Arkitektura

Iharnotzeko jaunaren dorrea

Iharnotzeko jaunaren dorrea zortzi metrotako aldea duen oinplano karratuko bloke exentua da. Bost solairu ditu gehi adarbeari dagokiona, 15 metrotako altuerarekin osotara. Eraikinari egonkortasuna emateko pentsatua dagoen estereobato trinko baten gainean altxatu zen, eta gaur egun nahiko higatua dauden harlanduez egin zuten, dorrearen erdialdean material aldaketa bat sumatzen delarik. Lehengo bi solairuak itsuak dira, nahiz eta azken eraberritze-lanetan erdi-aroko jatorrizko bao baten zabaltzetik sortua izan ahal zen ate jaso bat kendu zuten. Honetaz aparte, bigarren solairuan ate jaso dintelatu bat dago. Hona iristeko zerubia edota zurezko patina erabili beharko zuten. Bestalde, dorreak oso ongi eginiko gezi-leihoak ditu, tiro egiteko zirrikitu mehe eta luzearekin, frantziar kastellologiako eredu hoberenak jarraituz. Lehentasun duen baoen kokapena aurrealde bakoitzean 0-0-2-2-2koa da, oso erregularra, baina barnealdeari oso argiztapen eskasa eta irregularra emango ziona. Adarbeari dagokionez, gaztelubegiei eusteko mentsulak kontserbatu dira, baita parapetoaren zati bat ere, merloiak soilik falta direlarik. Zentzu honetan, penagarria da benetan azken errestaurazioan jarraitutako irizpidea, hain arrasto garbiak zituen adarbea ez baita berreraiki, eta honen ordez erabat desegokia den lau isurialdeko teilatua paratu dutelako, dorrearen izaera defentsiboa kontutan hartu gabe.

Bere kokapen onuragarriari esker, dorretik bailararen eta Done Jakue Bidearen oso kontrol eraginkorra ezarri ahal izango zen, eta seinaleak jaso ahalko ziren beste dorre, jauregi eta gazteluetatik. Iharnotzeko dorrea "Cabo de Armería" jauregien zerrendan zegoen, eta Nafarroako Erresumako Armeria Liburuan dago, 586. zenbakiarekin. Bestalde, eta Iharnotz XII. menderako dokumentatua agertzen den arren, oraingo dorre hau Lope de Yárnoz jaunak eraiki zuen ziur aski. Zaldun hau 1394 eta 1404 urteen artean dokumentatua dago, eta haren kronologia bat dator hain antzekoa den Aiantzeko dorrearekin ere. Lope de Yárnoz Karlos II.aren ohorezko ezkutaria izan zen, eta Rodrigo de Uriz erret txanbelanaren hilondoko alaba zen María de Urizekin ezkondu zen. Lope de Yárnoz Sizilian hil zen Nafarroako Blanka infantaren zerbitzuan.

  • ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko doktoretza-tesia.
  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K. 1982, 65 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 84-92 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 268-270 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 264 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 297 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 586. zk.
  • A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elortzibarko Udala, Bianako Printzea, 1990, 199-202 orr.