Pintoreak

Ibarrola Goicoechea, Agustín

Pintore eta eskultorea. Basauri, 1930eko abuztuak 18.

Langile-familia batean jaio zen eta artearekin lotutako lehen prestakuntza Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan jaso zuen. 1948an, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen zuen beka bati esker, Madrilera jo zuen. Han Daniel Vazquez Diaz izan zuen ikaskide. Haren lantegian ikasle zela, lehen urratsak eman zituen kubismo arloan.

1950eko hastapenean Jorge Oteiza ezagutu zuen. Hark konstruktibismoari zegokion espazioaren kontzeptua erakutsi zion eta, horrez gain, sormen artistiko kolektiboaren ikuspegia eskaini, hots, artista ugariren eta arte askoren partaidetza eskatzen duen sormen artistikoa. Jorge Oteizaren eragina erabakigarria izan zen Ibarrolaren obran.

1956an Parisera mugitu zen. Han beste artista espainiar batzuekin batera (Jose Duarte, Angel Duarte eta Jose Serrano) "Equipo 57" sortu zuen. Talde horrekin ikerketa-lan handia gauzatu zuen, formalki ildo abstraktu eta geometriko batean islatu zena. Teorikoki, berriz, artearen geroari eta artistak gizartean duen egitekoari buruzko hainbat manifestu eta artikulu izan ziren ikerketaren ondorio.

Garai horretan, era berean, Jose Ortega ezagutu zuen. Hark grabatuaren teknika ikusarazi zion eta horren ildotik Estampa Popular mugimenduan murgildu zen. Hala, Estampa Popular de Vizcaya sortu zuen. Bertan Ibarrolak bere gizarte arloko kezkak azaldu zituen eta landa- eta hiri-langilearen eta jazarpen frankistaren gaiak jorratu zituen, krudeltasun osoz.

Alderdi Komunistako kide izan zen eta bere militantziaren ondorioz, langile-borrokan eta erregimen frankistaren aurkako oposizioan parte hartu zuen 60eko hamarkadan zehar. Arrazoi hori dela medio espetxeratu egin zuten 1962an eta baita beranduago, 1967an ere.

80eko hamarkadaz geroztik Kortezubiko bere baserrian ezkutatu zen eta bere obra ezagunenetakoa lantzen hasi zen: Omako Basoa (1986-1991). Bere bizilekutik hurbil, pintoreak hainbat irudi egin zituen pinuetan, bide ezberdinetan zehar aurrera egin ahala forma hartzen doazenak. Forma horiek enbor ezberdinetan egindako trazu txikien bidez erkatzen dira, horrela, zuhaitz-lerro ezberdinetan marraztutako zantzuen bidez ikuspegi berezia sortzen da. Natura eta espazio irekietako ildo horri jarraiki, 1995ean Bosque de olmos edo Bosque Encantado obran murgildu zen, Salamancako Zubi Erromatarraren alboan. Obra hori egiteko, hildako hainbat zumar tailatu eta pintatu zituen eta Salamancako Unibertsitateko Arte Ederretako ikasleen lankidetza ukan zuen.

Aldi berean, Ibarrolak esperimentatzen jarraitu zuen eta formatu handiko obrak egin zituen, trenbide-trabesak, hormigoia, papera edota burdina erabiliz: Abantoko geltokian (Bilbo) Viaje al Infinito obra lekutzen da; 1986-1987 bitartean Ola a ritmo de txalaparta sortu zuen (Chamartin geltokia, Madril); 1996an El Bosque de Totems obra burutu zuen. Azken hori egiteko 50 trenbide-trabes paratu zituen hormigoizko blokeen gainean. Obra, Madrileko Pio Printzearen geltokian kokatzen da.

Bere azken lanetako bat Cubos de la Memoria izan zen. Bertan Ibarrolak egintza artistikoa burutu zuen, horretarako, Llaneseko arrantza-portuaren defentsa modura eraikitako harri-lubeta osatzen duten hormigoizko blokeak pintatu zituen.

Agustin Ibarrolaren zenbait obrak erasoak jasan dituzte arrazoi politikoak direla medio eta berak ere mehatxuak jasan izan ditu Ermuako Foroko eta Basta ya! plataformako militante izateagatik. Gorabehera horien ondorioz, 2005ean Euskal Herria uztea erabaki zuen eta Garoza de Bracamonte lursailean lekutu zen, Avilan. Lursaila bere arte arloko adiskide eta aditu Alfredo Melgarrek utzi zion. 2010ean artistak Garoza de Avilako lursailean gauzatu nahi duen Ibarrola Fundazioa egitasmoa sortzeko beharrezko funtsak biltzen saiatu zen.

Bere ibilbide artistiko eta pertsonalari esker, hainbat sari eskuratu ditu, esaterako, Arte Ederretako Zirkuluaren Urrezko Domina (1994), Lanaren Meritu eta Aitorpenaren Domina (2001) eta Ordena eta Meritu Konstituzionalaren Domina (2003).