Kontzeptua

Hutsa eta Betea

Ideia nagusia laburbilduz, esan dezagun euskarak hutsaren eta arintasunaren gaitzespena eta astuntasun eta betetasunaren gorazarrea erakusten dituela argi eta garbi. Honekin batera, etengabe mugitzen dena hutsa eta arintasunaren alderdian kokatzen da, eta geldirik eta aldatu gabe bertan irauten duena, astuntasunaren eta betetasunaren alderdian. Aukera ideologiko hauek, euskal kulturan erreferentzia nagusia den, Neolito garaiko nekazaritzaren bereizgarri zalantzarik gabekoak dira gainera.

Huts egin du esaten dugu, edo gauza hutsala da, edota hori hutsaren hurrengoa da, zerbaiten balio eskasa edo baliorik eza adierazteko. Norbaiten inteligentzia nabarmenki bataz bestekoaren azpitik dagoenean bete-betea ez dela esan ohi dugu, edota ganbaran zuloa edo ganbaran ittutea duela, etengabe husten ari dela, alegia.

Neolitoko nekazaritzaren eskutik datozkigu ekoitzi eta metatzeko ideiak. Hutsa eta betearena metatze ideiaren arabera sailkatzen dira semantikoki. Eta testuinguru horretan noski, hutsaren ideiak gaitzespena jasotzen du. Horregatik hain zuzen, ontzi hutsen izenak erabili ohi ditu euskarak irain egiteko: Kaiku, tontolapiko edo olopoto esaten dugu "ergela" adierazteko, esate baterako.

Metatzeko erabilitako ontzia itxia denean berriz, hutsik edo erdi hutsik dagoelarik haizea sortzen da, edo lehengo zaharrek esango luketen moduan putza. Haizea eta putzarekin loturiko euskal hiztegiak trinkotasunik eta sustantziarik gabeko bolumena adierazten du, eta metaforikoki, funtsik gabeko itxurakeria. Putza eta uzkerra elkartuta sortu zaigu puzkerra, eta horri lotu ohi diogu hitzaren kutsu itsusia, baina horren aurretik ere putza gaitzesgarri izan ohi da, aipatu dugun esanahiarekin: haizea baino ez duen bolumena eta metaforikoki, funtsik gabeko itxurakeria. Harroputza hitzak esate baterako bere bi osagarriekin adierazten digu ideia bera, harro horrek ere horixe esan nahi baitu : sustantzia gutxiz bolumen handia hartzen duen zera, txoriak lumak harrotuz berez diren baino askoz ere lodiagoak ematen dutenean bezala. Gizaki harroputza ere hori da, berez dena baino handiago eman, eta gero handitasun horretan putza baino, haizea baino, ez daukana.

Zaputza hitzak besteak beste haserrea adierazten du hiztegiari begiratu ezkero. Haserre eta kopetilun egotea da zaputzetan egotea. Baina hitzaren azterketa egin ezkero, zaha-putza dagoela pentsa daiteke, hutsik dagoen zahagi edo zahatoak egin ohi duen putza. Horren esanahi jatorra gaurko bafada litzateke, gaztelerazko resoplido alegia, eta bertan elkartuko lirateke batetik adiera "fonetikoa" (putzaren hotsa ia berdina baita zahagiak egin edo haserre dagoenak egin) eta metaforikoa, zaputzak halako konotazio "funtsik gabea" duelako (baitako haserrealdia eta haratagoko ondoriorik gabea adierazten du; zaputzaldia, inoiz eraso edo oldartzerik sor arazten ez duen haserrealdi mota da).

Putzaren antzeko dira hein honetan eztula edo zintza. Horrek ez du zintza bat balio esaten dugu zerbait gutxiesteko eta kontrakoa adierazteko berriz, zerbait garrantzitsua dela adierazteko, alegia, ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula esan ohi da.

Esanahi eta eskema bereko dira haizeputz, haizeburu edota zorohaize bezalako esamoldeak. Guztiak dira gaitzesgarriak eta guztien azpian dago funtsik gabeko itxurakeria, erokeria eta handinahikeriaren ideia bera. Sarritan gainera gaitzespena fonetikoki azpimarratzeko x topatzen dugu z ordez (txoroaixia).

Azterketa honen emaitzek erakusten digute zeinen urrun dagoen garai bateko euskaldunen huts kontzeptua zenbait "ikerketa estetikoren" proposamenetatik. Neolito garaitik honantz behinik behin, euskaldunen gogoan hutsak ez du konnotazio gaitzesgarririk baino izan, eta arte hizkeran esan ohi den horror vacui bakarra euskaldun haiei zegokienez, tripa hutsaren beldurra izan da. Zahi hutsetik hasita zahagi hutseraino, ekoizpenetik metaketaraino, hutsa gosearen sinonimoa izan ohi da: ezin gaitzesgarriagoa beraz. Eta horren ondorioz euskaldunen mundu sinbolikoan ere hutsa, putza eta haizea mami edo funtsik gabeko itxura adierazi ohi du. Agian aipatu ikerketa estetikoek Neolito hurbila baino askoz ere urrunago garamatza astian atzera, aspaldiko Paleolitora, gainerako diziplinak iritsi ezin direnez edozer esateko dena libre dagoen alorrera. Halere garai hartako Venus-ak hortxe daude, Paleolito garaikoak ere hutsa baino mamia nahiago bide zutela adieraziz.

Halaber erakusten digute nola gertatzen diren oharkabeko lerratze ideologikoak. Euskal Herrian ideologikoki nolabaiteko etnizismotik hurbilen dauden sektoreek gaur egun haizeari kantatzen diote elementu poetiko gisa eta gorpuak erraustu eta hautsak haizeari eman, gauza hauek, haiek atxiki nahi lituzkeen balio eta ideologiatik zeinen urrunduta dauden ohartu gabe.

Ezingo nuke esan hurrena aipatuko dudana aurrekoarekin lotuta ote dagoen. Jatorri ideologiko berekoa ote den alegia. Baina zalantzarik gabe ideia batek bestera eramaten du. Hutsa/Putza/Haizea vs. Betea, trinkoa, pisua, mamitsua oposaketa ikusita, ezin gogora ez ekarri hainbat arlotan garrantzi handia duen lurra vs. ura oposaketa ideologiko eta sinbolikoa.

Euskal mitologiaren azterketa ideologikoa egiterakoan garbi azaltzen da haren araberako izatea izate topologikoa dela izate antropologikoa baino. (Ikus Ontologia). Sinple esateko, pertsonak ez gara eta lekuak badira. Edo zehazkiago agian, gizakiak bigarren mailako izate baten jabe gara, baina egiazko izatea, lehen mailakoa, lekuei dagokiena da. Gizakiak mundu honetan jaio eta hil egiten gara. Mundua berriz, bere mendi, haran, leize, magal, muino eta abarrekin, hura betiko da, beti egon da hor eta beti izango da bertan guk alde egin eta gero ere. Gaur jakin badakigu ez dela horrela eta beste eskalan bada ere natura bera ere etengabeko aldaketan bizi dela, baina Neolito garaiko euskaldunek aipatu moduan bereizi ohi zituen gizakiaren izatea eta inguruko paisaiarena. Eta lehen mailako izana duten horiei izena eman zien eta bigarren mailakoa dutenak berriz aurrekoen arabera izendatu zituen. Eta honela izan da duela 300 bat urte arte. Gizakiak etxearen izena hartu ohi du eta etxeak berriz bera dagoen orubearena. Baina ez gizakiak bakarrik: Jentilek ere, Sanson edo Errolan bezalako izen berrien sarkeriak tarteka gertatu badira ere, ez dute izenik, lehen mailako izanik ez dutelako hilkorrak diren ezkero, eta bizi diren lekuko izenaz deritzete: Leizadiko jentilak edo Arraztarango mairuak dira. Nonbaitekoak dira. Ez nor.

Izatea garesti dela eta edozeri ez zaiola ematen gogoeta eginez gero, elementu berri garrantzitsua dakarkigu plazara, gogoeta berri zenbait ia bat batean ager arazten dituena. Orain erreparatuko dioguna ibaien kontua da. Zer izate mota dute erreka eta ibaiek euskal ideologia tradizionalean? Izena merezi duen izaterik ba al dute?

Galderak badu bere garrantzia, besteak beste Europako hidronimian (ibaien izenean) oinarrituta euskal antzeko geruza zahar baten bila abiatu direlako zenbait, hautsak franko harrotuz.

Izateari buruz gorago egin diren gogoetei begiratu ezkero, ez du ematen erreka eta ibaien izanak izena merezi izateko balioko zienik euskaldunen ideologia neolitikoan. Ibaia, goitik behera doan ura baino ez da. Eta gainera ez da ur bera beti. Gu ohituta gaude ibaiek izena izatearekin, izen propioa alegia, baina ibai bati izen propioa ezartzea ez da naturala: aukera kulturala da. Aipatu ideologia neolitikoaren arabera ibaiaren izanari egonkortasuna falta zaiola iritziko lekioke, eta ez duela beraz izen propiorik merezi.

Toponimiari begiratu bat eman ezkero, inpresio hori berehala indartzen da. Eta alde askotarik gainera. Batetik euskal herritik hurbil fosildurik geratutako hainbat toponimo: rio baya eta honelakoak. Bestetik gure hiztegia, toponimia eta onomastika. Baina honi heldu aurretik hiztegiari behartu txiki bat eman behar zaio, arina bada ere.

Ibaia eta erreka dira bizirik dauden izenak menditik itsasora doan ur korrontea adierazteko. Hauetaz gain hiztegiak jasotzen du beste izen bat, latsa, hizkera arruntetik jausi bada ere oraindik tradizio literarioan gorde dena. Eta toponimiaren laguntzaz oraindik ahanzturaren putzutik atera daitezkeen beste bi ere badira: Aratza eta ikutza. Bi hauen esanahia, garbitzeko ekintza adierazteko euskarak erabili ohi duen bideak erakusten digu. Izan ere arropa garbitzeari bogada latsatu esan ohi zaio, oraindik Barandiaranek XX. mende erdialdean jaso zuenaren arabera. Latsatu esan ohi zaio arropa garbitzeari, bai eta latsan ez, baizik eta herriko iturrian garbitzen zenean, hitzak halako balio orokorra hartzen duelako, garbitasuna non egiten den aintzakotzat hartu gabe, jatorria latsan duen arren. Horrekin paralelismoa eginez, latsatu-ren sinonimo diren araztu eta ikutzi , aratz-ean eta ikutz-ean sorturikotzat jo daitezke. Toponimiak eta onomastikak onetsi egiten dute hipotesia.

Bada gure paisaia, lasto erreka,eta aratz erreka bezalako toponimoz beteta dugu, alegia, ibaiari ibaia eta errekari erreka deitzen dioten toponimoz beteta. Erreka eta ibaiei izen propioa jartzen ote zitzaien zalantzan jartzera bultzatzen gaituztenak.

Indoeuropar kulturak euskalduna kutsatu duenean berriz, ibaiei izena jarri behar eta, orduan zalantzak. Batzuetan erdal izena onartu da, inguru ezin euskaldunagoan dagoen Deva horrek erakusten duen modura. Behar bezalako estatistika bat prestatu gabe ere, euskal hidronimian toponimia orokorrean baina erdal kutsu handiagoa dagoela esan daiteke. Bestetik, izen euskaldun bat jarri behar denean badirudi zalantzak daudela zer izen jarri. Oria izenak, esate baterako, ibai izen euskalduna izan arren "kanala" baino ez du esan nahi (hodia, izen arrunta beraz hau ere), eta noski Urola bailaran ere ageri da. Oria ibaiarekin jarraituz, Tolosan Nafarroako lurretatik isurtzen zaizkion bi ibaiei dagokienez, Aralarko urak biltzen dituen Araxes horrek aratz-etik hartzen du izena, eta Beotibargo bailaran behera datorrena berriz, jendea ez zen izenaz ados jartzen duela urte gutxi Tolosan errotulazioak egin ziren garaian...

Ibaiari "ibaia" eta errekari "erreka" esan ohi zaiela egia da, baina agian beste hipotesi batek hobeki argi dezake ibai eta errekak izendatzeko modua. Hernaniko Jatetxe ospetsu baten izenak erakusten du lorratza: Epeleko Etxeberri deritza, eta aldamenetik igarotzen den ibaiak gizakiek egindako igerilekua dirudi, hain dira geldiak urak une horretan. Horrek iradokitzen du epela izenak, tenperaturari dagokion adieraz beste, hiztegiak ez dakarren bigarren adiera ere izan dezakeela, gaztelerazko remanso alegia. Honekin loturik pentsa daiteke, hutsa, arintasuna eta egonkaiztasuna ideologikoki gaitzesten dituen Neolito garaiko pentsakera horretan, ez direla benetan ibaiak, ibai moduan, izendatzen direnak, ez izen propioz ez eta izen arruntaz ere, baizik eta ur korronte horrek une bakoitzean duen itxuraren araberakoa dela hidronimia. Alegia, ez dago batasunik hidronimian aurrena Berastegitik eta gero beherago Berrobitik igarotzen den ibaia izendatzeko, ibai delako hori ez delako gauza bat eta beratzat jotzen. Ez du izaterik eta beraz ez du izenik. Ura baino ez da, goitik behera doan ura. Euskal ibai eta erreken izenek adieraziko luketena zera da, urak une bakoitzean hartzen duen itxura: lasterragoa, motelagoa, handiagoa, azalekoagoa, jauzika ala jauzirik gabe doana, e.a. Latsa, ikutza, aratza, epela, ur korrontearen ezaugarrien araberako izenak izango lirateke.