu gehienek idatzi zuten obra hartan eta orrialde artean gordetzen den prosa bizkorra ilustratuek mundura gerturatzeko zuten moduaren testigantza onena da.

Obra horren helburu nagusia, Atariko Diskurtsoan irakur daitekeenez honakoa da: "lurraren azaleran sakabanatutako ezagutzak biltzea, sistema orokorra garaikideen eskuetara eramatea eta gerora etorriko diren gizakiei helaraztea, joandako mendeetako obra ez dadin antzu geratu datozen mendeetan"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Baliagarri izango zaigu printzipio-adierazpen horri une batez erreparatzea, gizateriarekiko eta haren etorkizunarekiko konfiantzaz mukuru dagoena. Ilustratuen arabera, jakintzak guztiok elkartu egiten gaitu denboran zehar, konplizitate eta itxaropen lerro batean, eta ezinbestekoa da gizarteek aurrera egin dezaten. Egiaren bilaketa, gero eta gune zabalagoetan hedatu behar da, eta hura topatzeari esker arrazoia gero eta zehaztasun gehiagoz erabiltzera bideratuko ditugu gogamenak; hori izango da gizakia Kantek "adin-nagusitasun" izendatu duenera iritsi denaren frogarik argiena.

Horren gorentasuna Frantzian erdiesten bada ere, Ilustrazioak, berez, Ingalaterran barneratu nahi zuen. Galileoren arrastoari jarraiki, Isaac Newtonek (1643-1727) munduaren printzipio fisikoak formulatu ditu, gertakari naturalen gaineko behaketa fin batetik abiatuz. Haren metodoa azterketaren eta konparaketaren bidez hipotesiak egitean datza eta esperientziaren fenomenoak ez ditu bazter uzten; aitzitik, haiek azaltzea du helburu. Hala, ilustratu askorentzat eredu bilakatu zen metodo hura. John Lockek (1632-1702) soiltasunez azaldu zuenez, filosofatzeko nahikoa da norbere sentsazioetan erreparatzearekin, eta zehaztasun abstraktuetan murgiltzea denbora eta energia alferrik galtzea zela irizten zuen. Jaungoikoa ez zuen ukatu edo berresten, baina gure pertzepzioak aintzat ez hartzea zuhurtziarik eza dela uste zuen, eta haietatik edozein metafisika mailakatzea alferrikakoa izateaz gain, eginahal zakar eta trauskila zela uste zuen. Gogoeta politikoari dagokionez, monarkia konstituzional baten alde azaldu zen eta berak aipatu zuen lehen aldiz "gizarte zibila"

Francis Hutchesonek (1694-1747), bestalde, ontasunera, enpatiara eta zoriontasunera bideratutako sentipen naturala erdigunean kokatzen zuen teoria morala eratu zuen. Hutchesonen aburuz, bakoitzak indar gutxi edo gehiagorekin barne-barnean sentituko lukeen sentipen horrek lotuko gintuzke unibertsoaren harmoniarekin. Shaftesburyko kondeak (1671-1713), azkenik, bere sarkasmo osoa baliatu zuen pedantekeria eta buru-errutina lotsagarri uzteko. Lehenengoa izan zen sentimenduak aintzat hartzen, bai bikainak eta gorenak direnean, bai zekenak eta tentelak direnean ere. Mundua ulertzeari dagokionez, haiek ez kontuan hartzea ezinezkoa dela adierazi zuen: gure joera eta emozioekin bizi gara etengabe eta txarra litzateke haietatik erabat kanporatzea. Horrenbestez, hartako trama landura gerturatu behar gara arrazoia bereizkuntzarako gida gisa mantenduz, gure jarrera onenak sendotu egin behar ditugu eta, ahal den heinean, kaltetu egiten gaituztenak edo besteak kaltetzen dituztenak ahuldu egin behar ditugu.

Ingalaterrako giro intelektuala berehala barneratu zen kontinentean eta haize berriz kutsatu zituen filosofo, librepentsalari, zientifiko eta gens de lettres (letretako jendeak) delakoen belaunaldi berri eta sutsuak. Horiek, haien kide britainiarren antzera, espekulazio abstraktuan baino gizakia izaki sozial gisa behatzean jarri zuten arreta; gainera, behaketa eta azterketa teorikoa baliatuz haien gaitasun mental, kognitibo eta moralean erreparatu zuten. Hain justu Frantzian Ingalaterrako ilustratuen motibo eta arazoak indar gehiagoz jorratu zituzten, indar paregabea hartu zutelarik, ideien eztabaida azaleratuz eta 1789ko Iraultza iragarriz.

Frantziak eta kontinente osoak protestanteen eta katolikoen arteko Erlijio Guda etengabeen astindua jasan zuten hainbat urtez, horren ondorioz, Frantziako gizartea orokorrean eta, bereziki, filosofoak sumindurik ziren. Nanteseko ediktua baliogabetu zenean, tolerantzian eta iritzi-askatasunarekiko errespetuan oinarritako bizikidetza batera itzultzeko premia gauzatzeke zegoen. Pierre Bayle (1647-1706) Frantziako iluminismoaren lehen pertsonaia garrantzitsua izan zen eta etengabe borrokatu zuen erlijiozko tolerantzia bat erdiestearen alde, norbere kontzientziari jarraitzeko betebehar indibidualean oinarritzen zena. Historiografia kritikoa sortu zuen eta bikaintasun handiz bereizi zituen historiaren azterketa eta mito nazional edo erlijiozko oro. Fontenelle (1657-1706) kasu bakarra eraman zuen abokatua izan zen; nahiago izan zuen idazle gisa jardun eta dibulgazioan aritzea. Berak idatzi zuen Newtonen fisika ospetsu egin zuen Entretiens sur la pluralité des mondes obra. Berak esandako esaldi hau gureganaino iritsi da: "Ez arduratu gehiegi bizitzarekin; azken finean, ez zarete bizirik irtengo". Halaber, Charles-Louis de Secondatek, Montesquieuko baroiak (1689-1755), magistraturan zuen kargu ofizial bikaina saldu egin zuen, bidaiatzeko, iritziak alderatzeko eta agian zientzia politikoaren arloko lehen tratatua (zentzu modernoan) izango dena idazteko: De l'esprit des lois. Bertan politika antolatzeko era ezberdinak azaldu zituen eta Lockek aurretik iradoki zuen botere-banaketa erakutsi zuen, hots, botere legegilea, exekutiboa eta judiziala. Helburua: boterearen baitakoa den kontzentraziorako joerari ahalik eta gehien eustea eta herritarrentzat askatasun handiena bermatzea. Liburua Ginebran argitaratu zen zentsura gainditzeko; hala eta guztiz ere, Elizak Liburu Debekatuen Zerrendan barneratu zuen.

Gortea gero eta indar handiagoz agertzen zen pentsalari ilustratuen aurka eta, era berean, horiek muzin egiten zieten egonkorturik ikusten zuten erregimen baten alde lankidetzan aritzeari. Egoera horrek xehetasunezko ikerketa merezi luke. Nahikoa da filosofoek arreta instituzio berri batean jarri zutela esatearekin, eztabaida eta polemika guztien muina izango zena. Saloi edo aretoez ari gara; eztabaidarako eta literatura eta arteko lanak aurkezteko espazioa eta, irakurketa, kontzertuak eta eztabaidak modu zabalean eta askatasunez sustatzeko gunea. Independentzia pribilegiatu horri esker, areto horiek oasi moduko gune bilakatzen ziren, ideiak libreki azaldu eta adierazteko; hori dela eta, beti mehatxu gisa ikusi izan ziren.

Areto horiek beti dama galant baten inguruan garatzen ziren. Dama hori noblezia goreneko anfitrioia zen, haren izena hartzen zuen aretoa girotzen zuena: Madame de Rambouillet, Madame du Deffand, Madame de Sévigné, Madame de Staël...Frantsesez salonnières izendatzen ziren emakume horiek ikasiak ziren eta hainbat kezka izaten zituzten, espiritu zabal baino zuhurrekoak ziren, gonbidatzen zituzten pertsonei etekin handiena ateratzeko trebetasun apartekoa zutenak. Gonbidatu horiek ez ziren mailaren arabera hautatzen, haien balioaren edo talentuaren arabera baizik. Arteak sustatze hutsarekin entretenitzen zirela sinestarazi arren, berez, gorteko politikaren aurka altxatzen zen kontra-botere sinboliko ziren. Haien aretoak erregearen edo aristokraziaren aretoen kontrakoak ziren eta klase burges berriko gizarte moduen etorrera iragartzen zuten. Intimitatea zen haien ezaugarri nagusia: gehienez dozena bat pertsona. Ilustratu guztiek izan zuten areto horietara joateko parada, akeita egin berrien eta ardo apartsuen artera, betiere, gustu onaren eta modu onen mugen barruan.

Horace Walpolek ez zituen jasaten areto horietara joaten ziren pertsonak (librepentsalariak, orojakileak, isekariak, hipokritak...guztiak ere iruzurtiak, bakoitza bere erara"); hala ere, madame Geoffrin anfitrioiaren aretoko deboziozko kide bilakatu zen. Orduan konturatu zen, gizon batzuek beste gizon batzuen harrokeria jasan ez arren, giro atsegina sorrarazi nahi zuten emakume lirain eta adimentsu haiei esker, normalean ezerosoak izaten ziren bilera horiek topaketa jariotsu eta gozagarri bilakatzen zirela. Modu horretan gizonen arteko aurkakotasun tipiko hori ahuldu egin zitekeen, anfitrioiaren aginte eztabaidaezin, leun eta artekariari esker.

Europan ia aurrekaririk izan ez zuen espazio matriarkal handi horren ezusteko eta ezohiko sorrera ez litzateke gutxietsi behar. Gizonak eta emakumeak elkarrekin eztabaidan Epikuroren Lorategiaz geroztik sekula errepikatu ez zena. Bilera gozagarri horien eraginez asko izan ziren sortu ziren epigrama, bertso, maxima, erretratu, gorespen-hitzaldi eta musikak; eta baita, xehetasun paregabez eta asmo txarrik gabe eztabaidatzen ziren buru-argitasun eta galanten jokoak ere. Areto horietan ahalegin berezia egiten zen jakintzaren arlo guztietan sortzen ziren berrikuntzen berri izateko, desadostasuna errespetatu eta bultzatzeko. Gainera, gizonak ondare akademiko zakarrez garbitzea izan zen ondorioetako bat, haien asmo erabat agerikoa bakoitzaren erudizioaren bidez gainerakoak zapaltzea baitzen. Hala, argitasunez, dotoreziaz eta unibertsaltasunez hornitutako XVIII. mendeko prosa sorrarazi zuten, seriotasunak arintasuna ez baztertzea, arrazoia emozioaren ondorio izatea eta adeitasuna zolitasun eta zintzotasunik gabea ez izatea bultzatzen zuena.

Ildo horretatik, on litzateke gogoratzea Ilustrazioko prosaren obra gorenetako bat moralisten artean sortutakoa dela, zalantzarik gabe. Haietan Ilustrazioko dohain handienak eta amaiera garratza bereizten dira: bihotzaren sakona ikergai hartuta, moralistek konbentzionalismo eta itxuren giroak eramanda mugiarazten gaituen gorroto, beldur eta handiuste nahas-mahas kaotiko hori argitu zuten. Horrenbestez, sentimendua eta hartako gazi-gozoak protagonista bilakatu ziren: eta Frantziako iluminismoko moralistak izan ziren haren analista fin eta ziztakariak. Haien estiloa tratatuaren egituraketa logikoaz kanpokoa zen eta forma laburrak, zatikatuak, zehatzak hartu zituzten, izaera ireki eta ez aginduzko bati eutsiz; dena den, haien buru-argitasunaren eta zintzotasunaren aldeko jarreraren eraginez, sarritan, harridura eta ezin sinetsia sorrarazi zuten. La Rochefoucauld, Nicolas de Chamfort, Vauvenargues, La Bruyère edo Joseph Joubert gizakiaren komedia umorez eta hoztasun apur batez islatzen ausartu ziren, eta Ilustrazioko obra argigarri eta ahaztezinenetako batzuk utzi zituzten ondare modura. Gerora, zientzia positibo berriak agertu ziren, hiperbole eta estatistika bidez ondare hura ordezkatzen saiatu zirenak: psikologia, soziologia eta antropologia, kasu.

Baina François Marie Arouet, Voltaire (1694-1778) izenez ezagunagoa dena, izan da Ilustrazioko eta korronte horri lotutako jarreraren ikur eta irudi. Polemista itzela izan zen, hainbat obra idatzi zituen, esate baterako, dramak, ikerketa historikoak edota zientzia- eta filosofia-dibulgazioko lan arrakastatsuak. Txalotua bezain iraindua izan zen; bere ezizenetik (nom de plume) adjektibo bat eratortzen da, "volteriano", ideia guztiekiko tolerantziaren sinonimo unibertsala dena, baina aurreiritzi guztiekiko burla eta sarkasmoren sinonimo ere badena.

Voltairek Ingalaterrako enpiristen eta deistengandik hartu zituen munduari buruz zuen ikuskerako ezaugarri nagusiak. Haren ustetan, ontasuna eta gaizkia ez dira manu jainkotiarrak, baizik eta sozialki onartu beharreko irizpide baten arabera erabilgarri edo kaltegarri izan daitekeenaren tasunak; irizpide horrek, gainera, aldaketak eta eraginak ahalbidetu behar ditu eta, zuhurtziaren izenean, beti gogoan izan behar da. Tradizio zahar eta antzinako bati aurre eginez, Voltairek gizakiaren pasio eta aiherrak goresten zituen orokorrean, izan ere, haren ustez horiek ez dira sakrifikatu behar, odol-fluxua bezain funtsezkoak baitira. Hala ere, fanatismo ororen aurkako etsai harentzat, zuhurtasuna eta neurritasuna aintzat hartuta bideratu behar ziren aipatu pasio eta aiherrak.

Dena den, egiaz, Voltaireren originaltasuna ez datza pentsamenduan, bere jarreraren ausardian baizik, despotismoari eta intolerantziari aurre egiteko erabiltzen zuen polemikaren indarrean, eta kausa anitzenen ikur izatera eraman zuen bizkortasunean. Voltaire burutapen metafisikoa alde batera utzi eta bere garaiko arazoez arduratu zen filosofo gisa agertzen zaigu, irudi berri baten aitzindari izan zen, konprometitutako intelektuala, oldarraldi baten ostean publikoki garrantzia galdu zuena edo ahaztuta geratu zena.

Zorte gutxiago ukan zuten beste filosofo batzuk are urrutirako iritsi ziren. Materialista gisa izendatu zirenek uste zutenez, gizateriaren aurrerapenaren benetako etsaia ez zen Eliza edo sineskeria soilik, gizakia naturaren gainetik kokatzen zuen mundua ulertzeko modu oso bat baizik. Deismoari auka eginez, mundua bere kabuz mugitzeaz gain, munduak berak mundua egiten zuela ere uste zuten. lege autonomoek arautzen dituzte haren mugimenduak eta bertan eragiten duten indarrak hura sortu duten indarrak dira. Egile horien arabera, ez zegoen aurretiazko subjektu, Jaungoiko edo Goreneko Izakirik, intentzio jakin bat zuena; aitzitik, kausa naturalen jario purua zegoela uste zuten.

Hiru egile nabarmendu behar dira materialismo ilustratuaren barnean. Julien la Mettrie (1709-1751) frantziarrak ausardiaz adierazi zuen natura gidatzen duten legeek gidatzen gaituztela gu ere, eta ezinezkoa dela zentzuzko ezer esatea, baldin eta kausa eta eraginaren arteko harremanaren bidez fenomeno guztiak batzen dituen premiaren mende gaudela ulertzen ez badugu. La Mettrieren aurka batu ziren kalbinistak, luteranoak eta katolikoak. Hala, Flandesen haren burua eskatu zuten hark idatzitako liburuak, jendaurrean, Parlamentuko eskaileratan erretzen ziren bitartean.

Bestalde Paul-Henri d'Holbach baroiak (1723-1789) munduaren sistema materialista bat deskribatu zuen, antzina Epikuro edo Lukreziok defendatu zutenaren antzekoa, baina zientziak orduan egindako aurkikuntzetan oinarritua. Haren iritziz, gizakiaren akats guztiek esperientziari, sentipenen lekukotzei eta ezaguera zuzenari uko egitean dute jatorria; eta, sarritan engainagarria den irudimena edo beti susmagarria den autoritatea gidari gisa ez hartzean. Halaber, egile hark uste zuenez, aro berri horretan filosofiaren zeregina naturaren kausalitate orokorrarekin lotzen gaituzten mugimendu-segidak ikertzea zen.

Zalantzari gabe Denis Diderot (1713-1784) da materialista ezagunena, eta espiritu unibertsal gisa jotzen da, Voltaire bezalaxe. Filosofoa, kazetaria, eleberrigilea, arte-kritikaria, asaldatzailea eta polemista nekaezina izan zen eta beste inork baino hobeto asmatu zuen berrikuntza erradikalaren korrontea Ilustrazioari dagozkion eremu guztietan sinbolizatzen. Ezer ez zuen aipagai utzi eta berak idatzitako orrialde bakarra ere ez da bakun edo kaltegabea.

Dideroten arabera unibertsoko elementu guztiak animatutzat jo behar dira, hau da, sentsibilitate jakin bat duten elementutzat; sentsibilitate horri esker, etengabeko fluxuan konbinazio edo koordinazio bat bilatzen dute elementuok, bakoitzari dagokion orekara gehien egokitzen dena. Diderotek esan zuenez, sentsibilitatea da materiaren berezko propietatea, eta arima izendatu den hura unibertsoa animatzen duen indar fisiko horren gehigarri bereziki sotila baino ez litzateke izango. Etikari dagokionez, Diderotek ez zuen doktrinen gorputz itxi bat hautematen, izan ere, morala izaki guztiengan, gehiago edo gutxiago, lekutzen den borondatea eta bertute soziala topatzeko bulkada baten aurkikuntza dela uste zuen. Tout se tient dans la nature. Spinozaren eragin ukaezina izanik, ilustratu kartsu horrek izaki ezberdinak elkarren artean garatzeko eta elkar eragiteko aukera aipatu zuen hipotesi modura, horrela izaki berriak sortuz: mende bat igarota Charles Darwinek intuizio hori frogatu zuen.

Diderot pertsona bikain eta paradoxikoa izan zen eta esparru guztietan borrokatu zuen Argiak zabaltzeko xedez, baina giza arrazoiaren gaitasunei buruzko ilusio gehiegirik egin gabe. "Arrazoi izendatzen dugun fantasia hori" aipatu zuen ausart Jacques le fataliste obran. Naturaren handitasunari eta gure irismenetik at gertatzen diren fenomeno kopuru infinituari buruz, Diderotek honako galdera luzatu zuen: zer egin dezake gure ulermen txiro eta mugatuak? Beste lan batean (Le neveu de Rameau) Rameaurekin izandako solasaldi ezinezkoa asmatu zuen. Rameau zokoratua zen, bizizalea, bufoi gisa ibiltzen zen parasito soziala eta zer jana eskean eskuratzen zuena. Azkenean Diderot berak ameslari pedante eta idealista gisa aurkezten du bere burua, mundua gutxi ulertu duena.

Arrazoiaren gaitasunarekiko distantzia hori da Jean-Jacques Rousseau (1712-1778) ulertzeko gakoetako bat. Hark sutsuki esaten zuenez, giza izaera ez da arrazoia, baizik eta sena, sentimendua, bulkada, berezkotasuna. Arrazoia ere galdu egiten da sen naturalak gidatzen ez badu. Modernitate epigrafean aipatu dugu hura. Hemen, nahikoa da esatea, kontratu sozialari buruzko teoriarekin Rousseau sen horren eta baterako bizitza saihestezinaren arteko bitartekaritza ezartzen ahalegindu zela. Baterako bizitza hori ukatu egiten zuen ezberdintasun eta tirania guztien sortzaile zelakoan. Arrazoi praktikoaren kritika baino lehen Rousseauk askatasunaren kontzeptu bat taxutu zuen, borondate orokorra berezkotzat sentitu ahal izateko eta hori lortzeko beharrezkoak liratekeen baldintza politikoak ezarri zituen.

Rousseau forma kontraesankor eta bortitzena eman zion agian Frantziako iluminismoaren alderdirik barnekoena denari: gure alderdi eta jarrera guztien ordena eta oreka ezartzen duen arrazoiaren ideala eta, horrenbestez, ustelkeria eta mendekotasunezko mende askoren ostean gizakiaren itzulketa eta lehengoratzerako baldintza gisa agertzen den arrazoia. Pentsalari ilustratuek gizakiaren aurrerabiderako ezinbesteko baldintza gisa heziketaren eta askatasunaren arteko harremana ezarri zuten, herritartasunaren eta autonomia moralaren artekoa. Gizakiak berezko arauak eta baloreak sortzeko gaitasuna zuela sutsuki defendatzen zuten eta askatasunari eta edozer zalantzan jartzeari buruzko alegiazko kolektibo baterako bidea marratu zuten; horrez gain, lehenak izan ziren jarrera horretatik eratorritako paradoxa eta anbibalentziak adierazten. Jakintza hedatzearen eta esperientziak partekatzearen bidez, gizaki bakoitzak bere burua gobernatu ahal izateko oinarriak finkatu nahi izan zituzten. Sekulako grina zuten eta etorkizunean herri bakoitzak bere kabuz gobernatzeko gaitasuna izango zuela ere pentsatu zuten, eta berezko bikaintasunaren bilaketa indibidual horren babes izango ziren lege bidezkoak ezarriko zirela.

Ikusi dugun moduan, filosofo horien bulkada ez zen erredukzionismo arrazionalistarekin amaitu; aitzitik, bulkada hori etengabe indartzen da antzinako tabuak apurtzeko baliagarri izan zen energiarekin, denboragabeko ideia defenditzeko erakutsi zuten kemenarekin. Alde batetik sinesmen aldagaitzen fanatismoa zelarik eta, beste alde batetik, zinismoa eta konfiantzarik eza zegoelarik, espiritu kritikoaren bertuteak defenditzeaz gain, arrazoizko uste sendoak izateko eta horren arabera bizitzeko eskubidea defenditu zuten. Halaber, eztabaidaren alde agertzen ziren, eta iruzurra edo indarkeria erabili beharrik gabe komunitatean bizitzeko gaitasunaren alde. 1789an aldarrikatu ziren eta gaur ere aldarrikatu ohi diren askatasunaren, berdintasunaren eta anaitasunaren printzipioak bulkada horretatik eratortzen dira zuzenean, eta baliagarri dira aurrera edo atzera zenbat egin dugun neurtzeko.

Alemanian Alexander Gottlieb Baumgarten (1714-1762) ilustratua izan zen lehena estetika terminoa erabiltzen, sentsibilitatearen zientzia gisa ulertuta; eta haren defentsan, era berean, duintasunaren aldeko eta funtseko giza jarrera baten balorearen aldeko defentsa egin zen. Edertasunaren ideia argitzen ahalegindu zen eta artearen ikerketari garrantzia espezifikoa eman zion. Horri esker, Baumgartenek ekarpen erabakigarria egin zuen gogoeta-eremu berri eta eztabaidagarri bat irekitzeko Johann Joachim Winckelmann (1717-1768) izan zen lehenengotarikoa arkeologia zientzia moderno gisa ulertzen. Era berean, artearen teoriaren sortzaile ukaezina dugu eta greziarren mitoa ere berak abiarazi zuen, modu horretan pentsamolde erromantikoa astindu zuelarik.

Azkenik, Gotthold Ephraim Lessingek (1729-1781) aro berri baten hastapena iragarri zuen, irismen unibertsala izan nahi zuen programa etiko baten barnean arrazoia eta errebelazioa bateratzen zituena. Gizateria hobetzeko eta bikaintzeko ideal zintzo batean oinarritzen ziren bere idatzi guztiak, laburrak eta zatikatuak izan arren oso eraginkorrak zirenak; idatzi horietan ordena progresibo gisa hautematen den historiari buruzko ideia bat taxutu zuen eta, horren ondorioz, eztabaida berri bat piztu zuen, aurrerago hartuko duguna (hemen esteka). Lessingen arabera, guretzat, egia bera baino garrantzitsuagoa da hura eskuratzeko ahalegin zintzoa: izatekotan, Jaungoikoarena da egia; gizakiak, ordea, denboran zehar lan egiten du eta konkista partzial eta mugatuak, etengabeko bilaketa, huts egiteko joera eta berriz hastea dagozkio. Bere parabola batek argi islatzen du Ilustrazioko espiritu hori, hots, haste- eta ziurgabetasun-espiritu hori eta bera hari lotuta ageri zen beti: Jaungoikoa agertu balitzaio eta esku batean egia eta beste batean hara iristeko bidea eskainiko balizkio, Lessingek apal-apal bidea hautatuko zukeen. Bidea, bere gorabehera eta okerbideekin, eta ez egia bera, beti gizaki ororengandik dagoena.

Alemaniako Ilustrazioaren gailurra Inmanuel Kant izan zen, zalantzarik gabe; dena den, etorkizunean haren oihartzuna horren ugaria eta anitza izan denez, Kantekin aro berri bat hasi zela esan daiteke. Gizakiaren adin-nagusitasunaren aroa, apika? Ez luke deus balioko Kantek hitz horiek bakuntasun itzel baten edo harrokeria txundigarri baten eraginpean idatzi ote zituen jakiteak. Aitzitik, dagoeneko XXI. mendean egonik, merezi luke galdetzeak efizientziaren alde guztia sakrifikatzen duen gure arrazionaltasun instrumentala edo gure aurrerabidea (zentzu teknologiko hutsean edo ekonomia-hedapen erara ulertuta) Ilustrazioan taxutzen hasitako arrazoi eta aurrerabidezko idealen egiazko oinordeko ote diren.