Konposatzaileak

Iglesias Fernandez-Berridi, Alberto

Konpositorea.

1955eko martxoaren 31an Donostian jaiotakoa.

Musika ikasketak jaioterrian hasi zituen, solfeo eta pianoa Blanca Burgaletarekin ikasiz. Harmonia eta Kontrapuntu ikasketak Francisco Escuderorekin egin zituen. Donostiako Kontserbatorioan Harmoniako Saria eskuratu ondoren, Parisera joan zen Francis Schwartzekin ikasketak sakontzera. 1979an Musika Elektroakustikoko Teknikak eta Musika Aplikatuko Praktiken eskolak jaso zituen Gabriel Brncicen eskutik Bartzelonako "Phonos" musika laborategian. Halaber, Milaneko RAI laborategiarekin erlazioa eduki zuen. 1981 eta 1986 bitartean Javier Navarrete konpositorearekin bikotea osatu zuen, zenbait hiritan musika elektronikoko kontzertuak ematera iritsi zirelarik.

Zinearekin lehen harremana, Jose Luis anaia eta Montxo Armendarizen film laburren eskutik etorri zitzaion. Lehen luzemetraiak hauek izan ziren: Alfonso Ungriaren La conquista de Albania eta Imanol Uriberen La muerte de Mikel. Hemendik aurrera erregulartasunez hasi zen zine-munduan lanean, baina benetan bere konpositore karrera bultzatu zuena Julio Medemekin edukitako harremana izan zen: Vacas (Julio Medem, 1991), La Vía Láctea (J. Estelrich 1992), ¡Dispara! (Carlos Saura, 1993), La ardilla roja (Julio Medem, 1993), La flor de mi secreto (Pedro Almodovar, 1995), Una casa en las afueras (Pedro Costa, 1996), Pasajes (Daniel Calparsoro, 1996), Tierra (Julio Medem, 1996), Carne trémula (Pedro Almodovar, 1997), La camarera del Titanic (Bigas Luna, 1997), Los amantes del Círculo Polar (Julio Medem, 1998), Todo sobre mi madre (Pedro Almodovar, 1999), Lucía y el sexo (Julio Medem, 2001), Pasos de baile (John Malkovich, 2002), Hable con ella (Pedro Almodovar, 2002), Te doy mis ojos (Iciar Bollain, 2003), La mala educación (Pedro Almodovar, 2004) eta El jardinero fiel (Fernando Meirelles, 2005). Azken pelikula honegatik Oskar sarietarako izendatua izan zen. Zenbait Goya sari eta Zinematrografia Akademiako Sariekin saritua izan da. Zineman egindako lanaz gain, ganbera-musika eta Nacho Duatorentzako balletak konposatu ditu.