Iturri historikoak

Ibargüen-Cachopinen Kronika

Bizkaiko jaurerriaren inguruko kronika historikoa. Uste denez, Laredoko Garcia-Fernandez Cachopin Doktorearen semeetako bat izan zen horren egilea. Berau prestatzerakoan Zornotzako Juan Iñiguez de Ibargüen eskribauarekin batera lan egin zuen. 1588. urtearen inguruan idatzi zuten Cronica general Española y Sumaria de la Casa Vizcayna izenburupean.

Bertan azaltzen diguten istorioa, batez genealogia lantzen duen heinean, -egileen hitzetan- honi buruz hitz egiten digu: "de los reyes españoles y cassa vizcayna y sus solares". Hiru liburuk osatzen zuten eta guztira 184 koaderno ziren. Berez, hala moduz 62 besterik ez dira ezagutzen. Guregana heldu den eskuizkribuaren zati garrantzitsuena Markinako Mugartehi Etxetik ekarritako 59 koadernoak osatzen dute. Wilhelm von Humboldt-ek bertan topatu zituen lehenengo aldiz 1801. urtean. Egun Bizkaiko Foru Aldundiaren Liburutegian gordeta daude. Bestelako hiru koadernoak Lezama-Leguizamonek aurkitu zituen Madrileko Liburutegi Nazionalean eta dirudienez Juan Francisco de Hita heraldista eta armetako erregeak idatzi zituen.

Idazlan honek ez dauka gutxieneko ordena eta kronika bat baino gehiago, ordenarik material bilketa litzateke eta -Urquijok dioenez- egileek Historiaren berri eman ordez, hainbat jatorriko izkribuak bateratzen dituzte, Kantabriako "Leloren eresia" ospetsuaren hamabost kopia faltsu ere bertan ageri direlarik, eta horrexegatik da hain ezaguna Ibarguen-Cachopin Kronika. Mitxelenak eta Caro-Barojak berau aztertu zuten eta azken horrek argi esaten du bere benetako balioa folklore mailan dagoela, historiari so egin gabe. Erdi Aroaz geroztik gertatzen zen bezala historia eta genealogia kontuetan, idazlanak gauza asko eta asko handizkatu egiten ditu. Historiak kondaira eta esamesekin nahastu egiten da, etxeen jatorriari dagokionean, leku eta ohitura zaharrak nahasten dira. Adibide gisa, esan dezagun Bizkaiko antzinako lege zaharren jatorria azaltzerakoan, Noe patriarka zaharra Bizkaira etorri omen zen Tubal-ekin hitz egiteko, hau da, Bibliako aspaldiko garaietan Espainia fundatu zuen gizasemearekin hitz egitera.