Kontzeptua

Hartza

Zuberoako Maskaradako pertsonaia. XX. mendearen hasieran galduta zegoen, nahiz eta, geroztik, Maskaradaren batetan ikusi ahal izan den.

Haren funtzioa Artzaina eta Axuriekin batera egiten zuen eta Maskaradaren taldean hasierako lekuetan omen zeuden, Txerreroaren atzean.

Artzainak haren ofizioaren arabera janzten zen, zorroa eta makilarekin, eta bizkarrean aizkora bat zeraman; haren ondoan zebiltzan Axuriak bi mutiko ziren, zuriz jantzita, axuri larruekin; Hartza, berriz, Axurien atzetik zihoan, ahuntz larruekin jantzita.

Ez dago argi Hartza bakarrik zihoan edo ta zaindari batek eramanda, eta gai honi buruz eztabaida sortu zen egileen artean. Chahok eta Herellek egiten duten ofizioaren deskribapena, non Hartza animalia basati bezela agertzen baitzaigu, ez dator bat hezitako hartz batekin, zaindari batek eramaten duena. Hala ere, argitzeko aukerarik ez izanik, teoria biak sinesgarritzat jo behar ditugu.

Chahok dioenez, Hartzaren pertsonaia mutil oso altu eta indartsu batek egiten zuen, eta, gainera, dantzari izugarri ona zen.

Haren idazlanean, 1865. urtean argitaratuta, kapitulu oso bat eskaintzen dio pertsonaia honi, Zamaltzainari edo Buhame Jaunari ematen dien garrantzi bera emanez.

Pertsonaia honen funtzioa jakiteko Chahok egin zuen deskribapena jarraitu behar dugu; Herellek mende erdi geroago, deskribapen berean oinarritzen da.

Hartza, Artzaina eta Axiruaren funtzioaren antzezpena, Chahoren esanetan, bigarren lekuan egiten zen, Branliaren ostean eta Godaletaren aurrean, baina, Herellek aipatzen duenez, beste batzuk hasiera hasieran kokatzen zuten, Maskarada plazaratu bezain laister.

Artzaina eta Axuriak alde batetik plazaratzen dira, Hartza, bestetik. Hartza eta Artzainaren arteko borroka sortzen da, dantzatuz, keinu, eraso eta aizkora kolpeekin, Hartzak, haserretuta eta goseti, kurrinka izugarriak botatzen ditu, eta Axuriak haren erasoetatik ihes egiten dute, Artzaia haien laguntzan datorren bitartean. Azkenean, Hartza menderatuta dago eta atzera egiten du; baina, Artzainak garaipena ospatzen zuen bitartean, Axurik bat haren zaindariarengandik aldentzen da; Hartzak, zelatan zegoelarik, haren gainean jauzi, harrapatu eta harekin desagertzen da.

Denbora gutxi barru, Hartza ondoko etxe baten teilatuan agertzen da, haren anketan Axuria harrapatuta duelarik. Artzaina berehala Axuria laguntzera doa, teilatura igoz. Borroka hasten da berriro, eta honetan zehar, Axuria irristatu egiten da eta teilatutik behera erortzen da ( baina ez da mutikoa, mozorrotutako panpina baizik)

F. Badék beste amaiera ematen dio haren funtzioari ; Hartza, Buhamien tiroetatik alde eginez, azkenean Axuria askatu egiten du, eta zuhaitz batera igoten du ; handik erortzen da ehiztariek hilda.

Berezkoa den funtzio honetan parte hartzeaz gain, Chahok, pertsonaia horiek Branlian ere parte hartzen dutela dio.