Arkitektura

Iesu eliza. Donostia

Iesu eliza Donostia hirian dago, hain zuzen, Loiolako Erribera izeneko auzoan, Bartzelona etorbidean, Amara eta Loiola auzoen artean, Urumea ibaitik gertu eta Oroimenaren Lorategiaren ondoan. Obretan lau urte eman ondoren, eliza hau 2011ko maiatzaren 14ean sagaratu eta ireki egin zuten.



Berez, Rafael Moneo (Tutera, 1936) arkitekto nafarraren hirugarren lana da hirian bertan. Horren aurretik Ramon Maria Lili pasealekuan etxadia egina zeukan eta Zurriola etorbideko Kursaal Jauregia ere bere lana da, lan ospetsuenetakoa gainera. Rafael Moneo Espainia eta mundu mailako arkitekto garrantzitsuenetakoa da. Pritzker saria irabazi zuen eta horrez gain beste hainbat sari ere irabazi ditu. Berak burututako eraikinen zerrenda luzea bezain ikusgarria da bai Espainian bertan bai mundu osoan barrena. Hala izanik, 2005ean Donostiako apezpikuaren eskaintza onartu zuen, Donostian eliza berria eraikitzeko. Horrela hau izan da Estatu Batuetako Los Angeles hirian eraiki zuen katedralaren ondoren bigarren aldia arkitekto nafarrak eraikin erlijioso bat egin duela, eta oraingoan arrakasta askorekin, azken urtetan hainbat artikulu eta liburutan ez bakarrik aipatua baizik eta goraipatua izan baita; Moneo berak ere behin baino gehiagotan onartu du bere azken urtetako lanen artean bere lanik gustukoena Donostiako Iesu eliza izan dela.

Berez, eraikina hiru elementuz dago osatuta. Lehendabizikoa eta esanguratsuena, eliza bera hartzen duen kuboa da. Horrekin batera, L forma duen beste eraikina dugu, aurrekoari atxikia, hainbat zeregin erlijioso bilduz -bilera gelak, esaterako-. Azkenik bi eraikinak elkartu eta patio bat sortzen duen horma zuzena daukagu. Printzipioz, eliza atariko sarrera bezala funtzionatzen du, baina baita kanpo aldea eta barne aldeko espazioen arteko trantsizio gisa. Multzo osoaren berezitasun handiena sotoan aurkitzen da, kotxeentzako aparkalekuaz gain supermerkatua ere badagoelako. Erdi Aroan oso ohikoa zen ohitura berreskuratu zuen, herri askotan merkatuak elizetako atarietan egiten baitziren. Hala ere, supermerkatuaren sarrera beste funtzio erlijiosoetatik bereizia dago eta sarlekua beste maila batean dago, Oroimenaren Lorategian txertatuta. Supermerkatuaren iragarki kartela ere lorategitik eta ondoan igarotzen den autobiatik bakarrik ikusten da.

Eraikin multzoa orokorrean sinplea eta soila da. Hormigoi zuriaz egina dago eta forma geometriko arrazionalak eta abstraktuak nagusitzen dira minimalismoaren aldeko joera argia nabarmenduz. Eraikin esanguratsuena eta interesgarriena elizarena da. Kubo batean dago kokatuta eta kanpotik ikusita altuera handiena hartzen duen eraikina da. Bere funtzioa adierazteko kanpoaldean hiru elementu ditu ikusgai, sabai aldean: kanpaia multzoa, beiratea eta gurutzea. Azken hori ez dago formalki adierazita, baliabide eskultoriko baten bitartez baizik. Gurutzea irudikatzen duen silueta sabaiaren mendebaldean dagoen hormaren amaieran ikus daiteke, berau horman ageri den hutsunea izanik.

Elizari eskainitako kuboan bi espazio mota diferente bereizi behar ditugu. Batetik, eliza bera hartzen duen gurutzea dugu, kuboaren espazio handiena eta garrantzitsuena. Bestetik, lau ertzetan sortzen diren beste lau gelak ditugu, elizak bete behar dituen hainbat funtzioei eskainita: Sagrarioa eta Bataiarria elizako nabe nagusiaren ezkerraldean, eta eskuinean Berradiskidetzearen Kapera eta Sakristia. Elizaren oinplanoa gurutze greko baten forman oinarritzen da, hau da, lau aldeek neurri berbera duten gurutzean, Erdi Aroan ohikoa baitzen elizen oinplanoak gurutze formetan oinarritzea, eta grekoa da Iesu hitzak grekoz Jesus esan nahi duelako. Ziurrenik lau besoek neurri berdina izanik, espazioa bilduagoa gelditzen da eta neurri handi batean maila berean ere, fededun guztiak elkar ikusteko aukerarekin. Baina elizaren oinplanoa finkatzeko orduan, forma ortogonalak aukeratu beharrean, Moneok oinplano asimetrikoaren aldeko apustua egiten du. Horrela marra ortogonalak hausten ditu eta, bere hitzetan, eliza egun munduan aurkitu ditzakegun tentsioen eta arazoen isla bilakatzen da. Bestelakoan, barneko hormak kanpokoak bezalakoak dira, hau da, zuriak, lisoak eta xumeak dira, sabaian dagoelarik elizaren elementurik esanguratsuena. Berez, argia sabaian dauden leiho batzuetatik sartzen da, oinplanoko gurutze forma errepikatuz eta horma zuriei esker barneko espazio guztia argituz, horma zurian errebotatzen baitu argiak. Horrela ez denean, hau da, kanpo argirik sartzen ez denean, barneko espazioan argi artifizialak daude ikusleen buruen hurbil kokatuta. Lanpara horien bitartez sentsazio berezia sortzen du, guztiz transzendentala.

Elizaren barnealdean ere nabarmendu behar da beste adierazpen artistikoei eskaini zaien tokia. Horrela, absidean dagoen erretaula Javier Alkain margolariaren lan abstraktua da. Sarrerako eskulturari so eginez gero, Ama Birgina haurrarekin ikusi dezakegu, estilo figuratiboan egina dago eta Jose Ramon Andarena da. Sakristian dagoen margolana ere abstraktua da, Prudencio Irazabal artistarena. Altzariak Moneo berak diseinatu zituen eta egurrez eginda daude. Arkitekto nafarrak beiratea ere burutu zuen, bakarra da eta Berradiskidetzeko Kaperako ipar aldeko horman dago, elizako horma altuenean alegia, 28 metroko altuerarekin. Bertan beiraz eginiko lau irudi aurki ditzakegu: elizako oinplanoaren antzeko gurutzea, eguzkia eta ilargiaren bi irudi desberdin fase diferentetan. Kanpotik beirate horiek albotan kontraleiho irekiak dituzte, alde batetik beiratea babestu nahian, baina bestetik bisitariari harrera egiteko asmoz. Azkenik, aipatu organoa Klais Orgelbau etxe alemanak eginikoa dela, eta zehazki Johanes Klais Bonnen lana da.

Eraikin honetan Moneok maisutasunez jakin du iraganaren ezaugarriak erabiltzeaz gain -altuera, argia eta gurutze formako oinplanoa Erdi Aroko tradiziotik datozen ezaugarriak dira, erromanikoan zein gotikoan aurkitu ditzakegunak-, garaikidea ere izatea erdietsi zuen. Aurreko garaietan bezala, eliza hau inguruko espazioan eta paisaian finkatzen da, baino oraingo honetan ez ardatz nagusi gisa, bere izaera beste guztiei inposatuz. Aitzitik, oraingoan uharte bat bezala eraikitzen da, isolatuta baina inguruarekin harremanak sortu nahian. Horregatik eliza honetan ez ditugu dorreak, kanpaia erraldoiak edo gurutze nabarmenak aurkituko. Guztia xumea da, ez bakarrik eraikina bera formen aldetik, baita eraikinaren mezua ere. Tipologia honetan eraikinek funtzio zehatz batzuk betetzeaz gain, adierazgarriak izan behar baitute, sinbolikoak. Horren ondorioz, eraikin horiek aspaldidanik gizakiei mezuak bidaltzeko ohitura izan dute. Neurri handi batez, aparkalekua eta supermerkatuaren ideia azken horrekin lotu behar dugu. Ekimen berritzaile horren helburua ez litzateke bakarrik izango elizarentzako finantzazio iturri berria aurkitzea, baizik eta eliza bera gizartetik, errealitatetik hurbilago ipintzea. Zenbait arkitektura kritikoek aipatu duten bezala, lan honetan Moneok ezin izan du gehiago esan hain elementu gutxi erabiliz.