Kontzeptua

Hileta-arotzak

Familian batean norbait hiltzen denean hileta-zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batera jotzen da. Baliteke, gainera, horrelako batekin asegurua izatea, sortu ohi diren arazo ugariak konpontzeko (hilkutxa, koroa, oroigarriak, eskelak, tanatorioa, erraustea edo hilobiratzea, besteak beste).

Duela gutxi samar arte, eta hamarkada askoan zehar, prestazio hauetako asko hileta-arotz esaten diegunen eginkizuna ziren, bere zerbitzuak eskaini dituzte eta Euskal Herriko hiri eta herri nagusi guztietan.

Jarduera honetako eskulangile ezagunenetako bat, Goierrin batez ere, Mateo Oiarbide Aranburu izan zen. Mateo 1903an jaio zen, Beasaingo Zuntzunegi baserrian, eta 2001ean hil. Arotz lanetan aritzen zen eta, garai hartan ohi zen moduan, era askotako lanak egiten zituen. Lanbidean Ignacio Oiarbide Erro semea (Beasain, 1945) izan zuen ondorengo; hau ere joan zen ematen zituzten zerbitzuak eskaeraren eskakizun aldakorretara egokitzen. Iñaki Oiarbide Aroztegik (1976), aurrekoen biloba eta semea bera, familiaren enpresaren lekukoa hartu zuen eskualdeko tanatorioan zerbitzuak eskaintzen dituen Funeraria Oyarbide deituan.

Azpimarratzekoa da 1940an hasi zirela jada hilkutxa "ingelesak" erosten; hauek ilunak dira, landuak, lixatuak eta ertz borobildukoak. Haurrentzakoak ere, hauen kasuan loria meza esan ohi zen, orduan hasi ziren. 1962an martxan jarri zuten garai hartako lehen, bigarren eta hirugarren mailako hileta-elizkizunetara, beti goizez egiten ziren haietara, hilkutxa eramateko lehen automobila, eta berrikuntzek gaur egun arte segitu dute.

Hilkutxa egiteko lana aroztegian egiten zuten. Eskulangileak zurezko oholak erosten zituen, pinu-zurezkoak normalean, eta gaztainazkoak batzuetan; ondoren behar ziren neurrietan mozten zituen, betiere hildakoaren ezaugarriak, esaterako gorpuzkera, harturik aintzat. Hilkutxaren forma irregularra zela eta, izan ere aurrealdean zabalago eta garaiagoa baitzen, burua burko baten gainean jarri ahal izateko, zatiak zertzelada horietara egokituz kolatu eta mihiztatu behar ziren.

Hurrengo lana hilkutxa barnea satin distiratsuzko ehun batez forratzea zen, eta lits batzuk ateratzen zizkioten, hurrena kolore ilunez bernizatzen segitzeko. Hilkutxa guztiek helduleku ken-ezargarriak zeramatzaten, hilerrian berreskuratu ahal izateko. Haurren kutxak eta andak zuriak ziren, eta kasuren batean urre kolorekoak.

Horrelako lanetan aroztegi bateko ohiko lanabesak izaten ziren, hala nola esku-zerrak, kurrikak, mailuak, mazoak eta arotz-mailuak, arraspak, garlopak, birabarkiak, gubiak eta hortz edo xaflak, eta baita lixak ere besteak beste, betiere hainbat mota eta neurritakoak.

1930 inguruan hilkutxak Rivadavian (Galizia) erosten hasi zen. Hauek batzuetan landuta etortzen ziren, eta goiko tapako beira jarrita.

Bizilagun baten heriotza, batez ere biztanle gutxiko herrietan, oso oihartzun handiko albistea izaten zen, herrian bertan batez ere, are oihartzun handiagokoa espero gabekoa bazen. Elizako kanpaiak ematen zion jendeari heriotzaren berri, eta toki askotan gizonezkoa, emakumezkoa edo haurra zen ere adierazten zuen. Hileta-arotzari berehala ematen bazioten ere gertatuaren berri, batzuetan hil kanpaia lehenago iristen zen.

Hileta-arotzak egin ohi zituen lanak askotarikoak ziren. Batzuk aipatzearren, hildakoa lurperatzeko erabiliko zen hilkutxa egitea, eta baita andak egitea ere; hauek zurezko bi barra horizontal eta paralelo izaten ziren, eta gainean jartzen zuten hilkutxa, uhal batzuen bidez behar bezala lotua, sarritan zailak izaten ziren gorputz-bideetan barrena baserrietatik hileta-eginkizunak egin behar zituzten elizaraino edo hilerriraino iristearren.

Hil-kapera prestatzea ere egokitu ohi zitzaien, eta horretarako zutargiak, kandelak eta loreak jartzen zituzten. Era berean, sarritan beztitzaileei laguntzen zieten, hau da, gorpua janzten zutenei. Eta kutxa mugitzen zutenean hildakoaren senideek edo lagunek eskuz heltzeko zerrendak ere jarri behar zituzten hilkutxa gainean. Dokumentazioa ere prestatzen zuten, esaterako mediku-ziurtagiriak edo epaitegiek eskatutakoak. Eta hilkutxa gainean ontzi bat, ur bedeinkatua zuela, erramua eta isipu bat jartzen zituzten.

Hileta-zerbitzuetan espezializatutako arotzak, oro har, oso estimu handikoak izan dira gure herrialdean. Une bereziki mingarri eta gogorretan familiekin batera egote hori beti errespetuaren eta laguntasunaren bidetik eraman da.

Hileta-arotzen lanbidea gizarte antolaketaren modu berriek desagertzera eraman zuten lanbideetako beste bat da