Jaialdiak-Ekimenak

Hondarribiko alardea

Egitura koreografikoa Irungoaren ia berdina da, aldaketa formalen gainetik. Irunen baino are nabarmenagoa da konpainietako txilibitu eta danborren ugaria, batzuetan eskopetariena baino are gehiago, bai eta umeen presentzia ere. Errepertorio musikala joria da; baina ttittibilitti onomatopeiaz ezagutzen dena nagusitzen da: Irungoaren oso antzekoa, Euskal Herrian hedatutako kalejira baten aldaera da. Janzkeran, Irunen bezala, auzoetako konpainietan zuria (galtzak, alkandora, espartinak) gorria (txapela, gerrikoa, gorbata, lepoko zapia) eta beltza (txaketa) nagusitu arren, arrantzale jatorriko konpainietan txaketarik eta gorbatarik ez eta beste koloreak ere (atorra gorria, urdin argia, urdin iluna...) agertzen dira.

Alarde

Hondarribiko Alardea XIX. mendearen erdialdetik aurrera etengabe eraberritu -osagai koreografiko berriak gehitu, beste batzuk baztertu...- den errito konplexu samarra da, balio sozialekin batera eboluzionatu duena, komunitatearen "nor den nor" delakoa agertzen duen heinean. Arrantzaleak, kaletarrak (alde historikokoak), baserritarrak, udatiarrak... komunitate osoa agertzen zen irudikatua, modu idealean betiere: adibidez, arrantzale konpainietako gehienak ez dira arrantzaleak aspalditik, eta ia jendez hustutako mendialdeko auzo batek parte hartzeari utzi eta hamasei urte geroago hango baserrietakoen ondorengoek berriro osatu dute konpainia.

Emakumea, berriz, kantinerak ordezkatzen zuen; hau da, gizon talde txikiek bizitzan behin (behiala maizago, hautagairik ezean) hautatutako emakumezko ezkongabeak. Konpainian itzala dutenen familiakoa izan ohi da. Hamarkadetan gutxietsiriko postua izanda ere, urteen poderioz ospea eta prestigioa irabazitako rola da.