Udalak

Ibero

Herriaren zonalde garaian "El Fuerte" edota "El Palacio" izenekin ezagututako erdi-aroko eraikina ikus daiteke. Oinplano itxia du, barla baten inguruan altxatutako lau hegalekin, Nafarroan zehar, batez ere iparraldeko erdialdean, oso hedatua dagoen tipologia jarraituz.

Hala ere, jatorrizko dorre hau handiagotu zuten XV. mendean bertan edota XVI. mende hasieran, garai honetakoa delako ondoan dagoen egoitza-atal baxuan dagoen atea. Hamabost dobela luze dituen erdi puntuko arku bat da, kanabera-erdiko moldura batekin harian, eta armarri batekin giltzarrian. Bigarren solairuan bi leiho bikoitz daude, erdi puntuko bi arkutxoez osatuak, ateraren garaikideak eta tailer berberak egina ziur aski, moldura mota berdina dutelako.

Errepidearen bihurgune baten ondoan etxetzar bat dago, oinplano errektangeluar luzearekin, aurrealdea alde motz batean, bi solairu gehi atikoa eta bi isurialdeko teilatuarekin. Murruak harlankaitzaz egina doaz, aurrealdean harlanduxka hobeagoa ikusten bada ere. Leihoak zuzenak dira, harrizko karel molduratuekin, eta sarrera hari molduratuko erdi puntuko arku bat da. Giltzarrian IHS Jesusen anagrama dago, eta marmolezko xafla batetan honako hau irakur daiteke: EN ESTE PUEBLO NACIÓ/ EL EXMO. SEÑOR GENERAL CARLISTA/ D. NICOLÁS OLLO Y VIDAURRETA/ EL 6 DE DICIEMBRE DE 1816/ EN ESTA CASA VIVIÓ Y DE ELLA SALIÓ AL CAMPO DEL HONOR/ DONDE MURIÓ DEFENDIENDO LA BANDERA/ DE DIOS PATRIA Y REY/ EL 29 DE MARZO DE 1874/ DEDICAN ESTE HOMENAJE A SU MEMORIA/ LOS CARLISTAS DE NAVARRA/ JUNIO DE 1912.

Aipatutako etxe horretatik San Joan kalea abiatzen da, bere hasierako atalean plaza luze bat bada ere. Bertan dauden etxeak hiru solairukoak dira, luzitu gabeko murruekin ia beti, eta bi isurialdeko teilatuekin. Etxe batek, ateburu dobelatu batekin, armarri errokoko bat erakusten du gainean, moldura errektangeluar batez inguratua. Geroago, antzeko atea duen beste etxe bat dago, eta erdi puntuko arku batez irekitzen den hirugarren bat. Plazaren pareko espaloian oso eraldatuta dauden eraikinak ikus daitezke, antzeko formatua duten arren. Horietako batek hiru solairu ditu, ate dintelatu dotore batekin irekitzen delarik.

Elizaren ondoan oinplano errektangeluar luzea eta garapen horizontaleko etxea dago, murru luzituekin eta harlanduzko kateekin izkinetan eta baoen markoetan, eta bi solairuekin gehi ganbara. Beheko solairuan hari molduratuko eta dobela luzeak dituen erdi puntuko arkua irekitzen da. Arku hau moztuta dago aurrealde guztia zeharkatzen duen balkoi batekin, lau ate zuzenekin. Goialdean lau argizulo daude, ganbarari argiztapena emateko, eta armarri errokoko bat ere ikus daiteke, arrokaiez osatutako apaindura aberatsarekin. Elizaren atzean beste etxetzar exentu bat dago, oinplano karratuarekin, hiru solairu gehi lau isurialdeko teilatua. Hormak luzituak doaz, harlanduzko kateekin hormoinean, izkinetan, baoen markoetan eta atearen inguruan dagoen hormatal zabal batean. Leihoak zuzenak dira, harrizko karel molduratuekin solairu noblean, eta atea hari molduratuko eta dobela motzak dituen erdi puntuko arkua da. Gertu, arestian eraldatutako etxe batzek antzeko ezaugarriak ditu.

Herriaren zonalde baxuan formatu handiko etxetzar bat ikus daiteke, oinplano karratuarekin eta hiru solairu, eta oso eraldatua izan den arren, XVIII. mendeko ate zorrotza kontserbatu du. Herriaren gainontzeko etxeek errepikatzen dituzte dagoeneko aipatutako ezaugarriak, gutxi gora behera, eta horietako batetan Yániz leinu zaharraren armarria ikus daiteke. Nabarmendu dezakegu, behar bada, oinplano luzeko etxe zahar bat, harlankaitzaz eginiko murruekin eta arku gotiko zorrotz batekin. Eraikinaren goiko solairuan terraza bat ireki dute, etxearen jatorrizko izaera desitxuratuz, mutur batean dorre antzeko bat eraiki dutelarik. Parean, erdi-aroko dorre bat dago. Hurbil dauden Izu edota Artazkotz bezalako herrietan dauden dorreen eredua jarraitzen du, oinplano errektangeluarrarekin, harlankaitza itunduaz eginiko hormekin, eta lau solairu gehi lau isurialdeko teilatuarekin. Leiho orijinal bat erakusten du, leihoburu zuzen batekin, non erdi puntuko bi arku landu dituzten, leiho bikoitzen estetika imitatuz. Goialdean mentsula abozelatuen gaineko harrizko erlaitza bikoitza ikus daiteke. Hasiera batetan, ziur aski, dorrearen perimetro osotik zihoan, gaur egun zati nabarmenak galdu direlarik. Dorreari atxikia beste etxe bat dago, bi solairuekin gehi ganbararekin. Leiho zuzenak ditu, eta erdi puntuko atea.

  • Baselizak

Testu zaharretan bost ermita aipatzen dira, gutxienez, herri honetan, hala nola San Andres, San Pedro, San Martin, San Bartolome eta Santo Tomas. Gaur egun ez da baselizen arrastorik gelditzen.

  • San Pedroren eliza zaharra

Muino baten gainean dago, hirigunetik zertxobait aparte, eta aspaldian hondatu zen. Perimetro-hormak, estalkirik gabe, Iberoko gaur egungo hilerriaren hesi bezala erabiltzen dira. Eliza zahar hau XV. mendean edo hurrengo mendearen lehen erdialdean eraiki zen, estilo gotikoan oraindik. Lau tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, eta burualdeak hiru hormataleko oinplano poligonala du. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean eta bi kontrahormen artean irekia. Sakonera gutxiko bi kaperek, presbiterioaren aurreko tarteunean atxikiak, transeptu motz bezala funtzionatzen dute.

Murruak harlanduez egina daude, goiko zati guztia galdu den arren, beste zehaztasun batzuk ezabatuz. Alboko kaperetan tertzeletezko gangak zeuden, eta nerbioak murruetan sartutako mentsula konikoetan amaitzen ziren, bultzadak perimetro-hormetara transmititzeko.

Oraindik kontserbatzen da elizaren jatorrizko atea. Zorrotza eta abozinatua da, profil bereko lau arkiboltekin, gehi kanpotik doan euri-babes moduko moldura bat. Arkiboltak dekoraziorik gabeko kapitelak dituzten zutabetxoen gainean doaz. Tinpano moduko bat du, non erdi-puntuko arku bat landu duten. Eliza honen altzariak eta hornidura liturgikoa eraman zuten aspaldian, baina Ebanjelioaren aldeko murruan oraindik ikus daiteke, berrerabilia, harrizko sarkofago erromatar bat, bi isurialdeko estalkiarekin.

  • Jasokundearen parrokia berria

Eliza berria XIX. mende hasieran eraiki omen zen, gertaera batzuk suertatu ondoren, Manuel Larrondok eta Antonio Aloyk aurkeztutako proiektuak atzera bota zituztelako, eta hirugarren proiektu bat, Ventura Rodríguez ospetsuak sinatua eta Ángel Santos Ochandáteguik burutua, ibaiaren uholde batek hondatu zuelako. Azkenean, laugarren proiektua aurrera atera zen, estilo neoklasikoan eta José de Armendárizek egina. Oinplanoa gurutze latinokoa da, espazio-banaketarik gabeko habearte bakarrekoa, transeptua oinplanoa nabarmentzen den bitartean. Burualdea zuzena da. Sarrera oinetako murruan irekia dago, eta alboetan bi gela zirkular ditu, horietako batetan gainean dagoen dorrera igotzeko eskailera kiribila dagoelarik. Epistolaren aldeko murruan koru jasora igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena ikus daiteke, pareko murruan hiru arku dituen aterpe bat dagoen bitartean. Sakristiari dagokionez, burualdearen Epistolaren aldeko murruari atxikitako oinplano errektangeluar zuzena duen gela da.

Murruak harlanduxkaz egina doaz, eta barnealdean luzituak daude. Barnealdeari behar bezalako argiztapena emateko bi leiho termalak daude albo bakoitzean, transeptuaren besoetan eta aurreko bi tarteuneetan hain zuzen ere.

Habeartea tradizio barrokoko lunetazko ganga batekin estalita doa. Transeptuaren bi besoek eta burualdeak kanoi-gangak jaso zituzten bitartean. Kruzeroan kupula beheratu bat ikus daiteke, eta arku toralak pilastren gainean doaz. Petxinetan lau Ebanjelariak margotu zituzten, kokapen klasiko bat jarraituz. Gangaren azpitik, bestalde, elizaren barruko perimetro guztian zehar doan inposta molduratu bat dago. Sakristian, azkenik, kanoi-gangako tamaina ezberdineko bi tarteune daude.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen oinetan altxatzen da. Fustea zabalera eta altuera beherakorra duten hiru ataletan banatua dago. Erlaitza molduratuekin bereizita doaz, eta goialdean kanpaiak kokatzeko baoak daude, gehi harrizko balaustrada duen terraza bat, piramideekin eta bolekin apaindua. Dorrearen azpian elizaren sarrera nagusia dago, ate dintelatu sinple bat, zerrenda lau batekin markoztatua. Lehen aipatu bezala, Ebanjelioaren aldeko murruan aterpe bat ikus daiteke. Adreiluz egina dago, eta aurretik harrizko pilareen gainean doazen erdi puntuko bi arkuekin irekia dago, albo batetan hirugarren arku bat dagoelarik. Aterpearen barruan elizaren beste ate bat dago, transeptuaren iparraldeko besoan irekia.

Barnealdean, presbiterioan eliza zaharretik ekarritako erretaula nagusia dago. Erromanista berantiarra da, eta Pablo de Aguirrek, Juan de las Herasek eta Juan de Iberok burutu zuten, XVII. mendearen lehen erdialdean. Arkitekturari dagokionez, bankua du, hiru kaleko eta bi kalearteko bi atal, eta egitura bereko atikoa, frontoi makurrekin. Zutabe korintoarrekin antolatua dago, eta sagrario erromanista bat kontserbatzen du. Ikonografiari dagokionez, mukulu biribileko eskulturak ditu erdiko kalean eta kalearteetan, gainontzekoetan erliebeak dauden bitartean. Bankuan Azken Afaria, Ikuzketa, Baratzeko Otoitza eta Kristoren Atxiloketa daude, santuen irudiekin txandakatuta, hala nola Santa Luzia, San Lukas, San Joan Ebanjelaria, San Markos, San Mateo eta Santa Barbara. Lehen atalean Deikundearen erliebea ikus daiteke, San Juan Bataiatzailea eta San Antonio Abadea, mukulu biribilekoak biak, eta Ama Birjinaren Ikustaldia, erliebez. Gainean friso mehe bat dago, Bertute Kardinalekin eta Eliza Latinoaren Gurasoekin, Michelangelo Buonarrottik Medizitarren kaperetan ezarri zuen ereduaren modura etzanda. Goiko atalean Deikundea, San Pedro, Jasokundearen irudi titularra, San Pablo eta Epifania daude. Atikoan, azkenik, Kalbarioa ikus daiteke, gehi San Fermin, San Saturnino eta beste bi santu martiri. Eskulturaren kalitatea ona da, eta Errenazimenduko eredu nobleenak jarraitzen ditu, polikromia kalitatez okerragoa den bitartean.

Ebanjelioaren aldeko murruan Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren erretaula dago. Estilo barroko goiztiarrean egin zuten, XVII. mendean. Bankua du, gehi nitxo bat duen atal bakarra eta frontoi makurra. Gertu, San Pedroren mukulu biribileko eskultura barroko bat dago, baita Ama Birjina eta Haurraren irudi erromanikoa ere, XII. mendekoa, Haurra garai erromanistan gehitu zuten arren.

Epistolaren aldeko murruan Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula ikus daiteke, XVIII. mendekoa eta barrokoa. Bankua du, atal bakarra eta dekorazio aberatseko frontoia, eta irudi gehienak berrerabili izan dituzte. Aipatu dezakegu Arrosarioko Ama Birjinaren eskultura erromanista berantiarra, Santa Luzia eta Santa Katalinaren eskulturak, XVI. mendekoak biak, eta San Antonio eta Haurraren irudi modernoa. Gertu, San Jose eta Haurraren eskultura barrokoa dago, baita San Frantzisko Xabierkoaren eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudi modernoak ere. Atearen ondoan ur bedeinkatuko ponte bat dago, XVI. mendekoa. Harroin prismatikoa du, errosetekin apaindua, eta aingeruen buruekin dekoratutako katilua.

Korupean erdi-aroko bataio-ponte bat dago. Fuste motz zilindrikoa du, palmetekin eta bolekin apaindutako kapitela, eta katilu molduratu bat. Gertu, Gurutziltzatu erromanista bat ikus daiteke, XVII. mendearen lehen erdialdean egina. Hilik dago, albo batetara alderatutako buruarekin, karantza zorrotzekin eta zuzenki irudikatutako anatomiarekin, espresiboa eta nahiko argala. Sakristian, azkenik, zilargintza-pieza batzuk gordetzen dira.

  • ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko doktore-tesia.
  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 435-436 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 54, 134, 135, 137 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 427-433 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 119 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 121 orr.

JAS 2009